Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal kulturaren milurteetako bilakaera umorez jantzi du ‘Lau bürü’ ikusgarriak

Dokumentuaren akzioak

Euskal kulturaren milurteetako bilakaera umorez jantzi du ‘Lau bürü’ ikusgarriak

Barkoxeko gazte andanak aurkeztuko du, bi emanalditan: uztailaren 6an eta agorrilaren 17an

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Barkoxe
Mota
Albistea
Data
2002/06/26

Barkoxeko Etxahun kultur elkartearen inguruan murgiltzen diren 17 eta 30 urteren arteko berrogeita hamar bat gaztek datozen uztailaren 6an eta agorrilaren 17an emango duten Lau bürü ikusgarriak Zuberoako euskal kultur adierazpen nagusiak diren maskaraden eta pastoralaren zaleak estonatuta utz ditzake. 1998. urtean Barkoxek eman zuen Herri Semeak pastoralaren idazle Patrick Keheille gazteak euskal kulturaren milurteetako bilakaera nahi izan du iruditan jarri, ezagunak diren datuak eta asmatutakoak erantsita, hiru ordu eta erdiko ikusgarri oso berezi batean.



Lau bürü izena eman zaio antzinako eta oraingo soinuak, dantzak, kantuak, jantziak eta maskarada eta pastoral zatiak elkartzen dituen ikusgai honi, zeren eta lau denboralditan moldatua baita. Lehena aitzinaroa da, eta orain dela 15.000 urte inguru gure arbasoak euskal izaera eta kulturaren jabe zirela azaldu nahi du zati honek.



Historiaurre horretatik arkeologia ikerketek emandako argibideetan oinarritu dira Patrick Keheille eta bere laguntzaile Paxkal Indo (txalaparta), Maddi Oihenart (basa ahaireak), Jean-Fabien Lexardoi eta Mixel Etxekopar (dantzak) zein Üztarok arte tailerrekoak (margolanak) euskal kulturaren lehendabiziko arnasak asmatzeko eta taulen gainean islatzeko.



Hasierako zati honetan, beraz, abere larruz jantzitako jokalariak txirula eta txalaparta jotzen edo basa ahaire eta antzinako dantzak ematen ikusiko dira oholtza gainean, argi jokoen tartean. Ikusgarriaren bigarren eta hirugarren zatiak, nolabait esatearren, akademikoagoak edo ohituagoak irudituko zaizkio beharbada ikusleari, baina hauetan ere bada zer jakiterik eta zer sentitzerik.



Zer jakiterik, zeren eta XVIII. eta XIX. mendeetako maskaraden pertsonaiak eta hauen jantziak ikusita ohartzen baita gaur egun ezagutzen ditugunetatik aski ezberdinak direla. Patrick Keheillek eta jantzien arduradun Nicole Erbinartegarai-Gamiotxipik Agosti Xaho atarraztar idazleak 1830ean argitaratu zuen liburu batean aurkitu dituzte maskaradakarien lehenagoko jantzien deskribapen zehatzak, eta haien arabera josiak izan dira, Barkoxen bertan. Oso ikusgarriak dira arropak.



Hirugarren zatiak euskal kulturaren gaur egungo egoeraz ohartarazi nahi du. Korrika gertaeraren inguruan moldatua da, bertsotan eta dantzan ari diren jokalariekin... baita Frantziako politikari ezagun Chirac, Jospin, Hue, Balladur, Pasqua, Seguin, Cohn-Bendit eta Barrek egiten duten pastoral jelkaldi xelebre baten bitartez ere!



Lau bürü-ren azken zatiak du, hargatik, Keheille eta Barkoxeko gazteen irudimen eta umore maila bete-betean agerraraziko, Zuberoako euskal kultura 2050. urtean nola egongo litzatekeen nahi izan baitute asmatu. Atal honetan, Barkoxen sarritan emandako Etxahun Koblakari pastorala gogorarazten da, baina jantzi, soinu, taula-joko eta bertsetak abesteko modu oso arraroekin.



2050eko Etxahun hezgaitza GIGNk atxilotuko du!



Nahikoa da jakitea neskek daramatzaten gona berde eta horiak zientzia-fikzio kontakizun batetik hartuta diruditela, enpresen izenekiko jantzietan langile andana bat dabilela antzezlari, ardiak arropa zuriz beztitutako jendeak direla eta Etxahun hezgaitza GIGN Jendarmeriaren ekintza talde berezikoek atxilotuko dutela azken batean... eta hori guztia pastoralaren martxak gitarra elektrikoz, bateriaz eta txanbelaz lagunduak direlarik.



Ikusgarriaren lau zatien arteko lotura, berriz, Jean-Paul Garat barkoxtar argazkilariaren diapositibek egiten dute. Ikusgarria Barkoxeko ezker pareta estalian emango da; baina, bertan ikusliar kopurua zortziehunera mugatuko denez, gomendatua da txartelak aurretik hartzea.



lau bUru, lau aro



Ikusgarria ‘Lau bürü’ deitu dute, euskal kulturaren milurteetako bilakaeraren lau denboraldiren aipaldian moldatua baita



jokalari xelebreak



Frantziako politika gizon Chirac, Jospin, Balladur, Hue, Pasqua, Seguin, Cohn-Bendit eta Barre pastoraleko jokalari dira



jantziak



Xahoren datuak eta asmakizunak



Zuberoako aitzindariak dantzari boskotearen gaur egungo jantzien azken bilakaera Napoleon Bonaparte enperadorearen agintaldi garaien ondorio izan da. Hau gehenik ageri da Kantiniersa pertsonaiean, XIX. mendean sartutakoa baita. XVIII. eta XIX. mendeetako maskaraden pertsonaiak eta euren jantziak zein ziren oso zehazki deskribatu zituen Agosti Xahok, eta hark idatzitako liburuaren arabera diseinatu eta josi dituzte barkoxtar emakumeek.



Euskal Kultura 2050. urtean laugarren zatiko jantzi zenbait, aldiz, Nicole Erbinartegarai-Gamiotxipi eta bere ingurukoen irudimen gaitasunetik sortuak dira. Etorkizuneko pastoral bateko emakume türken gona hori eta berdeek baten bat aho zabalik utz dezakete. Pastoralzale akademiko batzuen aldetik egongo da, agian, uzkurtasunik. Alta, gogoan argi eduki behar litzateke pastorala nabarmen gaurkotu dela XX. mendearen erditik aurrera, bai jantzietan bai taula jokaldietan. Maskaraden kasuan ez da horrenbeste esaten ahal, baina Lau bürü, agian, ohartarazle izango da.

Dokumentuaren akzioak