Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Urrezko domina Sagasetari

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Urrezko domina Sagasetari

Euskal dantzak biltzen eta berreskuratzen egindako lanagatik jasoko du Urdiaingo apaizak omenaldia. Bihar, irailaren 15a, izanen da omenaldia Urdiainen

Mende erdia baino gehiago pasa da Miguel Angel Sagaseta apeztu zela. Iruñean lehenengo meza eman ondoren, Luzaiden apaiz izan zen. Herriko dantzak bereziak zirela konturatu zen, eta bildu behar zituela pentsatu zuen. Gaur egun, Sagasetaren dantzen bilduma "altxor" bihurtu da: "bestela gure herriko plazetan dantzatzen diren jauzi asko galduak egongo ziren", Euskal Herriko Txistulari Elkarteak azaldu duenez. Hortaz, egindako lanagatik Miguel Angel Sagasetak jasoko du elkartearen aitorpen gorena eta omenaldia bihar, irailaren 15a, larunbata, Urdiainen.
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Urdiain
Mota
Albistea
Data
2018/09/14
Lotura
Guaixe

Luzaideko bolanteak zerbait "magikoa" zirela esan zuen Sagasetak, gordetu beharreko zerbait. Baina ez zen Luzaiden gelditu, eta motorrean inguruko herrietara joan zen hango dantzak ere biltzeko asmoz. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan zehar ibili zen jauziak eta musikak biltzen. Bilketa horretan jasotakoarekin 1977an Luzaideko dantzak liburua argitaratu zuen, 2011. urtean osatu zuena.

Txistularia ere bada Sagaseta, hortaz, Leitzara lekualdatu zenean herriko txistulariak grabatu eta melodiak transkribitu zituen. Partitura horiekin txistu eskola bat sortu zuen. Ondoren Etxarri Aranatzera lekualdatu zuten, eta pilatutako grabazio eta partiturak berak sortutako eskolari oinordetzan utzi zizkion. Gaur egun, Urdiaingo apaiza da.

Omenaldia
Sagasetak euskal musikak eta dantzak biltzen eta berreskuratzen egindako lana ezinbestekoa izan dela esan dute Euskal Herriko Txistulari Elkartetik. Hortaz, elkarteak aho batez erabaki zuen aurtengo Urrezko domina Urdiaingo apaizari ematea. Egun osoko ekitaldi osatua prestatu dute Urdiaingo Udalaren laguntzarekin.

Txistulariak frontoian elkartuko dira, 09:30ean. Ondoren, udaletxe plazatik aterata kalejira eginen dute eta Sagasetari harrera eginen diote herriko sarreran. Segizioa udaletxeraino joanen da eta bertan agintariek harrera eginen diote.

12:00etan Urrezko domina ezartzeko ekitaldia izanen da. Jarraian Urdiaingo Udalaren eskutik hamaiketakoa izanen dute. 13:00etan txitularien kontzertua izanen da herriko plazan. Sagasetak jasotako dantzak eta jauziak entzun ahalko dira: Jean Mixel Bedaxagarrek, Luzaideko bolanteek, Urdiaingo txistulariek eta dantzariek, Ortzadar dantza taldeak eta Euskal Herriko txistulariek eginen dute emanaldia. Eguna amaitzeko parte hartzaileak mahai inguruan bazkaltzera  bilduko dira herriko frontoian.

Egitaraua
09:30. Txistularien elkarretaratzea, frontoian.
10:30. Kalejira, udaletxe plazatik
11:20. Sagasetari harrera, herriko sarreran. Segizioa udaletxeraino eta agintarien harrera
12:00. EHTEren urrezko domina ezartzeko ekitaldia, udaletxean
12:30. Hamaiketakoa udalaren eskutik
13:00. Aita Migelek jasotako jauzi eta dantza doinuen txistularien kontzertua, herriko plazan
14:30. Anaia arteko bazkaria, frontoian

Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Urrezko domina Sagasetari

Dokumentuaren akzioak