Dokumentuaren akzioak
Euskal jantzi tradizionalen bilakaera, aztergai
Argia dantza taldearen Ikerfolk egitasmoaren baitan abiatu zuen ikerketa Albisuk: kultura tradizionalaren hainbat alor aztertzeko sortu zuten eta jantziek ere hor lekua izan behar zutela uste zuten. "Garai hartan, 80ko hamarkadan, umeak bakarrik janzten zituzten eta puntutxoak zituzten jan-tziak ikusten ziren bakarrik", kontatu du Albisuk. Kultura tradizionalaren espresio moduan joera areagotzeko gogoa sumatu zuten, baina jantzien hautaketan eta ereduetan hutsunea topatu zuten: "Konturatu ginen geurea ez genuela ezagutzen", aitortu du. "Kultura tradizionalaren parte da janzkera eta urte haietan antzerkia, bertsoak edo dantza bultzatzen ari ziren moduan, jantziek ere haien lekua behar zuten; geurea maitatzea nahi genuen, baina ezagututa", gaineratu du.
Asmo horrekin hasi ziren ikertzen, janzteko irizpideak bilatzeko asmoz eta heltzear zen XXI. menderako proposamena egiteko asmoz, jantzi tradizionalak sustatu nahian. Erreferen-tzia gutxi aurkitu zituzten eta horien artean Karmele Goñi, Amaia Mujika eta Maite Jimenezen lana nabarmendu du Albisuk: Karmele Goñi Barandiaranekin batera ibili zen ikerketan eta Amaia Mujika alaba eta Maite Jimenez Bilboko Arkeologia, Etnografia eta Historia museoan aritzen dira. 2003an Boladaz pasatuta liburua argitaratu zuten, "ezinbesteko erreferentea gure tradiziozko janzkera ikertzerakoan".
Bi ertzetatik heldu zioten proiektuari: zer jantzi aztertu zuten alde batetik eta nola jantzi bestetik. Hala, atondu hitza bera haiek zabaldu zuten, "aproposa zelako" bilatzen zutena izendatzeko. Eta 1992ko Gabonetan Andoaingo Aita Larramendi Ikastolako Olentzeroan atera ziren andereño batzuk ordura arte ikusi gabeko jantziak erakutsi zituzten, Atonduproiektuaren baitan diseinatutakoak. Proiektu inplikatzailea izan zela nabarmendu du Albisuk, "bizia".
Zabaltzea lortu zuten: oihal koloredunak ikusi eta interpretazioak biderkatzen hasi ziren, batez ere jostunen eta fabriken bitartez eta norberaren "sormena" lagun, baina askotan "ezaguera faltatik abiatuta" eta topatzen zuten "sekulako anabasari" nola heldu jakin gabe. "Moda" bihurtu zen eta gizartean arropa tradizionalak janzteko zegoen gogo eta grina horri eran-tzun zioten proposamen berriek.
Dogmarik ez, harmonia
Ibilbidea azkarra izan da, baina Albisuk penaz ikusten du haiek proposatutako oinarri teoriko horien ezaguerari eta zabalkundeari ez zaiola behar bezalako garrantzia eman. Beste herrietan jantzi propioaren ezagutza sakonagoa dela aipatu du eta kulturaren parte den neurrian aztertu eta zabaltzen dela, horregatik gure jan-tzi tradizionalek Euskal Herriko eskola edo unibertsitatean lekua izan beharko luketeela uste du.
Albisuk jarrera dogmatikoetatik urrundu nahi du erabat, ez du esan nahi hau ondo dago eta hori gaizki, bekatua balitz bezala, jakin baibadaki ezaguera falta dagoela eta egoera ez dagoela normalizatuta. Atondu ekimenak landutako bi ertzetatik batek egin du aurrera: zer jantzi. "Baina nola jantzi horrek ez du bilakaera bera izan", esan du, eta horren garrantzia nabarmendu.
Gaur egun baserritar jantzia jartzea kultura tradizionalarekiko atxikimendua adierazteko espresiobide bat da eta hori mozorrotik bereizteko garrantzitsuena duintasuna, harmonia eta zentzua direla uste du. "Eta hori zaila ere ez da", esan du, batez ere arreta nola janzten jartzen bada eta estuegia izan gabe. Gona eta alkandora tradizionalarekin batera mendiko botak edo egungo berokiak jartzea saihestu daitekeela uste du, janzkerak osotasunean zentzua galtzen duelako.
"Garai batean bazituzten txamarrak eta horiek erabil daitezke hotza egiten badu, kaikuak edo lekeitiarrak, adibidez", proposatu du. Arratiako eta Erronkariko jakak ere aipatu ditu eta horiek gaur egungo arroparekin ere jantzi daitezkeela uste du, harmonia hautsi gabe eta horrela euskal kulturari keinu eginez, hori baita finean gaur egun jantzi tradizionalen fun-tzioa. Bide beretik, arreta zapian jar-tzeko proposatu du Albisuk: "Burutik hasi janzten".
Atondu proiektua liburu moduan argitaratu zuen 2006an. Urte hauetan diseinuak eskaintzeaz gain aholkuak eta hitzaldiak ematen jarraitzen du Albisuk han eta hemen eta tesia ere osatzen ari da. "XIX. mendera begiratzen dugu jantzi tradizionalak ezagutzeko baina janzkerak XX. mendean izan zuen bilakaera ezagutzea ezinbestekoa da", azaldu du, eta horretan ari da. XXI. mende honetan Atondu proiektutik abiatuta jantzi tradizionalak gaur egungo gizartean izaten ari diren ibilbidea ere ikertzen ari da.
Dokumentuaren akzioak