Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Koreografo gazteen V. topaketak: Proiektu berriak ikusteko aukera

Dokumentuaren akzioak

Euskal Koreografo gazteen V. topaketak: Proiektu berriak ikusteko aukera

Taularatzeko lehen bultzada

Egilea
Aitziber Bilbao
Komunikabidea
Zabalik
Mota
Erreportajea
Data
2001/03/31

Urduritasuna eta eszenaratzeko izua gainditzeko garaia heldu zaie aurtengo Euskal Koreografo Gazteen deialdian parte hartu duten sortzaile gazteei. Bosgarren urtez Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak dantzaren arloa suspertzeko antolatzen dituen topaketak ari dira burutzen egunotan, eta beren proiektua aurrera ateratzeko beka lortu zuten koreografoen lanak ikusteko aukera ugari dago, dantzaldiak EAEko hiru lurraldeetan izango baitira ikusgai.



Aurkeztu ziren hogeita hiru lanetatik dantzaren munduko profesionalek osatutako epaimahaiak zortzi koreograforen obrak hautatu dituzte Topaketa hauetarako. Aurtengo nobedade nagusietakoa, berriz, honakoa dugu: lanen erakusketa bi ataletan gauzatuko da, koreografoek halaxe eskatuta. «Aspergarria egiten zen ikuslegoarentzat hamabost minutuko zortzi saio segidan ikustea, bakoitzari dagokion eszenario aldaketa eta guztirekin», diosku lehen erakustaldian parte hartzen duen Igor Calonge donostiarrak. Berarekin batera, Jorge Jauregi, Iratxe Arana, María Martín, Judit Ruiz eta Idoia Zabaleta gasteiztarra aritzen dira. Lehen emanaldia hilaren 24an egin zen Donostiako Gazteszena aretoan, eta larunbat honetan bost koreografia antzeztuko dira Gasteizko Federico García Lorca antzokian, iluntzeko zortzietatik hasita. Datorren ostiralean, apirilaren 6an, berriz, Bizkaian izango dira lau parte-hartzaileak, Basauriko Sozial Antzokian, hain zuzen. Bigarren saioa maiatza eta ekaina artean gauzatuko da eszenatoki berdinetan.



Dantzara programa



Eusko Jaurlaritzak 1996an abian jarri zuen Dantzara proiektuaren baitakoa da ekimena. Horren helburua: koreografo berrien sortze-lanak bultzatu, eta horiek erakusteko aukera eskaintzea. Beka 500.000 pezetakoa da. Honez gain, formatu luzeko ikuskizunak eta birak egin behar dituzten konpainiei ere laguntzak ematen dizkie Eusko Jaurlaritzak. Dantzaren etorkizuna bermatzeko asmoz, eskoletan egiten diren ekimenak ere bultzatzen dira. Hori dela eta Dantza Eskolen Erakusketaren laugarren emanaldia burutuko da apirila eta maiatza artean. EAEko hiru lurraldeetako dantza eskoletako ikasleek urtean landutakoak erakutsiko dituzte.



Dantza suspertzeko plan estrategikoaren barruan, azkenik, urteroko laguntza deialdiaren bitartez subentzionaturiko konpainien lanak taularatu eta, kasuren batean, estreinatu ere egingo dira uztailaren lehenengo asteburuan izango den jaialdian. Koreografien kasuan bezala, lanak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako antzokietan izango dira ikusgai.



Bultzada garrantzitsua



Sortu zenez geroztik, asko dira laguntza honetaz baliatu diren egileak, eta koreografo hasberriek euren lanak antzoki batean taularatuta ikusteko aukera aparta dute. «Jende asko dabil dantza ikasten eta maila handiko dantzariak sortzen dira gurean, eta arlo horretan esportatzaileak gara», diosku Kultura Saileko arduradunak. Luzia Lacarra, Jone San Martín, Ygor Yebra edo Urtzi Aranburu dira beren karrera profesionala atzerrian egin dutenetako batzuk, gure artean dagoen aukera urritasuna ikusirik.



Dantzariek hiri handietan dauden dantza-akademia publiko zein pribatuetan ikasten dute, baina prozesua erabat trunkatu egiten da, konpainia profesional gutxi baitago. «Laguntza gutxi dago eta dantza, kasurik onenean, urtean hilabetez programatzen den ikuskizuna denez, konpainiek ezin dute luzaroan iraun. Dantzaren lengoaia erabat krisian dago», diosku Idoia Zabaleta dantzari eta irakasle gasteiztarrak. Chance muntaiarekin Koreografo Gazteen Topaketetan hartzen du parte aurten, eta nazioarte mailan oso ibilbide interesgarria du egina. Espaniako Musika eta Arte Eszenikoen Institutuaren bekari esker Amsterdam eta New Yorken ikasi zuen. «Azpiegitura badago gurean, baina programatzaileek ez dute dantzaren aldeko apusturik egiten. Agian ikusleari dantza heziketa eskaini behar zaio, ikuskizun gehiago eska dezan», gehitu du Idoia Zabaletak. Gasteizen Moare elkarte kulturala sortu zuen, eta dantza zein gorputzaren bidezko adierazpidea irakasten ditu. Dantza irakastea bilakatzen da beste aukerarik ez duen dantzari askoren ogibide.



Hiru ahots, baina proiektu bakarra



Kontxi López, Marta Ortega eta Beatriz Churrucak ekainean elkar ezagutu eta Anacardas dantza taldea osatu zuten. Azken bolada honetan Donostiako Artelekun ematen dituzte egunaren ordurik gehienak, bi arrazoi direla medio. Batetik, Igor Calongeren Na/die cre/ce koreografiako dantzariak dira, eta asteburu honetan Gasteizen eta apirilaren 6an Basaurin egingo dituzten antzezpenak bibiriltzen dihardute. Hori lan txikia balitz-edo, Euskal Koreografo Gazteen deialdira aurkeztu zuten lana ere prestatzen dabiltza Anacardas taldekoak. Badakit non dudan min du izena obrak, eta erakustaldiaren bigarren txandan dagokie publiko aurrean antzeztea: maiatzaren 18, 24 eta ekainaren 2an, Donostia, Gasteiz eta Basaurin. «Taularatze egunera arte etengabe sortzen ari gara, entsegu saio bakoitzean kontuan izateko berrikuntza bat bururatzen zaigu-eta». Artelekun emandako ikastaroan bat egin zuten hiru neskek, baina ibilbide zeharo ezberdinetatik datoz hirurak. Hori izan da, euren aburuz, Euskal Koreografo Gazteen epaimahaiak euren lana hautatu izanaren arrazoia.



«Oso ondo egin nahi dugunez hasberriarena egiten ari gara: alegia, ordu amaigabez lan eginez. Baina maila profesionalean muntaiak askoz azkarrago egiten dira», diosku Beatriz Churruca iruindarrak. Salto hori ematea oso gutxiren esku dagoen aukera da, haien iritziz. Konpainia propioa sortzea oso zaila dute dantzari eta koreografoek. Eratuta daudenetan sartzeko aukerak ere gero eta murritzagoak dira, aldi baterako kontratu motak entretenimenduaren alorrera ere heldu omen dira-eta. «Gero eta gehiago dira ideia bat garatzeko dantzari taldea bildu eta lana antzeztu ondoren konpainia bertan behera uzten duten ekoizleak», dio Martak.



Eusko Jaurlaritzaren 500.000 pezetako bekak, bestalde, euren proiektua gauzatzea ahalbidetu die, baina ekintza orokor gehiago sortu beharko liratekeela uste dute Anacardas taldekoek. «Unean uneko egitasmoak ondo daude, baina ezinbestekoa da zirkuitu iraunkorra sortzea, urtean hilabete batez dantza programatzea ez da nahiko». Dantzazaleak sortzean datza adierazpide honen etorkizuneko erronka nagusia.



Funtzionarioekin



Anacardas dantza taldekoek adierazi dutenez, sortzaileei zaila egiten zaie dirulaguntza eske doazenean «hurrengo egunean Ingurugiro Sailean egongo den funtzionarioari» euren sormenezko lana azaltzea. Horrenbestez, uste dute Frantzia, Holanda edo Katalunian bezala bitartekari lan hori egingo duten begirale moduko langileak egon beharko liratekeela.



Hamabost minutuko formatu txikia saltzeko zailtasunaz jabetzen dira dantzariak. «Antzoki batek ez du irekiko ordu laurdeneko pieza laburra emateko», dio Kontxik. Edonola ere, publiko aurrean antzeztu ondoren Madril eta Maspalomaseko lehiaketetara ere jotzeko asmoa dute. Ondoren, taldeak hartu beharreko norabidea zehaztu beharko dute: formatu txikiari eutsi edo esperientzia horretatik abiatuta saio luzeagoak jorratu. Banakako lana egitea ere ez dute baztertzen. Beatrizek, esaterako, Cuencako Situaciones izeneko topaketetara bere bakarkako pieza bat aurkeztuko du maiatzean.



Igor Calonge

Koreografo eta dantzaria



«Dantza ikuslerik ez dago gurean»



A.B./ERREDAKZIOA



Maitasun istorio batek utzitako samindura ahaztu nahian hasi zen 1994an dantza munduan donostiar gazte hau. Artelekun ikastaro bat egin ondoren erabaki zuen burutik aspalditik zebilkion koreografia gauzatzea. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzari esker Gasteizen taularatuko du asteburu honetan, eta apirilaren 6an Basauriko Sozial Antzokian. Bitartean, buruan dabilkio hurrengo proiektua.



- Dantzarekin oso erlazio bitxia duzu...



- Bai, erabat. Ni ez naiz bokaziozko dantzari horietakoa, bere balio terapeutikoagatik hasi nintzen. Harrezkero horren erabat menpeko bihurtu naiz, eta ezin naiz dantzatu gabe bizi. Garai batean obsesioa izatera ere heldu zen, bizitza eta dantzaren artean erabaki beharrean nengoela sentitzen nuen, eta utzi egin nuen bolada batez. Orain askoz lasaiago hartzen dut; konpainia batean dihardut eta nire koregrafian lan egiten dut. Hasieran -azkarregi ibiltzeagatik agian- bizi izan ez ditudan gauzak berrezagutzen nabil une honetan.



- Hortaz, esperientzia profesionalik ere izan duzu.



- Hiru urtez ikastaroak egin ondoren, Gasteizko Hojarasca dantza eta antzerki konpainian sartu nintzen. Ondoren, ostalaritzan aritu nintzen lanean bi urtez, dantza egin gabe baina hamaika frogatara aurkezte. Iaz Iruñeko Tempomobile konpainian hartu ninduten, eta horretan dihardut egun. Baina dantzatik bizitzea zaila da, oso gutxik lortzen dute. Nik neuk, adibidez, tabernari egiten dut lan asteburuetan.



- Zaila egin zitzaizun koreografia gauzatzea?



- Sei hilabete bota nituen buruan neukan ideia gauzatzeko esperimentu antzuak egiten, bakarrik, gainera. Bideoa grabatzen jartzen nuen, baina erabat mugitu ezinik geratzen nintzen. Handik gutxira, dantzarietako batekin, pare bat egunetan obra itxuratzea lortu genuen. Zailena zeure buruan duzun ideiarekin borrokatzea da, ezer erdiesten ez duzun sentsazioak behin eta berriz harrapatzen zaituelako. Edonola ere, pentsatuta neukana eta azken emaitza erabat desberdinak dira, prozesuan zehar menderatu ezin dituzun gauza anitz agertzen delako.



- Zer izan da zuretzat zeure lana hautatu izana?



- Lehenbizi, ezustekoa. Lehenbiziko lana zenez gero, ez nuen espero. Horrez gain, lau minutuko iraupena baino ez zuen bideo bat aurkeztu nuen, eta laguntza hamabostekoari eman ohi diote. Gainera, ez dut dantza zentzu puruan erabiltzen, mugimendua baizik. Bultzada handia da lehen lana egina ikusi eta aurrera segitzeko.



- Nola deskribatu Na/die cre/ce?



- Lau emakumeren bizitzako denbora tarte bat jartzen du agerian, eta hutsari buruz ari dira jarduten dira laurak. Elkarri buruz hitz egiten dute, diapositibak daude, behin eta berriz errepikatzen den musika, argi-itzalak, nire irudimenetik sortu diren mugimendu geldoak... Zaila da deskribatzen. Azken emaitzarekin baino prozesuarekin nago gustura, gauza harrigarriekin topo egin dudalako. Une horietan zera desio nuen, antzokian kabitzen diten 250 lagunak bertan egotea, merezi baitzuen ikustea!



- Zuk ez duzu atzerrrian ikasi. Ezinbestekoa deritzozu horri?



- Ezinbestekoa ez dakit, baina oso zentuzkoa iruditzen zait. Frantzia, Alemania, Herbehereak..., herrialde horietan dantzarekiko sentsibilitate handiagoa dago, serioago hartzen dute, agian ariketa fisikoarekin lotzen dutelako. Orain lanean nabilen konpainiarekin Alemaniako jaialdi batera goaz udaro, eta jendea gehiago hunkitzen dela esango nuke, gizartean barneratuago dago dantza.



- Etorkizun zaileko lanbidea da dantzariarena...



- Arazoa zera dela esango nuke: ikuslerik eza. Dantza urtean hilabetez baino ez da programatzen Donostian edo Iruñean -adibidez-, eta are gutxiago herri txikietan. Horrez gain, laguntza gutxi dago, eta bakoitza bere kasa aritzea ia ezinezkoa da. Bestalde, entseatzeko toki gutxi dago, eta ez baduzu entseatzen ez daukazu zer saldu. Zineak, esaterako, aurkitu du ikuslegoa erakartzeko formula. Agian dantza egokitzeko garaia ere heldu da. Positiboa izan da, bestalde, dantza antzokietatik kanpo taularatzen hasi izana. Jesarleku gorriaren irudi zurrunegia baztertu egin behar da. Horrez gain, nire ustez, beste herrialde batzuetako eredua ekarri beharko genuke gurera. Alegia, dantza eta gorputzaren adierazteko ahalmena txikitatik lantzen hasi beharko genuke. Izan ere, dantza senari lotua dago, instintiboa da oso.

Dokumentuaren akzioak