Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herriko Dantza Agerketak saio bakarra izango du aurten, egungo egoerara egokituta

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko Dantza Agerketak saio bakarra izango du aurten, egungo egoerara egokituta

Egilea
Maider Ibañez
Komunikabidea
Geuria
Tokia
Basauri
Mota
Albistea
Data
2020/09/12
Lotura
Geuria

Euskal Herriko Dantza Agerketaren 48. edizioa hemen da. Egungo osasun-egoerara egokituta, saio bakarra antolatu dute irailaren 19an, larunbatez, eta Social Antzokian izango da 20:00etatik aurrera.

Ikuskizunaren formatua ez da ohikoa izango. Izan ere, ikus-entzunezko euskarri berritzailean oinarrituko da aurtengo Dantza Agerketa. “Aurten ezinezkoa izan dugu zazpi herrialdeetako taldeak ekartzea, baina lurralde bakoitzeko dantza adierazgarrienen bideo-muntaia laburrak proiektatuko ditugu”, dio antolakuntzak. Bideoetan Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako dantza adierazgarrienak erakutsiko dituzte, aurreko 47 edizioetan grabatutakoak. Gainera, bideo bakoitzarekin batera, Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeetako dantzari bikote batek dantza-sarrera bat egingo du. Basauriko dantzariez gain, Bilboko Beti Jai Alai taldeko dantzariak eta Bizkaiko Gaiteroak izango dira.

Segurtasun-neurri guztiekin antolatu dute XLVIII. Euskal Herriko Dantza Agerketa. Social Antzokira 200 ikusle sartu ahal izango dira, segurtasun distantziak mantenduko dira, maskara jantzita eraman behar da eta gel hidroalkoholikoa egongo da sarreran. Sarrerak irailaren 12tik aurrera eskuratu daitezke doan Social Antzokiko leihatilan, astelehenetik igandera 18:00etatik 21:00etara.

Era berean, streaming bidez ere saioa eskainiko dute. Euskal Herriko Dantza Agerketak Facebooken, Twitteren eta Youtuben dituen profilen bidez jarraitu ahal izango da. Sare sozialetan #DantzaAgerketa traola sortu dute.

“Uste dugu urtez urte jarraitzen digun publiko fidela ezin dugula utzi Dantza Agerketa gabe. Euskal Herrian ekitaldi bakarra da non zazpi herrialdeetako dantza autoktonoak erakusten diren, beti ere bertako dantzariek dantzatuta. Era berean, horrelako dantza taldeek euskal folklorea eta bere sustraiak zaintzeko eta bere horretan mantentzeko egiten duten lana ere aitortu nahi dugu”, dio antolakuntzak.

Omenaldia Nerea de Egurrolari eta Peto Lezametari

Euskal Herriko Dantza Agerketak omenaldia egingo die Nerea de Egurrolari eta Peto Lezametari. “Haien senide, lagun eta taldeei gure elkartasun eta animoa erakutsi nahi diegu. Eurei, Nerea eta Petori, Peto eta Nereari, gure oroitzapenik sentikorrena eta gure eskerrik beroenak beraien eskuzabatasunagatik, Basauriko dantza eta euskal kulturaren alde hainbeste urtetan egin duten lan eskergagatik: eskerrik asko bihotz-bihotzez!”, diote.

Nerea de Egurrola urtarrilean hil zen. Basauritar Dantza Taldeko dantzari ohia zen eta azken urteetan EHDAko batzordekidea zen. “Gainerako taldekideekin partekatutako zereginez gain, Nerea Iparraldeko talde askorekin izan ditugun harremanez arduratzen zen”, diote.

Peto Lezameta Edurre Dantza Taldeko kide historikoa maiatzean zendu zen. “Petok Dantza Agerketaren funtsa eta ezaugarririk behinenak mantentzearen garrantzia erakutsi zigun, garai berrietako gustu eta aukeretara egokitu arren ere: talde autoktonoen topaketa izatea, euren lanari balioa eman eta ikusleei ere gure jatorrizko folklorea ezagutzeko aukera emango diona. Antolakuntza-lanak utzi eta gero ere, ikusle leial mantendu zen beti Peto eta ezinbesteko erreferentzia izan da horretan jarraitzen dugunontzat”, diote.

Dokumentuaren akzioak