Dokumentuaren akzioak
Euskal Jaia izango da gaur lehen aldiz Oiartzunen
Olarri Dantza taldearen ekimenez, herriko hamabost eragile elkartu dira egun osoko festa antolatzeko
Gaur, egun osoz, Euskal Jaia izango da lehenengoz herrian. Udalak herritarrak kultur ekitaldi honetan parte hartzera animatu ditu eta antolatzaileek herriari hau eskaintzeko egin duen lana publikoki eskertu du. Izan ere, euskal kulturaren alde egindako lana da Euskal Jaia, «gure herriko identitatea mantentzeko pizgarria», azpimarratu du Iosune Cousillas Kultura zinegotziak.
Aipatzekoa da herriko zenbat eragilek parte hartuko duten gaurko ekitaldian: Olarri Dantza Taldea; Haurtzaro Dantza Taldea; Elizalde Dantza Taldea; Lartaun Abesbatza; Lartaungo txistulariak; Emarri; Soinuenea Fundazioa; Oiarpe; Txost; Oiartzungo Bertso Eskola; Oiartzungo Flauta Taldea; Abaraxka ludoteka; Oiartzungo Erraldoien Konpartsa; Auntxa Trikitixa Eskola eta Haurtzaroko trikitilari eta pandero joleak. Guztiei, «eskerrik beroenak» eman dizkie Udalak.
'Axeigorri' ere gogoan
Nikolas eta Tomaxi Lasaren ardura izango da Euskal Jaiko txupina botatzea gaur goizean. Joxe Lasa 'Axeigorri' soinujolearen seme-alabak dira. Haien gurasoa urte hasieran hil da, 87 urterekin.
Joxe Lasa 1928an jaio zen Gurutzeko Axeigorri baserrian. Auzo bereko Altzi baserrira ezkondu zen eta han bizi izan zen hil arte. Zortzi urterekin hasi zen soinua jotzen ikasten, osabarekin, eta hark oparitu zion Hohner ttiki bat.
Gaztetan, Oiartzungo eta inguruko baserri-ezkontza eta erromerietako soinujolea izan zen, batzuetan ama pandero jolearen laguntzarekin. Ezkondu ondoren, soinua apartatu zuen baina heldutan berriz hartu zuen. Azken urteetan, Irungo Euskal Jiran parte hartzen zuen. Lehenengoz bere herrian Euskal Jaia izanik, «ezinbestean tokia eta esker ona adieraztea ezinbestekoa iruditu zaigu Udalari eta antolatzaileei».
Kale mozketa
Euskal jaia dela eta, udaltzaingotik adierazi dute gaur, Manuel Lekuona etorbidea, Yon Oñatibia kalea eta Rafael Pikabea kale hasiera itxita egongo dira 11:30etik 14:30era.
Dokumentuaren akzioak