Dokumentuaren akzioak
Euskal Herri osoko 48 dantza taldek hartuko dute parte Dantzari Egunean
23 urteren ostean, Donostian antolatuko da berriz ere Dantzari Eguna, larunbat honetan, egun osoko egitarau interesgarriarekin. Euskal Herri osotik etorriko diren 48 konpainiek parte hartuko dute, eta euskal diasporako bost konpainiek ere parte hartuko dute, bideo batzuen bitartez. Gaur aurkeztu dute egitaraua Pedro Romeo Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakariak, Xabier Mendizabal Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko lehendakariak, Igor Sáez, Goizaldi dantza taldeko kideak eta Jon Insausti Kultur zinegotziak.
Goizaldi dantza taldeak 75 urte bete dituela eta, aurten Donostian ospatzeko aitzakia ezin hobea zela iritzi dute antolatzaileek. Euskal Dantzari Biltzarreko lehendakari Pero Romerok azaldu du, 49. edizioa dela honako hau. “Euskal Herri osoan antolatuta dago EDB eta Euskal Herri osoan antolatzen dugu”. 58 urte ditu elkarteak, eta zazpi herrialdeetako 250 taldek osatzen dute; 10.000 pertsona inguru.
Euskal Herriko Dantzari Egunean Euskal Herriko zazpi probintzietako dantza taldeek parte hartzen dute eta, 2020az geroztik, baita Euskal Diasporan dauden taldeek ere. Ordutik, ekitaldia zuzenean ematen da, talde guztiek, dauden tokian daudela, egun honetaz gozatzeko aukera izan dezaten. Beraz, larunbatean etxetik ere gozatzeko aukera izango da elkartearen YouTube kanalaren bidez.
EHDE honetan bi pertsona omenduko dituzte: Juan Manuel Oronoz eta Tomas Hernandez. “Bakoitzak bere ekarpena egin zion euskal dantzari”, Xabier Mendizabal, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko lehendakariaren hitzetan.Lehenak, Gipuzkoako dantzen transmisioan ekarpen garrantzitsua egin zuen, Juan Ignacio Iztueta, Jose Antonio Olano eta Jose Lorenzo eta Candido Pujana maisu garrantzitsuen hariari jarraituz.
Bigarrena, berriz, bere lan artistikoagatik nabarmendu zen. “Margolaria, eskultorea, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea izan zen, eta kulturari eta ospakizun herrikoiei bereziki lotutako obra garrantzitsuak egin zituen. Hauen artean, EDB sortu zen urtetik gutxira, gaur egun erabiltzen dugun logotipoa egin zuen. Hor dago bandera berria berak egin zuen irudiarekin”.
Urriak 7 larunbata, Euskal Herriko Dantzari Eguna
-
11:30-18:00 Folklore Azoka, Bulebarrean.
-
12:00 Dantza Plaza, Donostiako Herridantza dantza taldearen eskutik, Boulevardeko kioskoan.
-
17:30 Desfilea, Parte Zaharreko kaleetan zehar.
-
18:00 Euskal Herriko Dantza taldeen emanaldia, Zuloaga plazan.
-
20:00-21:00 Kale animazioa
-
21:00 Afaria, Trinitate plazan. Euria egingo balu, Orixe ikastolan.
-
22:00-1:00 Erromeria, Iratzar taldearen eskutik, Boulevardeko kioskoan.
Dokumentuaren akzioak