Dokumentuaren akzioak
Euskal ihauterietara bidaia gidatua, Mediabask eta Naiz Irratiaren podcast berriaren bidez
Euskal Herriko ihauteriak beti izan dira irudimenaren, komunitatearen eta kulturaren adierazpideak, eta orain, Mediabask eta Naiz Irratiaren eskutik, 'Herri ihauteriak, iragana ate joka' podcastaren* bidez, fenomeno horren garapenean sakontzeko aukera bada. Neguaren bururatzea ospatzeko, tradizioaren berreskuratzea eta berrikuntza uztartzen dituen podcast honetan, antropologo, herritar eta ihauterien protagonistak dira bidelagun.
Astearte eta ostegunero, 14:05ean, Naiz Irratian entzungai da podcastaren atal berria. Ondotik, atalak plataforma digitaletan eskuragarri izanen dira. Elkarlan honen helburua Euskal Herriko ihauterien dinamikotasuna eta bizitasuna agerian ezartzea da. Herriz herri egindako bidaia honetan, ikusleei ospakizun honen inguruan zabaltzen den tradizioaren eta komunitatearen garrantzian sakontzeko gomita egin diete.
Lehen bi atalak entzungai
Lehen bi atalak hedatu ditu jadanik Naiz Irratiak, lehena ihauterien dinamismoa lantzen duena historian zehar, eta bigarrena Lizarrako inauteriaren berpizkundean murgiltzen dena.
Lehen atalean, hain zuzen, Aitzpea Leizaola antropologoak Euskal Herriko ihauteriek izan duten bilakaera azaldu du. Frankismo garaiko debekuetatik gaur egungo berreskurapenera arteko bidea izan du hizpide, eta tradizioek duten moldatzeko gaitasuna nabarmenduz. «Inauteriak eraberritzeko bi joera nagusi daude: batetik, iraganean egiten zena gaurkotu eta egokitzea; eta, bestetik, zerbait berria sortzeko imajinazioari bide ematea», gogoetatu du Leizaolak.
Bigarren atalean, Lizarrara doa bidaia. Bertan, herri ihauteriek azken urteetan izan duten suspertze ikusgarria aztertzeko, Lizarrako Aldabika pertsonaiaren berreskurapena eta eskualdeko traktore lana azpimarratu dituzte Asier Crespo eta Ekhiotz Prietok. Halaber, herri giroa indartzeaz gain, euskalduntasunaren kontra ari direnen jarrera ahultzeko ihauteriek izan duten eragina nabarmendu dute.
Dokumentuaren akzioak