Dokumentuaren akzioak
Euskal ijitoei buruz arituko dira Iruñean asteburuan
'Ederlezi' pastorala eskainiko dute larunbatean, eta testuingurua azaltzeko balioko dute hitzaldiek
Iruñean pastoralak ez dira oso ezagunak, antolatzaileen aburuz. Jarduera hau ezagutzeaz gainera, Ederlezi pastoralak kontatzen duen istorioari buruz gehiago ikasteko aukera ere izanen da, beraz, jardunaldiei esker. Lougarot eta Etxekoparrek parte hartuko dute haietan, larunbatean, Duguna taldeak Maiatzaren 2a kalearen 9.ean duen lokalean. Buhameek Euskal Herriarekin duten lotura eta pastorala nola sortu zuten azalduko dute.
Haiekin batera izanen da Kike Diez de Ulzurrun. Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan barna ibilaldia eskainiko du 11:00etan, eta hala azalduko ditu Iruñeko ijitoen bizipenak. Aurreko egunean, berriz, Ricardo Hernandez, Juan Antonio Urbeltz eta Mikel Aranburu arituko dira, erdaraz. Lehenbizikoak ijitoei buruz hitz eginen du, eta beste biak buhameek euskal folklorean duten rolaz arituko dira.
Ijitoei buruzko pastorala
Euskal Herriko ijitoek historian izan dituzten gorabeherak ditu hizpide larunbatean jokatuko den pastoralak. «Mendez mendeko begiratua da, eta Euskal Herriko ijitoek jasandako jazarpena azaltzen dute, haien aurka hartutako neurriak», esan du Aritz Ibañez Duguna taldeko arduradunak. Hori, baina, euskal folklorearekin lotu dute, Ibañezek azaldutakoaren arabera, Errumaniakoarekin antzekotasunak ere baditu eta. Gaur egunera arte ijitoek bizi izandakoa azaltzen du antzerkiak: «XVIII. mendean izugarrikeriak esaten zizkieten, baina gaur egun Manuel Vallsek, adibidez, egurra ematen die; gauzak ez dira hainbeste aldatu».
Duguna taldeak harremana zuen pastoralaren egileekin; beraz, eskura izan dute Iruñera eramateko aukera. Xiru jaialdian aurkeztu zen, eta Bilbon ere egonen da aurki.
Dokumentuaren akzioak