Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Koreografo Berrien IV. Erakusketa

Dokumentuaren akzioak

Euskal Koreografo Berrien IV. Erakusketa

Kritika, 8 x 15' (+ 1)

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2000/04/19

URTERO bezala eratu da Euskal Koreografo Berrien erakusketa. Izenburuak adierazten duen moduan, zortzi koreografia (gehienez hamabost minutukoak) gehi bideo bat izan dira Donostia, Gasteiz eta Barakaldoko agertokietan.

Azken urteotan denetarik ikusi dugu; lan eskas-eskasak, pasagarriak eta nahiko onak ere bai. Oro har, nolabaiteko oreka mantendu da aurreko hiru edizioetan, baina —egia esan behar badut— aurten bi lan besterik ez zaizkit presentagarri iruditu, eta nahiko gogorra egiten zait gainontzeko seien irudimen eza, ausardia falta edo burutzapen makala (edota dena batera) komentatu behar izatea. Beraz, jarraian saiatuko naiz hondamenditik salbatu diren bi lanak laburbiltzen.

Frida Kahlorengan oinarritutako lana

Dudarik gabe Blanca Arrietarena izan zen gaueko lanik interesgarriena. Koreografo gasteiztarrak Frida Kahlorengan oinarritu da Vertigo lana eratzerakoan, eta sentsibilitate handiz jaso du margolari mexikarraren izaera. Saxo baten doinuak laguntzen ditu Blancaren pauso arin-arinak eta isil-isilak, eszenaren erdian argi gutxiko bonbilla bat kulunka dabilela. Era ezkonpasatuan mugitzen da dantzaria atzeko iluntasunetik musika iragarlea aurrera doan heinean, noizbehinka jauzi txikiak emanez, eta bere besoen biluztasuna erakargarriago bihurtzen du mugimenduaren malgutasuna.

Ikusleengana hurbiltzen den bitartean biolin musika entzuten dugu eta hasierako bonbilla besarkatzen du dantzariak, bere barneko argi ahula balitz bezala. Schuberten Ave Maria-rekin batera gugandik hurbilago dagoen egitura metalikoan jolasten du, eta amaiera publikorantz egindako azken jauzian gertatzen da, argiak amatatzen diren unean bertan. Koreografia osoan ez dago probetxurik gabeko mugimendurik eta bikainak izan dira argiztapena, espazioaren erabilera eta, batez ere, dantzaren zintzotasuna.

Elementu sinboliko ugari

Asier Zabaletaren Belaki efektua izan da beste lan interesgarria. Agertokian dabiltzan hiru mutilek aldikako akrobazia eta jauzi arriskatuen bitartez adierazten dituzte euren arteko erakarpenak, arbuioak eta itxaronaldiak, eta nabaria da elementu sinbolikoen erabilera. Berauen artean esangura berezikoa da adreiluzko dorrea, koreografiarekin batera harresi bilakatzen dena, baina bai elementuon ugaritasunak bai mugimenduen ikusgarritasunak barroko samar bihurtzen dute lana, dantzaren benetakotasunaren kaltetan.

Deriva izeneko bideoak ez du ekarpen berezirik egiten dantzaren alorrean, baina ezin da ukatu Mayda Zabalaren lana kalitate bikainekoa dena, zuri eta beltzezko irudi ederrez islatu baititu Bilboko itsasadarreko paisaia mortuak eta bertan aurki daitezkeen izakien etsipena eta itxaropena.

Hasieran esan dut ez nituela komentatuko gainontzeko lanen gabeziak, baina Eguzki Zubiaren Zurdas-ek aipamen berezia merezi du, ezberdintasuna onartzearen aitzakiaz inolako sentsibilitaterik gabe erabili baititu zailtasun fisiko zein psikikoak dituztenen mugimenduak, keinuak eta hotsak komikotasun erraza lortzearren. Izan ere, ikusle askok barre egiten zuten beste asko lotsa sakonak janda geunden bitartean.

Emaitza tamalgarri horrek zenbait galdera planteatzera eroaten gaitu. Zer hartzen dugu koreografiatzat? Nor da koreografo eta nor berri erakusketa hauetan parte hartzeko? Zer nolako heziketa aukerak dituzte gure koreografoek? Zer egin behar da dantzaren hedapenerako? Eta ikuskizunen zein ikusleen zorroztasun maila igoarazteko?

Dokumentuaren akzioak