Dokumentuaren akzioak
Euskal Herri osotik Baionara
Euskal Herriko Dantzari Eguna urtetik urtera herriz herri mugitzen da,
bost urtero bezala, eta aurten Iparraldeko Dantzarien Biltzarra ari da
(IDB) gonbidatzaile lanak egiten. Eta horrek Lapurdiko hiriburua
hautatzea erabaki du aldi honetarako; duela 30 urte egin zen Baionan
azken aldiz. Orotara 32 dantza taldeko dantzari elkartzekoak dira,
beraz, Baionan, igande honetan.
Usaiako xedeekin datoz berriz ere. Batetik, euskal dantzak
hobeki ezagutzeko aukera eman nahi dute euskal dantzariei, baita
hurbilduko diren kurioso guztiei, eta hori, dantzaren jatorriko
probintzietakoek emanik. Bide batez, Baiona hurbiletik gozatzekoa ere
izanen dute dantzariek. Eta, azkenik, dantzariek berek elkar topatzeko
parada izatea. «Egun garrantzitsua da», IDBko lehendakari Iban
Ithurbiden iritziz. Harentzat egunaren helburuetan dira «euskal dantza
tradizionalak beti bizi direla erakustea eta Euskal Herria dantzaren
bidez aldarrikatzea. Polita da zazpi probintziak zelai bakar batean
ikustea. Horrek aitzinatzeko gogoa eman dezake».
Praktikan, eguraldi ona lagun baldin badute, goizeko desfileak
Lauga kiroldegitik abiatu eta hirian barna ibiliko dira, artetik Xaho
kaian geldialdi bat eginez. Parte Zaharraren saihetsean den Belaskain
errugbi zelaian bururatuko dute itzulia. Bertan, 11:30ean, oren bat eta
erdi iraunen duen dantza emanaldia eginen dute. Dantzen artean,
arabarrek neska-mutilak azkenean pozik, Araiako jota eta Uruñuela
dantzatuko dute; baxenabartarrek, sokadantza, euskaldunak, sorginak eta
kadrila; bizkaitarrek, zortzinango, makil jokoa, txotxogilo, gorulariak,
arku-dantza eta dominguillo; gipuzkoarrek, agurra, ezpata-dantza eta
zinta dantza; lapurtarrek, Ahurtiko makil dantza, makil txiki berri eta
Beteluren fandangoa; nafarrek, Pamplonas, desmayo, makil gurutze,
zeharkakoa, zubi gainekoa, eta zuberotarrek, Branlea eta godaleta
dantza. Euria egiten badu, dantza emanaldia Lauga kiroldegian eginen
dute. Bazkaria ere bertan izanen dute dantzariek. Dantzaldia, aro on ala
txar, 17.00etan hasiko da leku berean, Patxi eta Konpainiarekin, eta
21:00ak arte ariko dira.
Hasian hasi, euskal dantzari begira jarri jendearentzat beste bi
saio prestatuak ditu IDBk. Bata, solasaldia; gaur izanen da, 19:00etan,
Baionako San Izpiritu auzoko Orai Bat taldearen egoitzan. Claude
Iruretagoiena dantzaria mintzatuko da lehenik, eta gero, nahi duenak
hartzen ahalko du hitza. Gaia: dantza jauziak edo mutxikoak. Dantza
horiek gaur egun duten arrakasta aztertzen ahaleginduko dira.
Alabaina, gogoetatzeko gogoa daukate IDBkoek, dantza mailan, oro
har, «krisi bat» sentitzen baitute, Ithurbidek dioenez: «Nora eraman
nahi dugu dantza? Betiko gauzak dantzatzeaz aspertuak dira anitz.
Beharbada gehiegi dantzatu dituztelako, bereziki kanpotarren aitzinean?
Sorkuntzak nahi dituzte. Jendeak ere hori galdegiten du. Ulertu behar
da, halere, sorkuntza egiten delarik ere, oinarrian tradizioa dela.
Dantza tradizionalak ez badakizkigu ongi, sorkuntzak ez dira egiten
ahal». Bizkitartean, Euskal Herriko Dantzarien Egunak berak, duela 20
urte bi aldiz talde gehiago elkartzen zituen: «Bada zerbait joan ez
dena», Ithurbideren ustez. IDBren baitan ere talde anitz ez dira
sartzen.
Galderaz galdera, bihar dantza sorkuntza bat dute proposatuko
hain zuzen, 17:00etan, Baiona Ttipiko San Andreseko elizaren aitzinean;
Zarena Zarelako taldearen ikusgarria den Goazen. Euskal
dantzaren eta beste herri batzuetako dantzen arteko topaketa bat da
hori.
Dokumentuaren akzioak