Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herrian dantza ikasketa serioak bultzatzea ezinbestekoa da

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herrian dantza ikasketa serioak bultzatzea ezinbestekoa da

Noemi Viana. (Dantzaria)

Egilea
Zuriñe Velez de Mendizabal Etxabe
Komunikabidea
Euskonews Gaztea
Mota
Albistea
Data
2011/01/07
Lotura
Euskonews Gaztea

Betidanik gustatu omen zaizu kirola egitea, eta aurreneko urratsak gimnasia erritmikoan eman zenituen txikitan.

Halaxe da, bai. Bederatzi urte nituenean hasi nintzen nire ikastetxe alboko gizarte etxean, eta hamasei urte bete arte aritu nintzen diziplina horretan. Eta nahiz eta gimnasia utzi, ez nintzen geldi geratu, betidanik gustatu izan baitzait kirola egitea; horren erakusgarri da ikasketak ere bide horretatik bideratu izana, esaterako.

Dantzatzeko unean baliagarriak zaizkizu orduan ikasitakoak?

Egia da gimnasia erritmikoan ikasitakoak dantzari fazetarako lagungarria suertatu zaizkidala. Hartu kontuan oso berandu hasi nintzela dantzatzen; 24–25 urte nituen, benetan arraroa erreparatzen badugu normalean profesionalak txikitatik hasten direla! Baina esango nuke gimnasiari esker teknika barneratuta eduki dudala, eta betidanik kirolari lotuta egon naizenez gero, heldua izan arren ere, erraza suertatu zitzaidala esparru berrira egokitzea.

Lisboan deskubritu zenuen dantzatzeko zaletasuna oker ez banago...

Bai, IVEF ikasten ari nintzen momentu hartan eta Erasmus beka eskuratuta abiatu nintzen Portugal aldera. Oso urte polita izan zen, etxetik kanpo nengoen lehenengo aldia zen eta asko ikasi nuen. Dantza fakultate batean sartu nintzen, eta esango nuke nahi gabe eduki nuela kontaktua dantzarekin; hain justu hautatu nituen ikasgaien ondorioz, talde bat eratu nuen ikaskide batzuekin, ikuskizun bat sortu eta Portugaleko hondartzetan zenbait emanaldi eskaini genituen. Halaxe hasi zitzaidan dantza benetan interesatzen.

 
Argazkia: Noemik utzia.

Urte hori amaitu, Donostiara etorri eta lanean hasi nintzen, baina ez nuen askorik iraun. Ezen, barruan neukan grina berri horrek Londresera dantzan sakontzera joateko behar nuen indarra eman zidan. Dena utzi eta The Place deitzen den eskolan eman nuen izena, dantza garaikidea ikasteko asmoz.

Egia esan nire buruari opari bat egin nion bertara joanez; ordurako ikasketei dagokienez guztia bukatuta neukan, eta urtebetez dantzan aritzeko xedearekin abiatu nintzen. Baina egoera aldatu egin zen, buru–belarri sartu nintzen dantza arloan eta azkenean bi urte eta erdiko egonaldia egin nuen Londresen. Esperientzia moduan zaila izan zen, hirira ez baitzait bizitzeko moduko tokia iruditzen; baina bestaldetik, dantzari buruz dakidan guztia ikasi dut bertan eta urte oso emaritsuak izan zirela aitortzen dut.

Ingalaterrako esperientzia amaituta Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen; argi neukan hemen kanpamentu–basea edukitzea beharrezkoa nuela, nahiz eta lan kontuengatik kanpora bidaiatu noizean behin. Buruarentzako oso garrantzitsua da nora bueltatu edukitzea.

Eta ordutik proiektu ugaritan aritu zara, batzuetan bakarka, eta bestetan koreografo ezberdinen alboan.

Halaxe da. Etxera itzuli eta poliki–poliki lan aukerak agertzen hasi zitzaizkidan, dela Portugal aldean, edota hemengo koreografo batzuekin, besteak beste. Baina gainera, esan duzun bezala, neure kabuz ere zer edo zer sortu dut eta horrek, lan egiteko bi moduak zein desberdinak diren ikusteko balio izan dit.

Esate baterako, beste profesional batzuentzako lan egin izan dudanean, beraien eskuetan instrumentu edo plastilina zati bat izango banintz bezala sentitu izan naiz; dantzariok sortzen dugu emanaldia, gu gara subjektu aktiboa, baina beraiek erabakitzen dute guztia. Aldiz, zure koreografia propioa sortzerakoan, barruan duzun guztia ateratzen duzu, zuk erabakitzen duzu dena, hasieratik amaierara... Eta oso polita da.

Ederra bai, baina lan handiagoa ere egin beharko duzu!

Zalantzarik ez! Azken finean ardura guztia norberaren gain geratzen da, eta publikoari emaitza gustatzen bazaio bikain, eta bestela...

Alabaina, zuk sortutako aurreneko koreografiak harrera ona eduki du, ezta?

Hala dirudi! (barre) Madrileko Koreografia Lehiaketan lehenengo postuan geratu nintzen 2010eko abenduan, PI–20 izeneko ikuskizunarekin. Koreografiaren jatorria nire haurtzaroan dago, hain zuzen ere, ezkutaketaren antzeko jolas batetan, zeinetan zenbatzerako orduan, Pi–1, Pi–2, Pi–3... kontatu behar zen.

Lan honi buruz gauza asko esan genezake, gai ugari hartzen baititu bere baitan. Alde batetik , ez da pieza narratibo bat eta ez du ohiko egitura jarraitzen; bestetik, txikitako inozentzia adierazi nahi izan dut, eta gainera, ez nion generoari garrantzirik eman nahi. Horretarako bi izaki agertzen dira eszenan, biak berdin jantzita eta ez dakizu gizonezkoak edo emakumezkoak diren, harik eta ikuskizunak aurrera egin eta bi pertsona horiek euren sexualitatea bilatzen ari direla jabetu eta genero ezberdinetakoak direla ohartu arte.

Pagoeta
Argazkia: Noemik utzia.

Eta koreografia prestatzeko denbora asko behar izan al zenuen?

Egia esateko nahiko erraza izan da prozesua. Izan ere, Eusko Jaurlaritzari diru–laguntza eskatu nion bideo–dantza bat egiteko eta Madrileko Jesus Rubio lagunarekin elkartu nintzen proiektu hartarako. Behin amaituta, ikusi genuen akaso duo berri bat sortzeko aukera geneukala eta bideorako prestaturiko dantza apur bat gehiago landu genuen. Hala gauzatu zen Pi–20; Madrileko lehiaketara aurkeztu, eta irabazi egin genuen! Kasualitateak bultzatu gintuen proiektu honetara; guk badaezpada ate bat zabaldu genuen eta aurrera egiteko aukera eduki dugu.

Eta zer nolako garrantzia dauka sari honek zuretzako?

Pisu handiko emaitza izan da bai nire bizitza pertsonalean eta baita profesionalean ere. Hartu kontuan orain arte beste batzuentzako lanean ibili naizela, eta Pi–20 nire kabuz sortu dudan lehenengo lana izan dela.

Madrilen sei sari eskuratu ditugu; oso–oso pozik nago, eta gainera, aurrera egiteko indarberrituta sentitzen naiz. Horrekin lotuta esan nahiko nuke askotan dantzaren mundua ez dela erraza izaten, beti dirua edota entsegutarako leku bat eskatzen ibiltzen baikara, eta sari honi esker, dirua jaso eta gainera lan egiteko bi gune utziko dizkigute. Halaber, Vienara bidaiatzeko beka bat irabazi dut, jaialdi batetara joan eta formazioa jasotzeko. Denetarik eskuratuta, nola ez naiz pozik egongo!!

Sortzeko laguntza bila ibili behar zaretela aipatu duzu. Uste al duzu instituzioen aldetik gehiago egin zitekeela dantza bultzatzeko?

Zalantzarik ez. Hemen Euskal Herrian ez dago gauza handirik gure lanbidearekin lotuta eta bi irakurketa egin daitezke horren harira. Alde batetik, txarra da egoera, esan nahi baitu ez daukagula dantza kultura nahikorik; eta bestaldetik ona da, dena egiteko baitago oraindik, eta gure eskutan geratzen da oinarriak eraikitzea. Baina horretarako laguntzak behar ditugu, eta maiz zaila izaten da. Egia da batzuetan eskaintzen dituztela diru–laguntzak; halere, ez da askorik ematen, eta normalean proiekturen bat sortzeko izaten da justu–justu. Ondorioz, bigarren lan bat edukitzea funtsezkoa dugu bizirauteko.

Horrez gainera, ikasketak egiteko kanpora joan behar izaten gara, eta esango nuke Euskal Herriko dantzari gehienon egoera dela. Eta tamalgarria da, ezen nahiz eta badauden kontserbatorio edota konpainia gutxi batzuk, egun ez daude ikasketa serioak, eta hori bultzatzea ere ezinbesteko gaia dela iruditzen zait.

Pagoeta
Argazkia: Noemik utzia.

Inoiz pentsatu al duzu zer izango litzatekeen zure bizitza dantzarik gabe?

Egia da dantza oso berandu deskubritu nuela, baina ordutik jakin badakit nire bizitza borobiltzeko behar nuena dela dantza. Nahiz eta txikitatik kirola egin, dantzak benetan asetzen ninduela jabetu nintzen; barruan neraman zerbait zela iruditzen zait, baina ez nekien hor zegoenik. Eta esan dezaket nire pasioa dela dantzatzea, horretan ari naizenean benetan zoriontsu sentitzen bainaiz, eta hori baino gauza ederragorik ez dago.

Urte berria hasi dugula eta, 2011rako proiekturik badaukazu?

Egia esan, urte konplikatua daukat aurretik. Lanpostu berri batetan hasi naiz eta maiatzera bitartean horretan jardun behar dut. Eta gainera, Madrileko lehiaketan eman dizkidaten bi erresidentziak ditut, baita formazioa ere... Bestaldetik, Eusko Jaurlaritzaren diru–laguntza berri bat jaso dut beste lan bat burutzeko. Gauza mordoa ditut aurretik urte berri honetan, eta nire lanbidean ez denez ohikoena, gogotsu nago ditudan erronka guztiei aurre egiteko.

Amaitzeko, eskerrak eman nahiko nieke inguruan ditudan lagun guztiei. Ez daramatzat urte asko lanbide honetan, ez naiz ezaguna, eta beti aritzen naiz ingurukoei mesedeak eskatzen, dela argazkiekin edota musikarekin laguntzeko, adibidez. Doan egiten duten lan hori eskertzea funtsezkoa da, azken koreografiarekin sei sari jaso baitut eta haien ekarpen guztiek zerikusia izan dute horretan, zalantza barik.


Noemi Viana García
(Euskal Herria)

Hogei urte bete zituenera arte bizi izan zen Gasteizen Noemi; gerora, hainbat bidaia egin zituen munduan zehar eta egun Donostian bizi da. Gasteizko Valle Inclan ikastetxera joan zen gaztetan; ondoren, Heziketa fisikoko Irakasle ikasketak burutu zituen, baita Psikopedagogia eta IVEF ere. Ikasketak amaituta sartu zen dantza munduan eta gaur egun bere bizitza diziplina horren inguruan dago eraikia. Lisboan urtebete egin zuen 2004–2005 ikasturtean Erasmus bekari esker; Londreseko The Place. Contemporary Dance School izenekoan bi ikasturte eman zituen 2006–2008 bitartean. Ordutik hainbat koreograforekin lan egin izan du, baita bakarka ere; azken horren harira, 2010eko abenduan Madrileko Koreografia Lehiaketa irabazi zuen Pi–20 lanarekin.

Noemi Viana García
(Euskal Herria)

 

Hogei urte bete zituenera arte bizi izan zen Gasteizen Noemi; gerora, hainbat bidaia egin zituen munduan zehar eta egun Donostian bizi da. Gasteizko Valle Inclan ikastetxera joan zen gaztetan; ondoren, Heziketa fisikoko Irakasle ikasketak burutu zituen, baita Psikopedagogia eta IVEF ere. Ikasketak amaituta sartu zen dantza munduan eta gaur egun bere bizitza diziplina horren inguruan dago eraikia. Lisboan urtebete egin zuen 2004–2005 ikasturtean Erasmus bekari esker; Londreseko The Place. Contemporary Dance School izenekoan bi ikasturte eman zituen 2006–2008 bitartean. Ordutik hainbat koreograforekin lan egin izan du, baita bakarka ere; azken horren harira, 2010eko abenduan Madrileko Koreografia Lehiaketa irabazi zuen Pi–20 lanarekin.

Dokumentuaren akzioak