Dokumentuaren akzioak
Euskal kulturaren alde
Toota, Txarli eta hirurok geunden ez dakit zenbat aldiz jarraian Euskal Herriko txapelduna izan zen dantzariak, dantza-talde baten orria lurrera bota nuela eta, haserre antzean bota zigunean: eta zuek zer egiten duzue euskal kulturaren alde? Nik esan nahi nion irakurtzen ditudan liburuak ez ditudala euskal kulturaren alde zerbait egiteko irakurtzen; egitekotan, euskal kulturak egiten duela nire alde, mundu berriak erakusten dizkidalako, bide berriak urratzera animatzen nauelako, nire bizipenak non kokatua eskaintzen didalako.
Esan nahi nion galderak berarekin zekarrela akatsa. Edozer eginda ere, euskal kulturaren alde ari delako ari denak, hobe lukeela ertzain sartu eta ertzantzaren musika-bandan tronpeta jo. Esan nahi nion euskal kulturaren alde lan egin behar dela uste dutenen eskuetan euskal kulturak ez duela asko aurreratuko. Euskal kulturaren alde ari direnek herren uste duten kultura baten alde ari direla, herrena euren gogoa baino ez denean.
Esan nahi nion gauza bat dela euskal kulturari bere ekarria egingo dion liburu bat idaztea eta beste bat, oso desberdina, euskal kulturaren alde egiteko liburu bat idaztea. Eta Bukowskik ez zuela bere bizitza osoan estatubatuarren kulturaren alde lerro bat bera idatziko. Esan nahi nion Josu Zabala eta Xabier Montoiak talde bat egitea pentsatu zutenean, ez zutela inondik ere euskal kulturaren alde egiteko talde bat sortu, nahiz eta gerora euskal kuturak talde horri asko zor. Eta alde handia dagoela. Hori guztia esan nahi nion. Baina esan nion Hertzainak-en kantu guztiak buruz jakitea zela, Toota, Txarli eta hirurok euskal kulturaren alde egin dugun gauzarik onena. Rock n Roll Batzokian, esate baterako.
Dokumentuaren akzioak