Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal jaiak, poesia lehiaketetatik folklore eta parrandara

Dokumentuaren akzioak

Euskal jaiak, poesia lehiaketetatik folklore eta parrandara

Donostia, Zarautz eta Ordizia Euskal Jaietan murgilduta dabiltza egunotan. XIX. mendean jaio zirenetik bilakaera nabarmena izan dute festa hauek.
Egilea
O.I.
Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Kronika
Data
2015/09/05
Lotura
Diario Vasco

Iraila iristearekin batera Euskal Jai gehientsuenen garaia iristen da. Donostia, Zarautz eta Ordizian dagoeneko barruraino sartuta daude: Sagardo Eguna, Kontxako Bandera, bertso saioak, Ordiziako azoka berezia... Udari amaiera bikaina emateko aitzakia, askorentzat. Haien atzetik Hernanin ospatuko dituzte Euskal Jaiak, eta gero Urretxun, Santa Anastasiari eskainitako festen baitan. Egia esan, urteko garai ezberdinetan Gipuzkoako herri askotan antolatzen dituzte Euskal Jaiak, indar gehiago edo gutxiagorekin, hala nola, Irunen, Deban, Elgoibarren... Batzuek, gainera, mendeurrena ere ospatu dute. Guztien oinarrian, euskal hizkuntza, kultura eta tradizioa sustatzea.

Iraileko lehen egunetan pilatzen diren aipatu hiru hauetan erreparatuz (Donostia, Zarautz eta Ordizia), beteranoena Ordiziakoa da. 1904an sortua, atzean utzi zuen jada mendeurrena. Zarautz eta Donostiakoak, berriz, XX. mendeko 20ko hamarkadan sortu ziren.

Lore-jokoetan jatorria

Oro har XIX. mende amaieran dute jatorria festa hauek, alabaina, urteetan izan duten bilakeraren poderioz ez dakigu haien bultzatzaile izandako Anton Abbadiak (Dublin, 1810eko urtarrilaren 3a - Paris, 1897ko martxoaren 19a) guztiz errekonozituko ote zituen. Aita euskalduna eta ama irlandarra zuen Abbadia geografo, astronomoa eta euskal kulturaren bultzatzaile sutsuak Euskal Lore-Jokoak delakoan jarri zituen martxan Iparraldean. 1853tik 1863ra Urruñan egin ziren, 1864tik 1876ra Saran eta ondoren etorri ziren Donapale, Elizondo, Maule...

Anton Abbadia

Anton Abbadia

Okzitaniatik eta Kataluniatik hartu omen zuen eredua Abbadiak. Toulousen XIV. mendean egiten ziren poesia probentzala bultzatzeko; Katalunian ere XIV-XVI. mende bitartean, gero XIX. mendean berpiztu bazire ere. Literatura eta batez ere poesia bultzatzea xede zuten lehiaketak ziren lore-jokoak, festa giroan antolatzen zirenak. Hala, Txistularien alborada, mesa nagusia, pilota partidak, bertsolariak, jolasak, ganadu eta nekazari lehiaketak izaten ziren, literatur lehiaketarekin batera, osagai nagusiak. Sariak ere kantatuz ematen omen ziren askotan.

Urteen poderioz, dena dela, Euskal Jaiak aldatuz joan ziren, literaturak folkloreari gero eta tarte gehiago utziz, ganadu eta nekazaritza inguruko lehiaketekin nahastuta.

Azpeitiara saltoa

Euskal Festak ipar Euskal Herritik Hegoaldera hedatu ziren gero. 1893ean Azpetira eraman zituen Abbadiak berak. Orduko kroniken arabera, ideiaren sortzaile gisa, harrera beroa egin omen zioten azpeitiarrek, herriko 150 mutiko eta helduk musika eta abestiz hartu baitzuten, herritar guztien txalo artean.

Auñamendik jasotzen duenez, programa urte hartako irailaren 10ean hasi zen «bandak eta danbolinak jotako diana eta kalejira batekin. Ondoren, Meza Nagusia ospatu zen, Udaleko Korporazioa eta Abbadie bera bertaratu zirelarik. Ondoren, udaletxetik terkarien lehen lehiaketa ikusi ahal izan zen. Lehia Arrospide aizkolariak irabazi zuen eta urrezko 60 franko jaso zituen sari modura». Pilota partida eta bertsolarien arteko lehia ere izan ziren gero eta Pello Errota bertsolari asteasuarra izan zen irabazlea, urrezko 100 franko jasoz. Irrintzilarien eta txistularien lehiaketak, ezpata-dantzaren erakustaldia, pilota partidak eta herriko azoka tradizionala ospatu ziren hurrengo egunetan.

Azpeitiko hitzorduaren ostean, ekimen horri Gipuzkoako Aldundiak heldu eta Arrasaten lehen aldiz euskal festa antolatu zuen. Hurrengo urteetan beste hainbat herritan egin zituzten.

Donostian, 1927an antolatu zuten lehen Euskal Astea, Jose Antonio Begiristain alkatearen ekimenez, Donostiak lehen Euskal Astea antolatu zuen irailaren 8tik 18ra bitartean. Asteko jarduera nagusia Lasarteko aerodromoaren zelaian programatutako erromeria izan zen eta denetik izan omen zen bertan: atabalari bandak, dultzaineroak, albokariak, makila-dantzariak, bertsolariak, irrintzilariak, txalapartariak, domina-postuak, erroskilak, frijitutako arrainak, bola, toka eta blankolari lehiaketak eta, uneoro, Donostiako Orfeoiaren ahotsak.

Hurrengo urtean, Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxearekin batera Aldundiak ere batzorde antolatzailean hartu zuen parte, Gerra zibilak Euskal Festa hauen bigarren etapa eten zuen arten. 1940. urtean, hala ere, El Diario Vasco eta Kultur eta Turismo Ekintzetxea Euskal Aste hau berreskuratzen saiatu ziren.

Ordiziako Azoka berezia 90ko hamarkadan.

Ordiziako Azoka berezia 90ko hamarkadan.

1961ean Euskal Asteak bere jatorrizko izena berreskuratu zuen: Euskal Jaiak edo Fiestas Euskaras. Eta halaxe jarraituko du 1985. urtera arte. Etenaldiaren ondoren, 1994an Parte Zaharreko hainbat elkartek jai hauek berreskuratu zituzten eta KTE, Parte Zaharreko Jai Batzordearekin batera, berriz antolatzen hasi zen.

1904az geroztik Ordizian

Ordizian, arestian aipatu moduan, 1904an dute Euskal Jaiaren lehen erreferentzia: Fiestas Euskaras, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak antolatutakoak, eta jakina da bertan hainbat lehiaketa egin zirela: txahalak, zezenak, zaldi eta astoak, txerriak, untxiak, bertako produktuak, nekazal makinak, eta abar. Horietarako batzorde berezia antolatu omen zen, garai hartako alkate Salustiano Iturrioz eta garaiko gizon ospetsuen talde batek osatutakoa. Orduko kronikek diote bikainak izan zirela lehen jaia haiek.

Zarauzko Euskal Jaiaren sorrera Mauricio Flores Kaperotxipi pintore zarauztarrari zor omen zaio. Udako giroa zertxobait luzatu nahian, irailaren 9an, Arantzazuko Amaren egunean, eta euskal ohituretan sutatraitua parekorik izango ez zuen jai bat sortzea otu ziazaion. Bonifazio Echegaray idazlea eta Nikolas Mugika pintorea ere segituan gehitu omen zitzaizkion, eta herritarren erantzuna ere bikaina izan zen. Txistu eta danbolin doinuak, trikitilariak da dantzaria izan ziren. Grudien laguntzan, arratsalde partean, Iñurritzarantz abiatu omenz iren denak. Gerra garaia kenduta, urtero etenik gabe egin dira Zarautzen Euskal Festak.

Dokumentuaren akzioak