Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal ihautea eta ama-lurraren iratzartze errituala

Dokumentuaren akzioak

Euskal ihautea eta ama-lurraren iratzartze errituala

«Oroitu behar dugu garai zaharretan inotea Europa osoan zabaldurik zegoela. Jai bat baldin bada sustraitua munduan hauxe da, inautea (inauteria gaurko izena erabiliz), munduko bazter guztietan zabaldurik baitago». Ihauterien ospakizuna du ardatz artikulu honetan Joseba Aurkenerena idazleak.
Egilea
Joseba Aurkenerena
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2025/01/18
Lotura
Kazeta
Inaute guztietan azaltzen dira pertsonaia ugariak, eta anitzetan baina ez beti, inaute osoaren ardatza izaten den pertsonai bat. Lantzen, Miel Otxin da.
Inaute guztietan azaltzen dira pertsonaia ugariak, eta anitzetan baina ez beti, inaute osoaren ardatza izaten den pertsonai bat. Lantzen, Miel Otxin da. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Gure arbaso zaharrek, laborantzatik bizi zirenez gero, gogoeta sakona egin zuten urteaz, urtaroez, egunaren eta gauaren txandatzeaz, biziaren gurpilaz, eguzkiak urtean zehar egiten duen ibilbideaz, ilargiaren aldiez, egutegiaz, emankortasunaz, jainko eta jainkosez…  Eta horrela urtaroen banatzaile diren solstizio eta ekinozioetan euren jai erritual handiak ezarri zituzten.

Jai horietan naturarekin biziki lotuak ziren dibinitateak gurtzen zituzten: In edo –Inko-, Egu, Eki, Ilargi… eta jai hauek horien ohorez burutzen zituzten. Eguzkiaren besta handia udako solstizioaren inguruan izaten zen, eguzki jaioberriaren besta neguko solstizioan, Eguberri (eguzki berri) izeneko egunean,  eta In jainkoaren besta udaberriko ekinokzioan. Horrela izaki, hainbat adituren ustez, inautea azaltzeko dugu lehen hitza, INOTE litzateke, eta In jainkoaren garaia esan nahiko luke (In-o- +  -te).

Baina oroitu behar dugu garai zaharretan inotea Europa osoan zabaldurik zegoela. Jai bat baldin bada sustraitua munduan hauxe da, inautea (inauteria gaurko izena erabiliz, munduko bazter guztietan zabaldurik baitago. Bere errorik sakonenak antzinako denboretan gordetzen ditu, eta garai zahar haien oihartzuna ekartzen digu urtero, sentimendu zahar eta totemikoez jantzirik.

Horixe baita azken finean inautea, gure arbaso zaharren sinesmenetara urteroko itzulera. Gure Euskal Herri zahar honetan inauteak indar eta kolore handia hartzen du, eta garai bateko magiaren sua piztuta iraunarazten digu. Inautea jai solstiziala da, neguko solstizio edo neguburuaren jaia, eta solstizioaren inguruko errito bezala ulertu beharra daukagu.

Euskal mundu ikuskera zaharraren ezaugarri nagusiak

1.- Oso kontuan hartu behar dugu gure mundu-ikuskera zaharrean osotasuna, dena, batasun bakar batez ikusten zutela: Egu (hastapenetan) Ortzi (berantago). Osotasun batez sinesten zuten, baina osotasun horren barruan bazeuden bestelako izakiak eta indarrak.

2.- Euskal mundu ikuskera zaharra manikeista zen, aurkakoen etengabeko borrokan sinesten baitzuten. Den guztia da bere aurkako zuzena duelako, eta ideia honen sinbolorik adierazgarriena esbastika dugu (gure artean lauburu deitzen duguna), bere bi mugimenduen aurkakotasunean indar baikor eta ezkorrak aurkitu egiten baitira, talka egiten baitue. Euskaldunok beti izan gara arras manikeoak, eta ez bakarrik gure jainko-jainkosen aurkako dualismoetan (Eki/Ilargi, Mari/Maddu, Atarrabi/Mikelats…) baita bizitzaren, izatearen, beharbada hobeto esanda, alderdi guztietan ere. (Euskara/erdara, euskaldunak/erdaldunak, Euskal Herria / Erdal Herriak…) Edo gutarrak edo bestelakoak, azken finean. Zuberoako maskarada eta pastoraletan manikeismo hori agerian da.

3.- Euskal panteismoa ere oso kontuan hartzekoa da, dena Egu edo Ortziren zati dela sinesten baitzen. Gure arbaso zaharren ustez, den-dena jainkoturik zegoen, ezagutzen dugun guztia dibinitatearen zati baita.

4.- Eternala. Beraien ustez, dena betidanik eta betiko baita, hori bai  etengabeko mugimenduan eta eraldaketan. Hasierarik eta amaierarik gabeko gurpil ibiltariaz sinesten zuten, hau da, ahoaren barruan isatsa sartzen zuen sugearen mitoaz.

5.- Animismoa beste ezaugarri handia zen, izadiaren izaki ezberdinengan pertsonifikatzen baitzituzten ulertzen ez zituzten era guztietako fenomenoak edo gertakizunak. (Sugaar = tximista, Ostots = trumoia, Ilargi = heriotza, Eki = bizitza, Gaueko = ezezaguna, Laino = gaitza, Eate = haizea, Inguma = loa, Mari = ama-lurra…).

6.- Animismoarekin estu loturik naturalismoa dugu. Bai gure asaba zaharrak animistak ziren naturan bilatzen baitzituzten euren eredu eta jarrerak. Animalien presentzia zabala, berriz,  oso loturik dago naturalismoarekin (Zaldiko edo Zamalzain, Zezen Suzko, Zezengorri, Hartza, Sugaar, Mari bele bihurturik…).

7.- Mundu magikoaren presentzia. Ez gara bakarrik harriak, landareak, animaliak eta gizakiak mundu honetan, ez, badira gizakiaren gainean dauden bestelako izaki magikoak ere. Esate baterako: lamiak, basajaunak, galtzagorriak, sorginak…

Udaberriko ekinokziora doan denboraldi luzea

Gogoratu beharra daukagu zer-nolako garrantzia duten kulturan eta herri guztien errito eta sinesmenetan solstizioek eta ekinokzioek, hauen inguruan gauzatu baitituzte beren tradizioak, egutegia eta baita urte osoan izateko eta bizitzeko beharrezko filosofia edo jokaera ere.

Udako solstizioa oso uztarturik dago biziarekin, berotasunarekin, eguzkiarekin, eta Neguko solstizioa bere aurkakoa izanik, heriotzarekin, hotzarekin eta ilargiarekin. Manikeismo hutsa. Neguko solstizioa nahitaez pasatu beharreko denboraldi luze ilun hitsa da. Ekiren erresumara iristeko iragan beharreko Ilargiren menpeko erresuma. Negua poliki-poliki pasatzen da eta emeki-emeki eguzkiaren indarra gero eta handiagoa egiten da. Udaberriaren etorrera da, udaberriko ekinokzioaren etorrera.

Ilargi ahultzen joaten da eta Eki, berriz, indartzen. Ekik gero eta indar handiagoa du eta honek ama-lurraren esnatzea dakar, biziaren berrindartzea, etengabeko gurpil ibiltariaren alde baikorra. Eta hauxe da inautean urtero errepikatzen zaiguna. Hau dela eta, euskal inautea leku askotan urtarrilaren hastapenetan abiatzen da eta martxoan-apirilean bukatzen. Erritual luzea da neguko solstizioa eta udaberriko ekinokzioa lotzen dituena. Neguarekin etortzen diren indar eta izpiritu gaiztoak edo ezkorrak izutu eta uxatu behar dira, udaberriarekin etorriko diren indar baikorrei segida zabala eman ahal izateko. Eta hauxe da herri guztietako inauteetan, modu batez edo besteaz, egiten dena. Oroit dezagun adibide moduan, Ituren eta Zubietako joaldunak euren joare handiez edota eskuan daramaten zaldi-ilezko erratz horiek astintzen lortu nahi dutena: lurra iratzarri eta izpiritu gaiztoak euren herrietatik aldendu.

Inaute hitzari buruzko teoriak

Inauteri edo ihauteri hitzari buruz gauza asko esan diren arren, badirudi Julio Caro Barojak emandako interpretazioa dela zuzenena. Aipatutako antropologoaren irudikoz, hitz horren barruan hiru osagai edo elementu daude: IHO/IÑO edo IHAU/INAU aldaera, -TE atzizkia, eta azkenez, beste bigarren atzizki berantiarrago bat: -ERI. Aipaturiko lehen elementuak besta errituala esan nahiko luke, haren irudikoz. Lehen atzizkia (-te) garaia edo tenorea adierazteko erabiltzen da usu (elurte, haizete, eurite…) Eta bigarren atzizkiari dagokionez, esan dezagun oso erabilia dela gaitza, bizioa, edota nolakotasun txarra adierazteko (birikeria, nafarreria, lirdingeria…)

Bigarren atzizkia ezarri gabe, erabili izan da luzaz, eta gaur hitz hori darabilte bai Nafarroan eta baita Iparraldeko lurraldeetan ere: iñotea, ihotea, iñautea, ihautea… Badaude bestalde, lehen hitz horretatik eratorritako beste hitzak, normalean, burla, iraina edota kirtenkeriarekin loturik izaten direnak. Julio Caro Barojaren iritziz, inauteria sustraitua dago erokerietan edo eguneroko bizimodutik urrun dauden jarreretan. Hori dela eta, osagai hori duten hitzetan ezaugarri hori nabarmen gelditzen da. Ikus dezagun. INAKIN (iraina), INOZO (memeloa, lerdoa, ergela…), INULA, INUALA (kirtena, astapitoa, tontolapikoa…)

Bada, beste teoria bat inautea izendatzeko euskaldunok dugun hitz zaharrena INOTE dela azaltzen duena. Hitz hau bi osagaiz eginik legoke: IN (euskal jainko zaharra, Inko ere deitua) eta –TE (aroa adierazten duen atzizkia). Eta teoria honen arabera, inote In jainkoari eskainitako aro sakratua litzateke. Inote hitzaren atzean azaldu den –ERIA atzizki negatiboa, giristinoek jarri omen zioten, jai jentila edo paganoa zela ongi azaldu nahian.

Euskal inautearen ikono handiak

Azter eta aldera ditzagun orain lehenengo atalean ikusitako euskal mundu ikuskera zaharraren  ezaugarriekin euskal inautean azaltzen diren zenbait pertsonaia eta osagai:

1.- Inaute guztietan azaltzen dira pertsonaia ugariak, baina aunitzetan, ez beti, azaltzen da pertsonaia bat inaute osoaren ardatza izaten dena (Miel Otxin Lantzekoan, Markitos Zalduendokoan, Zanpantzar Lapurdikoan…) Hauxe oso lotua dago euskaldunon monoteismo bereziarekin, aniztasunean finkatutako monoteismoarekin edo osotasunarekin, alegia.

 

Pagolako maskarada. Patxi BELTZAIZ
Pagolako maskarada. Patxi BELTZAIZ

 

2.- Manikeismoaren etengabeko presentzia. Alde ona eta alde txarra. Izpiritu onak eta izpiritu gaiztoak. Batekoak edo bestekoak. Adierazgarriena Zuberoako maskarada dugu, bi aurkako muturretan banaturik baita: gorriak eta beltzak. Pastoraletan ere dualismo hori oso agerian dago: ate urdina eta ate gorria.  Hauxe dena errepikatzen da inaute guztietan, bi aldeetako pertsonaiak azaltzen baitira. Zenbait tokitan pertsonaia ezkorrek indar handia hartzen dute: Altsasuko momotxorroak, Unanuko mamuxarroak, Lantzeko txantxoak, Lapurdiko zirtzilak…

3.- Eternitatearen kontzeptua beti azaltzen da euskal inautean. Hasi egiten da gero bukatzeko. Baina hasiera eta amaiera gurpil batean lotzen dira, etengabeko gurpil ibiltaria gogora ekarri nahian. Bukatzean beti pertsonaietako bat hil egiten dute, Miel Otxin fusilatu egiten dute, Zanpantzarri su ematen diote, hirietako inaute urbanoetan, Tolosan, Donostian… sardina erretzen dute. Baina heriotza erritual honek berekin darama hurrengo urteko itzulera, su garbitzaileak ez du suntsitzen, berritzen baizik. Zuberoako maskaradetan gauza bera gertatzen da. Pitxu hiltzen dute denak bere gainean jarrita, jende-metaren azpian itota eta zapalduta nolabait esateko, baina azkenean bedeziak (sendagilea zubereraz) berpiztu egingo du. Naturaren urteroko berpiztea sinbolizatzen du, neguko solstizioan lotan geratzen dena eta udaberriko ekinokzioan berriro pizten zaiguna.

4.- Animismoa eta naturalismoa ere garbi islatzen dira, animalia eta izaki magikoen itxura hartzen duten pertsonaiengan. Aipa ditzagun inaute askotan azaltzen den HARTZA esanguratsua, (ez ahantzi zuberotarren ustez, hartza dela euskaldunon arbasorik zaharrena), ZALDIKO nafarra edota ZAMALZAIN zuberotarra, Bizkaia aldeko lamiak, azeriak, basurdeak, astoak… eta abar. Arrunt garrantzitsua da pertsonaia hauen inguruan gauzatzen diren erritualak: ferratzea, zikiratzea, odolez zikintzea, barrenak ateratzea eta jende artean hedatzea… eta abar. Hauetako zenbait sexuaren inguruko errito iniziatikoak ikus daitezke, Zamalzainen zikiratzean, esate baterako.

Badirudi, bestalde, inautea oso loturik dagoela lizunkeriekin eta haragi (txerrikia gehienetan) jatearekin. Aunitzen ustetan, inauterik arkaikoena oso lotua dago elementu orgiastikoekin.

Erlijio giristinoaren interferentzia euskal inautean

Esan dugu inautea solstiziala dela, paganoa, arkaikoa, jentila Euskal Herrian, eta gure inauteari dagokionez, aipatu ditugu garai bateko sinesmen zaharrekin lotzen dituen ezaugarriak edo bereizgarriak. Bai horrelakoxea da euskal inautea eta begi bistan geratzen da, denon agerian. Baina paganismoa itzali zen aspaldi, euskal jentilak gorde ziren Kixmiren erlijioaren etorrera eta ezartzearekin batera, eta hala eta guztiz ere, inauteak gaurko egunetaraino iraun du. Nola daiteke izan?

 

Tuterako inauteriak. Iñigo URIZ/FOKU
Tuterako inauteriak. Iñigo URIZ/FOKU

 

Giristino erlijioak bestelako morala, bestelako ikuspegia ekarri eta ezarri zuen, baina Garizuma bat aurrera eramateko behar zuen atseden eta askatasunezko denboraldi labur bat aurretik, egoera estutasunez ito ez zedin. Hau dela eta, inautea toleratu egin zuen, karnabala izenez deitua,  Garizumaren aurreko beharrezko denboraldi moduan. Hortik datorkio bizkaieraren eremuko herrietan inauteari ematen dioten izena, aratustea, haragia uztea alegia. Garizuman baraua eta abstinentzia aldarrikatzen zituzten, eta inautea litzateke haragia uzteko denboraldiaren aurrekoa.

Baina toleratu egin bazuten ere, zehazki arautu behar izan zuten, denbora zehatz baten barruan sartuz. Hori dela eta, inautea (giristinoek inauteria izenaz birbataiatua)  leku askotan Quincuagesimaren aurreko igandearen inguruko egunetan ospatzen dute (Quincuagesima Berpizkunde Pazkoren aurretiko berrogeita hamargarren eguna dugu, Garizumaren aurreko igandea).  Hau da, aipatu igande horren aurreko ostegunetik hasita, ondorengo asteartera arte. Gero, Hausterre etorriko da inauterian egindako bekatuak barkatzeko eta Garizuma arima bekataria garbitzeko. Ziklo bat bukatuko da besteari hasiera emateko. Eta hemen lotzen dira giristino errito berriak paganismoan aldarrikatzen zen etengabeko gurpilarekin, zikloak urtero errepikatu egingo baitira.

Inauteak ekarri ditu gaurko egunetaraino jentilen mezu solstiziala, etengabeko gurpilaren oroitzapena eta  aurkakoen borroka sortzailearen oihartzuna, baina baita bigarren aldi batean gehitu zizkioten kristau erlijioaren mezu eta janzkera ugari ere. Eta azken honekin nahasirik iritsi zaigu XXI. mendeko gaurko egunetara.

Dokumentuaren akzioak