Dokumentuaren akzioak
Euskal kultura eta diasporaren arteko zubia Beasainen

Euskal dantza tradizionalen bidez euskal kultura, hizkuntza eta identitatea transmititzeko helburuarekin, abian da Beasainen Ateak Ireki Dantzan-Dancing ikastaroa. Gaur hasita, bi eguneko iraupena izango duen ikastaro hau, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen baitan antolatu dute, eta Ateak Ireki egitasmoaren parte da, non Ameriketako Estatu Batuetatik Euskal Herrira etorri diren diasporako 32 gazte ari diren parte hartzen. Izan ere honako hau da gazte hauek Euskal Herrian egingo duten egonaldiaren barruan egingo duten lehenengo ekintza. Ikastaroarekin hasi aurretik, Beasaingo alkate Leire Artolak, Udako Ikastaroen zuzendaria Iñaki Goirizelaiak, EHUko errektore Joxe Ramon Bengoetxeak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egin diete harrera gaur goizean Igartzako jauregian.
Hiru asteko egonaldia egingo dute 32 gazteek Goierriko hainbat familiaren etxeetan. Larunbat arratsaldeaz geroztik daude Goierrin, eta Idiazabalen ezagutu zituzten hiru astean bizileku eta familiakide izango dituzten Goierriko familietako kideak, Idiazabalgo udal ordezkariekin batera. Axeri dantza taldeko dantzariek aurreskua dantzatu ondoren, Idiazabal ezagutzeko aukera izan zuten denek elkarrekin.
Egonaldi honetan, hainbat ekintza eta bisita egingo dituzte, euskara eskolak hartuko dituzte eta familiekin egoteko tarteak izango dituzte 21 egunez. Uztailaren 20an itzuliko dira AEBetara. Aurretik baina, Zaldibian agur beroa egingo diete, festa giroan. Uztailaren 19an izango da hori
Dantza zubiak eraikitzeko
Igartzako monumentu multzo historikoan egingo duten euskal dantzen inguruko jardunaldiak formakuntza teorikoa eta praktikoa uztartzen ditu. Parte hartzaileek euskal dantzen inguruko ezagutza eskuratuko dute, bai eta gorputzaren bidezko adierazpena eta kultura transmisiorako duen balioa landu ere. Dantzak, komunitatearen kohesiorako tresna gisa, leku nabarmena hartzen du ikastaroan.
Erakunde desberdinetako ordezkariek egin dieten harreran bat etorri dira dantzak euskal gizartearentzat duen garrantzia azpimarratzerako garaian. Azaldu dute dantzak aukera ematen duela euskal kultura sentitzeko eta bizitzeko, eta euskal dantzak, gorputzaren eta mugimenduaren bidez, euskararen eta euskal kulturaren beste adierazpide bat direla, diaspora eta Euskal herriko gazteen arteko zubigintzarako ezin hobea dena. Beraz, bi komunitateak saretzeko eta euskal kultura sustatzeko aukera bikaina eskaintzen du gorputz hizkuntzak.
Uda Ikastaro honetan, alde teorikoa eta praktikoa jorratuko dituzte, eta ingelesa eta euskara erabiliko dira nagusiki. Euskal dantzako irakasle adituek eskainiko dituzte saio nagusiak, non Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko kideek ere parte hartuko duten, eta dantzak euskal festa baten testuinguruan bizitzeko aukera ere emango die ikasleei, izan ere, bihar arratsaldean, jardunaldia borobiltzeko, erromeria egingo dute, 18:00etan hasita.
Aste betea
Gazte hauek Goierrin egingo duten egonaldiaren barruan, makina bat ekintza egingo dituzte. Ia egunero izango dituzte euskara eskolak Lazkaoko Maizpide euskaltegian, baina horrez gainera, mota askotariko beste ekintza batzuk egingo dituzte.
Asteazkenean, adibidez, Segurara egingo dute bisita; ostegunean Erriberara joango dira eta Nafarroako Legebiltzarrera bisita egingo dute; ostiralean, berriz, mus tailerra eta mendi irteera egingo dituzte; eta asteburua, familiekin egoteko egunak izango dira.
Dokumentuaren akzioak