Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal kulturak dauzkan irismen arazoak berretsi ditu Soziometroak

Dokumentuaren akzioak

Euskal kulturak dauzkan irismen arazoak berretsi ditu Soziometroak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen kultur ohiturak aztertu ditu Eusko Jaurlaritzaren 66. Soziometroak, eta euskaldunek euskal kulturarekin duten harremana erakusten dute datuek
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/05/16
Lotura
Berria

Adibide bat: euskaraz badakitela eta liburuak irakurtzen dituztela esaten dutenen artean, %28k soilik irakurtzen dituzte liburuak euskaraz sarritan. Alegia, hamarretik hiruk ere ez. Aldiz, gaztelerazko liburuak sarri irakurtzen dituzte irakurle euskaldun horien %84k. Bai, behintzat, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldunen artean. Euskaldun gehienek ez dutela euskal kulturarik kontsumitzen azaleratu zuen duela aste batzuk Elkar etxeak eta Siadeco ikerketa taldeak kultur kontsumoari buruz zazpi lurraldeetan egindako ikerketak, eta joera hori berretsi du orain Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen artean egindako kultur ohiturei buruzko 66. Soziometroak. Kasu honetan, hiru lurralde horietako 18 urtetik gorako 1.973 pertsonari egin diote inkesta etxez-etxe, eta Elkarrek ezagutarazitako ikerketaren emaitzek erakutsitako argazkiaren paretsua aurkeztu dute datuek euskal kulturari dagozkion puntuetan.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilariak aurkeztu zituen ikerketa soziologikoaren emaitzak atzo, eta jendeak kulturari balio altua aitortzen diola nabarmendu zuen lehen-lehenik. Izan ere, inkesta erantzun dutenen %57k diote kultura lehentasunezko kontua dela, eta %64k uste dute babes handiagoa merezi duela. Zupiriaren hitzetan, kultura eskuragarriago bilakatzeko nahia adierazi dute galdekatutakoen %43k, baina sortzaileek ordaina merezi dutela gogoan izan beharra aipatu zuen. Horren pedagogia egin beharra dagoela esan zuen. «Lehentasunik inon jarri behar izatekotan, jarri behar da sortzaileengan».

Euskara nabarmendu gabe

Kultur politikak mundu digitalera egokitu beharra ere aipatu zuen Zupiriak, eta kezka azaldu zuen irakurzaletasunari buruzko datuekin. Hezkuntza Sailarekin liburu zaletasuna bultzatzeko programak abian jartzeko asmoa azaldu zuen horregatik. Agerraldian, ez zuen hizkuntzaren aldagaiari buruzko aipamenik egin.

Irakurzaletasun handia azaldu dute inkesta erantzun duten %29k, eta nahiko irakurzale direla erantzun dute %28k, eta, horien guztien artean, ia erdiek irakurtzen dute egunero. Gutxiengoa dira, ordea, liburuak euskaraz irakurtzen dituztenak, eta liburuak euskaraz irakurtzen dituztenen artean, 18 eta 29 urteko adin tartean dabil bostetik bat.

Oso musikazaleak dira Soziometroari erantzun diotenen arteko %52, eta nahiko musikazaleak %29. Egunero entzuten dute musika gehienek (%67), eta irrati eta telebista bidez aditzen dute nagusiki (%45).

Hizkuntzari erreparatuta ere igar daiteke aldea musikan. Euskaraz dakitela diotenen artean, %53k entzuten dute euskarazko musika sarritan, eta, aldiz, euskaldun horien %78k entzuten dute sarritan gaztelerazko musika. Hizkuntza erabilera ere bada faktore bat, halere: euskal kultura gehiago kontsumitzen dute euskara usu erabiltzen dutenek. Hala, euskara maiz erabiltzen dutenen artean, %72 dira musika euskaraz sarri entzuten dutenak.

Zinemazaletasuna apalagoa da. Inkesta erantzun dutenen %43k esan dute oso zinemazale direla eta %36 dira nahiko zinemazaleak. Hamarretik zazpik telebistan ikusten dituzte pelikulak, eta %40 dira azken urte betean zinema areto batean egon ez direnak. Kasu honetan, euskaraz dakitela diotenen erdiek baino gehiagok ez dute ikusi azken urte betean euskarazko pelikula bakar bat ere. Galdekatutakoen %58, zehazki.

Hamarretik bi ere ez dira arte eszenikoen oso zaleak: %17. Eta %23 dira nahiko zaleak direla esan dutenak. Kasu honetan, gutxiengoa dira azken urte betean antzoki batean egon direnak, galdekatutakoen arteko %72k adierazi baitute hamabi hilabetean ez direla behin ere egon teatroan. Eta euskarari buruzko datuak ere badaude alor horretan. Antzerkiari dagokionez, adibidez, hamabi hilabetean euskarazko lan bakar bat ere ikusi gabeak dira euskaraz dakitela diotenen %58.

Euskaraz dakitenen %12 dira oso bertsozaleak eta %21 nahiko bertsozaleak. Kopurua handiagoa da, ordea, euskara usu erabiltzen dutenen artean. %22 dira oso zaleak, eta %35 nahiko zaleak. Azken urtean, gutxienez behin izan dira bertso saio batean euskaraz aritzen diren horien %19, eta lauzpaseitan %9.

Museoen oso zaleak dira galdekatutakoen %15, eta nahiko zaleak, berriz, %28. Guggenheim da Soziometroan parte hartu dutenek gehien bisitatu duten museoa, baina inkestan parte hartu dutenen erdiak ez dira azken urtean museo bakar batean ere egon.

Urte betean dantza pieza bakar bat ikusi gabeak dira galdekatutakoen %85, eta beste hainbeste operarik ikusi gabeak ere. 

1.973 elkarrizketa egin ditu Soziometroak, kultur ohiturei buruz jakiteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

1.973 elkarrizketa egin ditu Soziometroak, kultur ohiturei buruz jakiteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. L.JAUREGIALTZO / FOKU

Dokumentuaren akzioak