Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko Dantza Agerketak eta Pintxo Festak asteburua elkarbanatuko dute
Berezitasun bezala aurten Argentinako Euskal Etxeetako 15 gazte etorriko dira Basaurira Dantza Agerketa ikustera eta bertatik bertara ezagutzera. Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programaren bitartez Euskal Herrira etorri dira 19 eta 30 urte bitarteko hamabost gazte, euskal dantzei buruzko prestakuntza trinkoa jasotzera. Gasteizen daude prestakuntza-saioak jasotzen, eta asteburua aprobetxatuta, Basaurin izango dira bisitan.
“46 urtetan zehar Euskal Herriko Dantza Agerketa dantza-talde autoktonoen erakusleiho izan da eta hori, pozgarria ez ezik, harro egoteko modukoa ere bada basaurirentzat eta antolatzen duten herriko dantza-taldeontzat”, dio Pili Castro EHDAko antolatzaileetako batek. Hain zuzen ere, Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek antolatzen dute urtero Euskal Herriko Dantza Agerketa, Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Horrez gain, BBKren eta herriko zenbait erakunderen laguntza ere jasotzen dute (hala nola, txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea, Sustraiak eta San Jose eta Bizkotxalde Ikastetxeak), baita Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarena ere. Jose Mari Oiarzabal Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidentea da, eta bere esanetan, “Euskal Herriko Dantza Agerketa euskal folklore tradizionalaren ezinbesteko erreferentzia bihurtu da”. Aurkezpenean ere izan dira Kepa Ogiza antolakuntzako kidea eta Andoni Busquet Basauriko alkatea.
Helmuga Basauri – Pintxo Festa 2018
Euskal Herriko Dantza Agerketaz gain, Basaurik beste jarduera nagusi bat hartuko du asteburu berean. Hain zuzen ere, irailaren 14tik 16ra bitartean Helmuga Basauri-Pintxo Festa 2018 ekimena ospatuko da. Basauriko Udaleko Merkataritza Arloaren ekimen horrek herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea du helburu, eta asteburu horretan pintxo-lehiaketa eta musika-ekitaldiak antolatu ditu. “Euskal Herriko Dantza Agerketa eta Helmuga ekimenei esker asteburuko plan ederra izango da Basaurin. Erromeriaz eta dantza-emanaldiez gozatu, bertoko denda eta saltokietara hurbildu eta, musika zuzenean entzuten den bitartean, pintxo-lehiaketan egindako produktuak dastatzeko aukera egongo da”, dio Andoni Busquet Basauriko alkateak.
Euskal Herriko XLVI. Dantza Agerketa – Egitaraua
Irailak 14, ostirala
19:00 Erromeria Solobarria plazan: “Parte har dezakezu, nahiz eta dantzan jakin ez”. Sagardoz egositako txorizo dastaketa ere egongo da
Irailak 15, larunbata
18:00 EHDA, kalejira Social Antzokitik
19:00 EHDA Bizkotxalde parkean. Euria bada, Social Antzokian
Irailak 16, igandea
19:00 Dantza saioa Basauriko dantza taldeekin Bizkotxalde parkean: Agintzari, Basauritar eta Edurre. Euria bada, Social Antzokian
Dokumentuaren akzioak