Dokumentuaren akzioak
Euskal folklorea bultzatuz
Donostiako Aste Nagusia
Euskal kulturaren topagune bihurtu ohi da Konstituzio
plaza Donostiako Aste Nagusian, dantza talde asko igarotzen baitira egun
hauetan bertatik. Dantza egiteaz gain, Euskal Herriko hainbat txoko eta
bazterretan ibiliak dira gehienak, dantza taldeekin zein herritarrekin
hitz eginez eta inguruko pauso eta erritmoak ikasiz, gure herriko
kulturari eusteko.
Arkaitz Añorgako Dantzariak taldea da
horietako bat, eta herenegun egin zuen dantzaldia Konstituzio plazan.
Emanaldia 20:00etan hasi zen, baina ordu erdi lehenago aulki guztiak
beterik zeuden jada, eta jende askok zutik ikusi behar izan zituen
dantzak. Terrazetan eserita zegoen jendeak ere ez zuen ekitaldia galdu,
eta turista askok ikusminez ikusi zituzten dantzarien mugimenduak kamera
esku artean zutela. Ordu eta laurdeneko saioa izan zen, eta, urtero
legez, dantzariek ez zuten hutsik egin.
Gari Otamendi Arkaitz
taldeko zuzendariaren esanetan, «11-12 urte daramatzagu Aste Nagusian
dantza egiten; urte osoan dugun ekitaldirik garrantzitsuenetakoa dela
esango nuke». Berrogei dantzarik osatzen dute taldea, eta ekitaldi
horretan 30 inguruk parte hartu zuten. «Musikaz ere gu arduratzen gara:
hamar musikari ditugu taldean. Urte osoan egindakoa erakusteaz gain,
beste probintzietako dantzak ere egin ditugu», erantsi du Otamendik.
Baina
hasi, Gipuzkoako Tropel zikloarekin hasi ziren. Lehen dantzan
hemezortzi neska-mutil irten ziren agertokira, mutilak zuri-gorriz
jantzita, eta neskak zuri-beltzez, txistulari banda lagun zutela.
Ondoren, mutilek ezpata eta makil dantza egin zituzten, eta jarraian
nesken txanda iritsi zen: arku dantza egin zuten lehenik, eta soka
dantza gero. Azkenik, Arkaitz taldeko bandera astintzeaz arduratu zen
Otamendi zuzendaria.
Ekitaldiaren bigarren zatian, sardinerak,
erregelak, fandango eta arin-arina, Arratiako jotak, Eltziego, Luzaide
eta Zuberoako maskarada egin zituzten. Mutilek ezpatekin erakutsitako
abileziak, nesken arku eta soka dantzak eta maskaradak bereganatu zuten
gehien ikusleen arreta. Amaieran, banan-banan basoaren gainera egin
zuten jauzi dantzariek: ia gehienek lortu zuten basoa ez botatzea. Ohi
bezala, horrek ere ikusmin handia sortu zuen publikoaren artean.
Gaur, Axular taldea
Arkaitz
Añorgako Dantzariak taldea 1926. urtean sortu zen, orduko C.D.
Añorgaren barruan. Beraz, Euskal Herriko dantza talderik zaharrenetakoa
da, eta aurten 80. urteurrena beteko du. 70eko hamarkadara arte,
Gipuzkoako dantzak eta Bizkaiko zenbait bakarrik dantzatzen zituzten,
baina garai horretatik aurrera, J. A. Urbeltzekin elkarlanean, Euskal
Herriko dantzen inguruko ikerketa, bilketa eta eszeneratze lanetan
ibiltzen dira taldeko hainbat partaide. «Aurten, esaterako, Galdakaon
eta Zuberoan izan gara, dantzak tokian egiten dituzten moduan ikasi eta
gordetzea gustatzen baitzaigu», adierazi du Otamendik, Arkaitz taldeko
zuzendariak.
Gaur Axular dantza taldeari tokatuko zaio Konstituzio plazako giroa berotzea. Xareta
izeneko ikuskizuna eskainiko du Donostiako taldeak. Xareta bailaran
bizi den artzain baten istorioa kontatuko dute: errealitatearen eta
ametsen munduaren arteko mugan gertatzen den abentura bat da,
Pirinioetan eta mendi inguru hartan bizi diren artzain, soldadu, sorgin
eta mendietako beste pertsonaia batzuen bizipenak biltzen ditu. Beraz,
euskal dantza ez ezik, artzain giroko istorio bat ere gozatu ahal izango
da gaur.
Azkenik, bihar, Eskola dantza taldeak izango du
Konstituzio plazako eskaintzarekin amaitzeko ardura. Besteak beste,
aurrez aurre, aingerutxo, oleskari zaharra, belauntxingo, ezpata dantza,
uztai dantza, maite, euskal musikaren gorespena eta Zuberoa dantzatuko
dituzte.
Amaieran, banan-banan basoaren gainera egin zuten jauzi Arkaitz taldeko dantzariek. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Gipuzkoako dantzak ez ezik, beste probientzietakoak ere egin zituzten. / ANDONI CANELLADA / ARP
Irudian, Arkaitz dantza taldeko lau neska, sardinerak dantzatzen. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak