Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herriko muga guztiak gainditu ditu dantzak

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko muga guztiak gainditu ditu dantzak

Komunikabidea
Deia-Ortzadar
Mota
Albistea
Data
2009/09/26

Geografiak eta administrazioak jarritako mugak gaindituz, hemen da Dantza Hirian jaialdia. Gaur egungo dantza kalera ateratzen duen mugaz gaindiko jaialdi ibiltaria. Antzerkiaren alternatiba eta arkitekturaren eta dantzaren arteko zubi ere bada ekimen hau.

Laugarren edizio honen programan ondorengo ekitaldiak izaten ari dira: hamaika dantza- konpainia, zortzi orduko ikuskizunak, erabat doan. 20 hiri-paisaia. Oraingo honetan zazpi hiritan banatu dira ikuskizunak, iaz baino hiru gehiagotan: Donosita, Irun, Baiona, Errenteria, Ziburu, Azkaine eta Hendaia. Parte hartuko duten artistetatik bat da egoiliarra.

Estreinaldi bat ere izan da. Saio gehienak helduentzat baldin badira ere, ikasleentzako hiru izango dira. Hilaren 18an hasi zen jaialdia Donostian, eta Errenterian xahutuko ditu azken indarrak. Aurtengo egitarauak koreografo euskaldunen lana nabarmendu nahi du. Hori dela eta, 11 konpainietatik sei bertakoak dira. Hala ere, horietako bik kanpoan egiten dute lan.

Gainontzeko taldeak Frantzia Espainia eta Ingalaterratik datoz.Hauek dira taldeak: Mariantonia Oliver (Palma de Mallorca); Mikel Aristegi (Donostia- Berlin); Iker Gomez (Eibar); Entretenidos (Bilbao- Londres); Natxo Montero (Bilbao); Nats Nus (Bartzelona); Decalage (Londres); Kukai (Errenteria); L´Adret (Andernos- Frantzia); Entremans (A Coruña); Irun Break (Irun).

Dantza Hirian ikuskizuna Baiona-Donostia Eurohirian garatzen ari da, tradizioz dantza mota guztiei harrera ona egin izan dien ikusleria baten sorterrian. Laugarren edizio honen programa Donostia, Irun, Errenteria, Azkaine, Ziburu, Hendaia eta Baionako tokirik garrantzitsuenetara ere iritsi da, eta etorkizuneko edizioetan Eurohiriko beste herri batzuetara ere hedatuko da.

OARA izeneko erakundeak antolaturik (Office Artistique de la Région Aquitaine), profesionalen arteko topaketa bat bat ere izan da jaialdiaren barruan. Bertara, Akitaniako eskualdeko (Frantzia) zenbait kale-jaialditako zuzendariak etorri dira, eta jaialdiaren inaugurazio- ekitaldian parte hartu dute. Hilaren 18an eta 19an, Donostian eta Irunen, Dantza Hirian ezagutzeko eta kaleko arteen azken joerei buruzko iritziak trukatzeko aukera izan zuten.

Jaialdiarekin lotuta, modu paraleloan, eta programazioaren barruan ohi den moduan, Dantzatzen duten hiriak izenburua duen bideo-zikloa aurkeztu du. Bertan, hiri-paisaietako programazioak aurkeztu dituzten eta DDH (Dantzatzen Duten Hiriak) izeneko Nazioarteko Sareari atxikita dauden jaialdi independente batzuetako erreportajeak eta dokumentalak ikusteko aukera izan da.

Dokumentuaren akzioak