Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal festak, hankaz gora

Dokumentuaren akzioak

Euskal festak, hankaz gora

Juan Antonio Urbeltzek eta Santiago Yanizek mitoak desegin dituzte 'Euskal Herria eta festa' liburuan

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2004/09/21

Euskal Herriko jaiei buruzko tesi «iraultzailea» egin dute. Bakoitzak bere alorrean, euskal festen gaineko ikuspegi guztiz bizi eta berritzailea plazaratu du. Eta ez dute inor epel eta axolagabe utzi nahi: «Euskal jaien inguruko eztabaida piztu nahi dugu», baieztatu dute biek. Bere arloan mugarri gerta daitekeen liburua da Euskal Herria eta festa. Euskal Herriko historia luzean eratutako hainbat mito hankaz gora jartzen ditu. «Geure herriko jaiak oso modu inozoan ikertu dituzte; hots, Euskal Herrian borroka dantzak egon badaudela esan dute, ezpata borrokarako arma denez ezpata dantza gerra dantza dela uste izan da. Hori astakeria hutsa da! Munduan ez da herririk gerra ospatzen duenik; beraz, ezpata dantza ezin liteke gerra dantza izan. Hori esan dutenek sinplekeria galanta egin dute. Ezpata hitzak adiera bat baino gehiago dauka; besteak beste, ezpara ere esanahi du. Folklorea ikertu dutenek historiara jo dute, folklorea bera, herri jakintza, alde batera utzita. Herri jakintza horrek, alabaina, ezpata dantza ezparatik datorrela dio, antzinako herritarrak gogor borrokatzen baitziren ezpara izurrien kontra, eta hori egiteko modua zuten kaskabiloak janztea, ezpata dantzariek eramaten dituzten kaskabiloak, alegia».



Urbeltzen arabera, «mozorroturiko pertsona oro da intsektu». «Inauteri hitzak berak dioenez, inauteriak inauste garaian hasten dira. Intsektuak beren sasoi emankorrenean daude; ondorioz, inauteriak zomorroen kontrako ekintzak dira, intsektuak desagerrarazteko konjuruak».Yanizen argazkien gainean, bost ataletan eratu du Urbeltzek herriko jaiei buruzko ikerketa eta literatura lana. Gaixotasun, izurri, gose eta, oro har, jendartearen hondamena eragin dezaketeen elementuen aurka eratutako festak aztertu ditu aurrena: Aste Santutik inauterien arora bitartean Euskal Herrian egiten diren errito eta ospakizunak.



Yanizen argazkiak Bilboko Euskal Museoan ikusgai



Liburuan aurrera, jaiaren solstizioa eta ordenaren garaipena ikertu ditu Urbeltzek. Euskal Herria eta festa-ren egilearen hitzetan, «zingirako, ibai ertzeko eta padurako gaitzak suntsitzeko ekintza magikoa da San Joan sua». San Migel egunetik Errosarioko Ama Birjinaren eguna arteko ospakizunek, aldiz, urte hasierara garamatzate: «Urte hasieran irekitako zirkulua ixten dute, bizitza lakoak baitira festak: etengabe errepikatzen ari diren gertakariak».



Euskal Herria eta festa-k jasotzen dituen argazkiak Bilboko Euskal Museoan ikus daitezke.

Dokumentuaren akzioak