Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko inauterietako pertsonaiak biltzen dituen erakusketa dago ikusgai Elorrion
Iruñeko San Juan Xar kultur elkarteak prestatutako erakusketak “Euskal Herriko ihauteri garrantzitsuenen errepasoa da”, egileen esanetan. Erakusketa osatzen duten piezak jatorrizko pertsonaien kopia dira eta erakusketan dagoen usaina eta musika egokiak “ohitura zaharrak ulertu eta bere garrantzia miretsiko dute”, antolatzaileen esanetan.
Erakusketa honetan azaltzen diren pertsonaiak bost ataletan banatzen dira. 18 pertsonaietatik sei Iruñeko Donibane auzoko karnabaletan agertzen dira: ‘Zezengorri’, ‘Ahari’, ‘Basurde’, ‘Gaueko’, ‘Zaldia’ eta ‘Lamia’
Lantzeko ihauterian parte hartzen duten bost pertsonai ere agertzen dira erakusketan: ‘Zaldiko’, ‘Ziripot’, ‘Txatxo’, ‘Miel Otxin’ eta ‘Perretzailea’.
Altsasuko ihauterikan azaltzen diren ‘Akerra’, ‘Momotxorroa’ eta ‘Sorgina’rekin batera Ituren eta Zubietako karnabaletako protagonistak diren ‘Zanpanzarra’, ‘Hartza’ eta ‘Ijitoa’ ere erakusketan daude. Bilduma Ziburuko ‘Kotilungorri’k osatzen du.
Pertsonai bakoitza Joxe Miel Barandiaran, Jose María Satrustegi, José María Jimeno Jurío eta abarren ikerketetatik ateratako azalpenarekin batera agertzen dira.
Pertsonaia eta testuekin batera erakusketan agertzen diren eta agertzen ez diren ihauterien irudiak proiektatzen dira, “pertsonaia bakoitza bere ‘habitat’ naturalean nola aritzen den ikusteko, guzti hau musika egoki batekin aurkeztuta”, antolatzaileen esanetan.
Iruñeko San Juan Xar kultur elkarteak 2006 urtea aurretik egindako erakusketan oinarritzen da. Urte horretan pertsonaiak eta erakusketa bera zaharberritu, hobetu eta handitu egin zuten eta harrezkero Nafarroako herrietan zehar egoteaz gain Euskal Herriko beste zenbait herritan ere ikusgai egon da.
Dokumentuaren akzioak