Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herriko Dantza Agerketak hamar talde batuko ditu aurten, 50. edizioan

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herriko Dantza Agerketak hamar talde batuko ditu aurten, 50. edizioan

Egilea
Maider Ibañez
Komunikabidea
Geuria
Tokia
Basauri
Mota
Albistea
Data
2022/09/14
Lotura
Geuria
Azken urteetan Social Antzokian antolatu behar izan dute ekitaldia, pandemia dela edo eguraldia dela // Geuria

Euskal folklorearen inguruko ekitaldi batek 50 urte betetzea ez da marka makala. Basaurin urtero antolatzen den Euskal Herriko Dantza Agerketaren kasua da: aurten 50. edizioa antolatuko dute irailaren 17an, larunbatez.

Edizio berezi honetan ohi baino dantza talde gehiago ekarriko dituzte, eta horiek dira: Indarra (Gasteiz, Araba), Lanestosako Dantzariak (Lanestosa, Bizkaia), Etorkizuna (Lekeitio, Bizkaia), Erketz (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), Udaberri (Tolosa, Gipuzkoa), Danzantes de San Lorenzo (Iruñea, Nafarroa), Zubietako Ioaldunak (Zubieta, Nafarroa), Begiraleak (Donibane Lohizune, Lapurdi), Garaztarrak (Donibane Garazi, Nafarroa Beherea) eta Atharratzeko Dantzariak (Atharratze, Zuberoa). Lekeitioko Estudiantina ere etortzekoa da Basaurira.

Euskal Herriko Dantza Agerketa Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek antolatzen dute, Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin // Geuria

“Aurreko edizioetan bospasei talde autoktono ekarri ditugu Basaurira, Euskal Herriko Dantza Agerketara, baina aurten, edizio berezia izanda, hamar talde ekartzeko aukera izan dugu”, dio Pili Castro Euskal Herriko Dantza Agerketako antolatzaileetako batek: “Edizio berezia da eta oso pozik gaude antolatu dugunarekin”. Ekitaldi nagusia Bizkotxalde parkean izango da (19:00), baina eguerditik aurrera emanaldiak egingo dituzte talde gonbidatuek San Migelen, Basozelain, Kareagan, Arizen eta erdigunean (12:30); arratsaldean, 18:15ean, kalejira egingo dute Social Antzokitik Bizkotxaldera. Euria bada, ikuskizun nagusia Basauriko antzokian izango da, sarrera doan. Ekitaldi nagusia streaming bidez jarraitu ahal izango da Youtuben, Euskal Herriko Dantza Agerketaren kanalean.

Erakusketa Pozokoetxen

‘Basaurin sekulakoa egiten ari gara azken 50 urteotan’ izenburupean, erakusketa bat zabaldu du Euskal Herriko Dantza Agerketaren antolakuntzak Pozokoetxe Kultur Etxean. Ekitaldia iragartzeko garai desberdinetan sortutako kartelak eta argazkiak eta 50 urteko historian zehar gertatutako bitxikeriak ikusgai izango dira erakusketan irailaren 24ra arte, astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 13:15era eta 16:30etik 20:00etara. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak utzitako hainbat jantzi tradizionalekin osatzen da erakusketa. Gainera, ikastetxeetako haurrentzat bisita gidatuak egiteko aukera eskaini dute.

Erakusketaz gain, irailaren 16an erromeria izango da Solobarria plazan 19:00etatik aurrera, baita txorizo dastaketa sagardoarekin eta haurrentzako tailerrak ere. Egun horretan ere Kantuz Kantu Basaurin ekimena izango da erromeria bukatu ondoren, Solobarria plazatik abiatuta. Aurreko edizioetan Euskal Herriko Dantza Agerketa asteburu bakarrean izan da, baina aurten, urrezko ezteiak direla eta, bi asteburutan izango da: hain zuzen ere, Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek, ohi bezala irailaren 18an, igandez, dantzatu beharrean, herriko taldeen emanaldia irailaren 25ean izango da Social Antzokian (19:00).

Euskal Herriko Dantza Agerketa | 2022

50. edizioa · Basauri

Irailak 12-24
– Erakusketa: Euskal Herriko Dantza Agerketa, 50 urte
Pozokoetxe Kultur Etxea
10:00-13:30 / 16:30-20:00, astelehenetik larunbatera

Irailak 16, ostirala
– Guztiontzako erromeria, txorizo dastaketa sagardoarekin eta haurrentzako tailerrak
19:00 Solobarria plaza

– Kantuz Kantu Basauri
20:15 Solobarria plazatik

Irailak 17, larunbata
– Gonbidatutako dantza taldeen emanaldiak Basauriko auzoetan
12:30 San Migel, Basozelai, Kareaga, Ariz eta Erdigunea

– Gonbidaturako dantza taldeen kalejira
18:15 Social Antzokitik Bizkotxaldera

– Gonbidaturako dantza taldeen emanaldia
19:00 Bizkotxalde parkean
*Indarra (Gasteiz, Araba), Lanestosako Dantzariak (Lanestosa, Bizkaia), Etorkizuna (Lekeitio, Bizkaia), Erketz (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), Udaberri (Tolosa, Gipuzkoa), Danzantes de San Lorenzo (Iruñea, Nafarroa), Zubietako Ioaldunak (Zubieta, Nafarroa), Begiraleak (Donibane Lohizune, Lapurdi), Garaztarrak (Donibane Garazi, Nafarroa Beherea) eta Atharratzeko Dantzariak (Atharratze, Zuberoa). Lekeitioko Estudiantina.

Irailak 25, igandea
– Basauriko dantza taldeen emanaldia: Agintzari, Basauritar eta Edurre
19:00 Social Antzokia

Dokumentuaren akzioak