Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko ondarea balioztatzen duen jantzi tradizionalen erakusketa
Pizkundearen garaiko eta 19. mendeko euskal jantzi tradizionalak ikusgai dira abuztuaren 29a arte Hendaiako Mendi Zolan gunean.
Biarritzeko Maritzuli dantza konpainiak Pizkundearen garaiko eta 19. mendeko euskal jantzi tradizionalen erakusketa antolatu du Hendaiako Mendi Zolan gunean. Abuztuaren 29a arte ikusgai dagoen aurkezpenak, mundu folklorikotik urrunduz, garaian jendea nola janzten zen islatu du.
Claude Iruretagoyena gaur egun Maritzuli konpainiako zuzendaria izateaz gain, dantza irakaslea da ere. Horri esker, harreman zuzena izan du euskal jantzi tradizionalekin eta horren bidez Euskal Herriko ondarea balioztatzea garrantzitsua iruditu zitzaion. Gainera, bere iritziz, erakusketa honek "gazteen irudimena pizten ahalko luke, inspirazio berri bat ekarraraziz". "Modaren mugimendua horrela ibiltzen da", aipatu du.
"Garaian zer janzten zuten ikertuz, gaur egun nola janzten garen ulertzeko baliagarria da. Iraganetik gaurkotasuna ulertzen da eta etorkizunerako gauzak ikasten laguntzen digu", azaldu du Iruretagoyenak.
Antzekotasunak
Erakusketan 40 bat jantzi ikusgai dira. "Betidanik janzteko printzipioaren helburua gorpua apaintzea izan da", zuzendariaren arabera. "Gaur egun umorearen edo eguraldiaren arabera, gisa batez edo besteaz janzten gira", gehitu du.
Pizkundea eta 19. mendeari konparatuz, emazteek bizi duten aldaketarik nabarmentsuena galtzaren erabilera da. Gizonen kasuan, berriz, "elementu berdinak atzemaiten ditugu: galtza luzea, jaka eta txalekoa". "Gizonetan gonaren erabilera galdu da; Eskozian salbu", esplikatu du zuzendariak.
Sentimenduak adierazten laguntzeaz gain, jantziek pertsonaren jatorria identifikatzera laguntzen dute. "Surflarien kasuan, adibidez, jantzi koloredunak erabiltzen dituzte eta 19. mendean printzipio berdina segitzen zuten Bizkaia edo Gipuzkoan", kontatu du.
Berezitasunak
Claude Iruretagoyenari garai horretan emazteek erabiltzen zituzten orrazkerak deigarriak iruditu zaizkio. "Adar baten forma zuten eta jende anitz estaltzeko erabiltzen zuten jantzi horren formari interesatu dira", azaldu du. Hain zuzen ere, Zugarramurdin irudi horiek ikusi ahal izan dira eta ohitura hori sorginekin erlazionatu dute; zuzendariarentzat "erabat faltsua" den baieztapena.
Orrazkera enigmatiko horiek bakarrik Euskal Herrian ikusi dira; Turkian ere agertu diren arren. Dantzariak, Pariseko liburutegi nazionalean orrazkera horren 400 bat irudi atzeman dituela esplikatu du. "Jakin-mina pizten duen euskal historiaren zati bat da", erran du.
Mementoz, Hendaiako erakusketak arrakasta handia izan du bertako langileek diotenez. Maritzuliko kidearen arabera, "jendeak jakiteko beharra du". "Gizartea aztoratua da eta ahazteko beste garai batzuetara bidaiatu nahi du", azaldu du Claude Iruretagoyenak.
Dokumentuaren akzioak