Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Euskal izpirituko gauza herrikoirik ez da anitz ikusten Baiona aldean»

Dokumentuaren akzioak

«Euskal izpirituko gauza herrikoirik ez da anitz ikusten Baiona aldean»

Pier Paul Berzaitz Kantari eta idazlea

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/07/18

Berrogei urtetan, ehun obra baino gehiago izenpetu ditu Pier Paul Berzaitz zuberotarrak: kantuak, pastoralak eta ikusgarriak. Orreaga da azkena. 140 aktore, dantzari, kantari eta musikarirekin. 778. urtean iragan zen Orreagako (Nafarroa) guduak inspiratu du. Baionako zezen-plazak euskararen oihartzuna izanen du, behingoan, uztailaren 26an. Bera guti agertuko da emanaldian, gazteei lekua utzi nahian.

Elezaharrak, zurrumurruak edo behar bada klixeak dio pastoral bat ekarri duzula Baionako zezen-plazara Orreaga ikusgarriarekin...

Ez da egia. Pastorala Zuberoan egiten dugu, lege eta estruktura bereziekin. Nik ez du pastorala esportatu nahi. Ikuskizun bat egiten dugu, sorkuntza berezi bat, antzerki dantzatu eta kantatu bat... Zuberotarra izanez, pastorala lotu dute nire izenari, behar bada. Baina, oraingoan, ez dut pastoralik nahi.

Orreagako guduak zertan inspiratu zaitu?

Egitasmo hori aspaldi gogoan nuen. Lehenik, Orreaga; Ibañetako aldea leku polita da, eta, ondorioz, ezaguna. Erdi Aroan iragan zen gudua bezala. Baina nazio txiki bat garenez, bazterreko nazio handiek gure historia beren ikusmoldearekin idazten dute. Nahiz eta eskolan gauza oker franko ikasi ditugun afera horretaz. Gudu horretan, euskaldun eta Pirineotako biztanle franko bildu ziren. Alta, Karlomagnori atzarri ona egin zioten, hastapenean. Baina Frantziako erregea Zaragozatik itzuli zenean, Baldorbako harana eta batez ere Iruñeko hiria suntsitu zituen. Baskoiak Ibañetan bildu ziren oldartzeko, eta erregeari baimen guziak ez zituela erakusteko. Nik hori ontsa atzematen dut, nahiz eta gerraren aurka izan. Baina guk, gure liburuetan, eta delako Errolanen Kanta-n, Karlomagno eta bereak sainduak bezala aurkeztuak dira, eta horien etsaiak, berriz, salbaiak bezala. Eta hori ez da zuzen.

Beraz, Errolanen Kanta karrakatzen duzu ikuskizunean?

Orreaga ez dut izpiritu horretan idatzi. Nik amodioz nahiago dut egin. Euskaldunek harrera ona egin ziotela Karlomagnori. Honek zibilizazioa ekarri nahi zuela adierazi zuen, baina ezpataren zibilizazioa ekarri zuen. Hori erakusten dut. Euskal Herriaren historian leku garrantzitsua dauka Orreagako guduak. Nafarroako erresuma hortik goiti ikusi dugu. Baina gauzak poesian agertzen dira; ikusgarria ez da bortitza, eta bake doinuan amaitzen da. Dantza, kantua, musika da. Gauza batzuk, hala ere, epikoki erakutsiak dira, zaldi eta pottokekin. Zezen-plaza horrela baliatzen ahal baita.

Zezen-plaza hastapenetik gogoan zenuen Orreaga prestatzean?

Toki interesgarria da. Lehenik eta behin, borobila delakoz. Alde magikoa ere badauka. Betidanik zezen-plazari pentsatu dut nire ikusgarri batentzat. Orreaga hor iraganen da, Or Konpon elkarteari esker. Eremu zabal hori menperatzea desafioa izan da.

140 aktoreekin, zaldiekin eta guzti eginen da ikusgarria. Peplum bati konparatzen ahal da?

Gure neurrietan egon behar dugu. Ez dut pepluma bezalako alimalekeriarik aipatu nahi, horretarako ez baitugu ez ahalik, ez dirurik. Baina ez dut gure afera txikitu nahi. Euskal Herri guzitik parte hartzen dute gazteek, Biarnotik eta Landetatik ere bai. Gure herriarendako, mugimendu polita dela iduritzen zait. Gazteek indarra ematea gauza ederra da.

Preseski, hizkuntza ezberdinak daude Orreagan...

Ez da batere marketin afera bat. Erran dudan bezala, eta, uste dudan bezala, Pirinioetako biztanleria hunkitu zuen guduak. Ez euskaldunak bakarrik. Euskaraz da ikusgarri gehiena, baina okzitanierak ere leku bat behar zuen. Frantsesez egin ditut Karlomagnoren dialogo zenbait.

Bestalde, dantza franko izanen da ikusgarrian, euskal dantza klasikoa, bai eta sorkuntzak ere. Gatazka bat, edo gudu bat, nola adierazten da dantzaren bidez?

Ez da erraza. Hasteko, ez dugu pastoraletan bezala egin: nor den ona eta nor gaiztoa. Ez dugu agertarazi nor diren euskaldunak, adibidez. Bataila irudikatu dugu, sinboloa atxikiz.

Emazte frankok ere kantatuko du. Gizonen arteko gudu batean zer leku dute?

Leku handia dute emazteek! Anitzek kantatzen dute, bakarlariak ere badaude. Zerbait gehiago ekartzen diote ikusgarriari; indarra, baina eztitasuna ere bai. Eta gizon abesbatzarekin ari direnean, beste zirrara, beste distira bat da emazteekin.

Zuretzat, zer berezitasun izan du Orreaga esperientziak?

Prestakuntzan zehar sortu diren harremanak azpimarratuko nituzke. Bakoitzak bere lekua harrapatu behar izaten du, eta hori ez da beti erraza. Gazteak, igande goizetan, franko zuri etortzen ziren errepiketara. Gure herriarendako, mugimendu polita dela iduritzen zait. Gazteek indarra ematea gauza ederra da. Eta euskal izpirituko gauza herrikoirik ez da anitz ikusten Baiona aldean.

Emanaldia Ezpeizeko (Zuberoa) Xiberoko Jauna pastoralaren asteburu berdinean iraganen da...

Bai, gurea larunbatean, eta pastorala igandean. Ez dago arazorik, elkarrekin ikusia dugu hori. Dena den, euria balitz larunbatean, biharamunean eman beharko genuke, gero ez baitugu Baionako zezen-plazan lekurik izanen.

Emanaldi bakarra nahikoa zaizu? Ez zaizu iduritzen dolutuko zarela?

Bi urteko lana emanaldi bakarrarentzat... Baina horrek ere badu bere xarma. Hainbeste indar, behin emateko.

Dokumentuaren akzioak