Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal folklorearen transmisioan

Dokumentuaren akzioak

Euskal folklorearen transmisioan

Euskal Herriko beste hainbat dantza taldek bezala, urte asko daramatza Andoaingo Urki taldeak euskal dantzen arloan lanean: 25 urte bete dituzte aurten.
Egilea
Leire Aramendi
Komunikabidea
Berria
Tokia
Andoain
Mota
Albistea
Data
2013/01/04

Duela 25 urte, sanjoanetako haurren euskal jaian parte hartzeko deia egin zieten Andoaingo ikastetxeetako dantza taldeei. Ekitaldi hura izan zen Urki dantza taldearen sorburua. Orduan pentsatu zuten herrian dantza talde bat sortzea. Haurren euskal jaialdiak bezalaxe, 25 urte beteko ditu aurten dantza taldeak. Euskal kulturaren eta folklorearen parte diren dantzak erakus ten eta belaunaldi berriei transmititzen jardun dira urteotan guztietan, Euskal Herriko beste hainbat dantza talde bezala.


«Herriko ikastetxeek, udalak eta gurasoek bultzatuta sortu zen», gogorarazi du Begoña Igartuak: 25 urte daramatza Igartuak Urkin dantza irakasten. Aurretik, Lasarteko Erketz taldeko dantzaria izan zen, eta eskoletan ere aritzen da dantza irakasle. «Oso bitxia da taldean parte hartu zuten lehen dantzari haien seme-alabek parte hartzea orain. Nire lanaz gain, nire bizitzaren parte handi bat bilakatu da».

Haurren dantza taldeaz gain, helduena ere sortu zuten duela bost-sei urte inguru. «Poloniara egindako bidaia bat izan zen horretarako giltzarria», azaldu du Izaskun Berazak, Urkiko dantzariak. Umetan hazi zen Beraza Urkin, eta egun helduen taldean dago. «Nazioarteko folklore jaialdi batean parte hartu genuen Polonian, 17 urte ingurukoekin; gaztetxoentzat oso esperientzia aberasgarria eta garrantzitsua izan zen», adierazi du Igartuak. Esperientzia hark mugarria jarri zuen. «Konturatu ginen folklorea eskolaz kanpoko umeen jarduera bat baino zerbait gehiago dela». Handik itzultzean, argi zuten gazteek dantzan jarraitu nahi zutela. Izan ere, ordura arte, 17 urtetik gora ez zuten jarraitzen.

Taldearen helburuak ez dira asko aldatu 25 urteotan. «Euskal dantzak, haien forma tradizionalean, guk jaso ditugun bezala transmititu nahi dizkiegu belaunaldi berriei», azaldu du dantza irakasleak. Sorreran parte hartu zutenak oraindik taldean dabiltza. Dantzatzea «zerbait interesgarria» dela ikusarazi nahi diote jendeari. «Ez da bakarrik dantza ikastera joatea; umeek bizi dezatela dantza beren bizitzako beste parte bat bezala. Beste herrietako dantzari egunetara ere joaten dira, eta beste dantzariekin harremanak egiten dituzte», gaineratu du Berazak.

Pertsona gisa «indartzen» Euskal dantzak irakastearekin batera, dantza horiei buruzko istorioak ere kontatzen dizkiete: nongoak diren, noiz dantzatzen ziren... «Horrez gain, agertoki gainean agertzen, independentea izaten, eta emozioak kontrolatzen ikasten dute; artista izaten ikasten da», adierazi du Igartuak. Etorkizunerako «oso baliagarria» dela pentsatzen du. «Dantza egiteaz gain, pertsona gisa indartzen laguntzen du».

Herrian parte hartzeko aukera eman dio Urkik Berazari. «Pertsona parte hartzaileak egiteko modu bat ere bada. Dantzari gisa, herriko hainbat ekitalditan parte
hartzen dut, eta beste parte hartze mota batzuk ere baloratzen dira. Herriagatik gara, eta herriarentzako egiten dugu lana». Horren adibide, Andoainerako ezpata dantza bat sortu zuten duela bost urte, Gipuzkoako dantzetan oinarrituta. Abenduan, urtero, gaztain jatea ere antolatzen dute, eta horren inguruan erromeria egiten dute. «Dantzak erakusten ditugu, eta horiek plazan lekua dutela erakutsi nahi dugu. Jendeak dantza egin dezan ere akuilu lana egiten dugu».

Erromeria giro hori herri askotan indarra hartzen ari dela ikusi dute. «Gero eta jende gehiago agertzen da plazara, askotan inoiz dantzatu ez duten herritarrak». Gaur egun, euskal dantzen arloan talde asko bide berriak jorratzen ari dira, sorkuntza lan handia eginez. Baina Urkin betiko dantzei eusten diete: «Asko gustatzen zait hainbat talde egiten ari diren lana, baina guk, Urki gisa, dantza tradizionala egiteko erabakia hartu genuen bere garaian; sorkuntza lanik gabe. Dantza tradizionaletik abiatuta, norbaitek erabakitzen badu beste zerbait egin nahi duela, oso ondo». Euskal dantzak altxor bat direla pentsatzen dute. «Oso ondo dago euskal dantzen alorrean aukera zabala egotea, baina jakin behar da nondik gatozen».

Urki dantza taldeaz gain, hainbat ikastetxetan ere dantza irakaslea da Igartua: «Erritmoa, gorputz mugimenduak eta dantza irakasten dizkiet». Horietan, euskal dantzaz gain, garaikidea ere lantzen dute. «Euskal dantzak astero ordu erdi batean erakustea oso zaila da. Dantza eta erritmo modernoak sartzean, umeak oso gustura zeudela ikusi nuen; gainera, eskolaren helburua ez da euskal dantzak irakastea bakarrik, umeak dantzatzea baizik».

Etorkizunari zalantzati begiratzen dio Igartuak: «Oso talde indartsuak erortzen ari dira. Sorkuntza lan handiagoa egin eta bide berriak jorratzen ari direnak, berriz, indar handia hartzen ari dira. Jendeak eskertzen ditu gauza desberdin horiek; beraz, talde tradizionalok nolako etorkizuna dugun ez dakit. Lasarteko  Erketz taldeak, esaterako, 40 urte baino gehiago ditu, baina orain oso ume gutxi ditu. Bestalde, 50 urtetik gora ditugunak berriz elkartu eta dantzan hasi gara». Halere, Andoaingo taldea indartsuago dago; ume eta helduen artean ehundik gora kide dira. «Guraso eta haurrek oraindik euskal folklorea ezagutzeko interesa badute». Berazak ere pentsatzen du talde guztiek dituztela «gorabeherak». «Orain, jendeak ez du guk genuen konpromisoa. Dantza talde batek edo edozein  taldek lanaeskatzen du. Baina dantza talde ugari daude, eta ume ugari dabiltza horietan». Alde horretatik, euskal dantzen etorkizuna ziurtatuta dagoela pentsatzen dute.

2013-01-04_Urki-Euskal-Folklorearen-transmisioan_Berria

Urkiko helduen taldea, sanjoanetan. URKI

Dokumentuaren akzioak