Dokumentuaren akzioak
Euskal Herri osoko inauteria
Iruñean inauteriek ez dute tradiziorik. Donibane auzoan, ordea, 1977an hasi ziren ohitura eta pertsonaia zaharrak berreskuratu eta berriak sortzen.
Ideiak arrakasta handia izan zuen, eta pertsonaia berriak sortu ziren, euskal mitologian oinarrituta. 80ko hamarkadaren bukaeran agertu zen Zaldi lehen aldiz. 1990an, Basurde sortu zuten, eta 1991n, Jeinuak. 1991tik gaur egun arte, Ahari, Basurde, Zezengorri, Zaldia eta Lamia pertsonaiak Donibaneko karriketan barna ibiltzen dira otsaileko bigarren asteburuan. Haiekin batera, Hartza, Mairu, Akerra, Veneciano Narigon, txatxoak...
1. Ahari
Mari euskal jainkosak, beretako erabiltzen zuen jeniu hau
Euskal Herrian zehar zituen egoitza ezberdinetan, hala Aralarren nola
Anboton. Batzuetan artzainak Mariren kobetan sartzen baziren ahariaren
atzetik, haiena zelakoan, aharia artaldean sartzen zen artzainak
nahastu eta izutuz. Kondaira oso ezaguna omen da Azkoitian.
2. Basurde
Nahiz eta Basurderik ez agertu gure kondairetan, seguru asko
historian zehar galdu direlako, Bizkaian, Bermeo inguruan, Ieltxu edo
Iratxoak agertzen dira. Txerri txiki basatiak dira, ilunabarrean
bidaiariei jarraitu eta korrika egitera behartzen dituztenak, galdu edo
ahitu arte.
3.Gaueko
Gure antzinako arbasoek Gaueko izpiritutzat hartu zuten.
Izpiritu honek gauez gertatzen ziren gauza guztiak menperatzen omen
zituen, eta haien baimenik gabe ez zegoen ezer egiterik. Horregatik
egiten omen ziren, Euskal Herrian, hainbeste apustu eta trabes gauez.
4. Lamia
Arizkundik Mutrikura edo Bianatik Urruñara ez dago pertsonaia
honen inguruko aipamenik izanen ez duen herririk. Hamaika elezahar,
leku, toponimia, denetan Lamiak gure historiarekin lotuta ageri dira.
Euskal pertsonaia ematen badu ere, Lamiaren pertsonaia Grezia zaharreko
sinesmenetan presente zegoen, mitologia klasikoetan existitzen baitzen.
Bitxikeri moduan esan daiteke euskal lamiek, beraien komunitateetan,
arrak dituztela. Maideak edo Lamia arrak dira. Tradizioaren arabera,
euskal lamia onbera zen eta, hainbatetan, gizonen eta lamien arteko
harremana erotiko eta sexuala izan da. Horietariko batzuk ezkontzan
amaitu ziren.
5. Zaldi
Animali honek Euskal Herriko hainbat ipuinetan agertzen diren
menpeko izpiritu batzuen irudia hartzen du. Kobazulo eta leizeak
zaintzen dituzten zaldiak; artzainak herrestan eramaten dituzten zaldi
hegalariak... Zaldia zuria eta hegalaria zenean, Mariren haragitzetako
bat zela uste izaten zen, jainkosaren berragerpen bat edo. Aralar,
Ataun edo Berastegin zaldiarekin lotutako kondairak zeuden.
6. Zezengorri
Lurrazpiko izpirituen metamorfosi arruntena dugu zezengorri edo
zezensuzko. Euskal Herriko koba eta leize asko daude Zezengorriaren
babesean, eta honek bertan sartzen direnen aurka jotzen du edo harriak
jaurkitzen dizkie. Sinesmen hau Betizurekin lotuta dago, aitzinean gure
mendietan zehar bazkatzen zen behi basatia. Behigorri, aldiz, espresuki
Mariren agerpen batekin identifikatzen da. Aralar, Sara, Etxalar
bezalako herriek halako izpirituen kondairak badituzte.
Joaldunak
Zubieta-Ituren. Ardi larruz jantzita, joaldunek inauterien hasiera iragartzen dute: zintzarriak joz, natura esnatzera bultzatu nahi dute. Jatorrian uste da erritu horren bidez espiritu txarrak uxatzen zituztela. Iturengo joaldunek bularraldean ardi larrua eramaten dute, eta bertan zintzarriak zintzilikatuak dituzte. Zubietarrek, berriz, alkandora zuri bat eramaten dute. Ohiturak dio goizez herriko haurrak etxerik etxe eskean joaten zirela opari edo jaki gozoren bat jasotzeko. Gazteak, berriz, gauez irteten ziren.
Ziripot
Lantz. Bitxia eta lodikotea. Lastoz beteriko zakuak daraman gazte bat da. Honekin lodi eta komiko itxura hori eman nahi zaio. Hala ere, kolpeetatik babesteko ere bada. Makila luze bat erabiltzen du ibiltzeko. Aurpegia estalirik darama eta emakume itxura ematen dion kapela darama. Lesakan antzeko pertsonaia dute: Zakuzaharra. Estetikoki Ziripoten antz handia dute. Aurrealdean lasto gutxiago eramaten dute. Gainera, Lantzen Ziripot bakarra ateratzen da eta Lesakako kalejiran, berriz, hainbat Zakuzahar doaz.
Momotxorroak
Altsasu. Ezagun bihurtu da Euskal Herri osoan Altsasuko momotxorroen irudia. Artile eta adarrak jantzita, eta eskuak eta oihalak animalia odolez zikinduak dituztela zeharkatzen dituzte kaleak, Urbasako behi basatiak irudikatuz.
Hartza
Arizkun. Hartza Arizkungo inauterietako pertsonaia da, eta negu gorriaren ondoren esnatzen den natura irudikatzen du. Euskal Herriko folklorean etxabere zaindaritzat jotzen da. Negua lotan ematen duen animalia izaki, San Blas egunez (otsailaren 3a) ezkutalekutik atera ohi da. Une horretan ilbetea bada, zulora itzuli eta negua luzatuko dela pentsatzen da. Ilberria bada, negua amaitu dela esan nahi du. Hartza, beraz, berpizkundearen sinboloa da, udaberriaren etorreraren adierazlea.
Miel Otxin
Lantz. Miel Otxin da, Ziripotekin batera, Lantzeko inauterietako pertsonaia nagusia. Hiru metroko garaiera eta 30 kiloko pisua du, eta gaizkiaren ordezkaria zelako erretzen dute sutan inauterien bukaeran. Lapurra izanik mendian ibili ohi zela esaten duen bertso bat bada, eta herritarrak izutuak zituela dio. Aurpegia mozorrotu eta bidera ateratzen zen Miel Otxin ibiltariei ondasunak kentzera, eta Ziripotek harrapatu zuen. Inauterietako kalejira bukatzean txatxoek ematen diote su.Dokumentuaren akzioak