Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Herri osoko taldeak bilduko dira Atarrabian larunbatean ospatuko duten Dantzari Egunean

Dokumentuaren akzioak

Euskal Herri osoko taldeak bilduko dira Atarrabian larunbatean ospatuko duten Dantzari Egunean

Egilea
Itziar Amestoy
Komunikabidea
Gara
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2009/09/10

Atarrabia herrian buru-belarri ari dira larunbatean izango duten ospakizunerako prestatzen. Izan ere, hilaren 12an Euskal Herriko Dantzari Eguna izango da -eta berarekin, jardunaldi horretarako prestatutako egitarau osoa-, baina astean zehar ere horrekin lotutako hainbat hitzaldi izaten ari dira, baita erakusketa bat ere.

Dantzari Egunerako lekua aukeratzea izan zen antolakuntzakoek erabaki beharreko lehen gauza, urterik urte herrialdez aldatzen baitute. Aurten Nafarroak zeukan lekukoa. Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaile Juancar Ornatek azaldu duenaren arabera, Atarrabia hautatzeko arrazoien artean, azpiegiturez gain, beste bi alderdi ere nabarmentzekoak dira. Lehenik eta behin, bertako dantza taldeak, Mikelats-ek, 15 urte betetzen dituenez, bi ospakizunok elkartzea erabaki zuten. Bestetik, udal arduradunek «euskal kulturaren aldeko» jarrera izatea beharrezkotzat zutela aitortu du. «Iruñean egin zenean, laguntzarik ez eta oztopoak baino ez genituen jaso».

Atarrabiako taldearentzat hain esanguratsua den urtean, Kultur Etxeak «Mikelats dantza taldearen 15. urteurrena» erakusketa zabalik du aste osoan, larunbata ere barne. Izan ere, Dantzari Eguneko egitarauaz gain, hainbat jarduera prestatu dituzte. Atzo hasi ziren hitzaldiak, esaterako. Gaurko, Juan Antonio Urbeltzek hitz egingo du, «Dantza tradizionala eta sormena: Eaurtako neskadantza» izeneko hitzaldia eskainiz, eta bihar, berriz, Josu Larrinagak haur folklorearen nondik norakoak azalduko ditu.

Larunbata

Egun handia larunbata izango da, zalantzarik gabe. Goizeko hamaiketan hasita, egun osoan izango dira emanaldiak, baita gauean ere. Bertako dantza taldeak izango dira goizean protagonista, 11.30ean hasiko den jaialdian, eta ondoko herri bazkarian. Arratsaldean, gainerako dantza taldeei ongietorria egin ostean, eguneko ekitaldi nagusia izango da, 18.00etan. Euskal Herriko leku guztietatik inguratutako taldeei esker, dantza mota ugari ikusteko aukera izango da. Juancar Ornatek azaldu duenez, 40 bat talde biltzea espero dute: erdiak Nafarroakoak, bederatzi Bizkaikoak, bost Arabakoak, lau Gipuzkoakoak eta hiru Iparraldekoak.

Jaialdi nagusiaz gain, Ornatek artisau azokaren garrantzia nabarmendu du, bertan, dantza, folklore eta jantzi tradizionalekin nolabaiteko zerikusia duen hamaika objektu ezagutu eta erosteko aukera egongo baita.

Dokumentuaren akzioak