Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal Etnografiaren astea hasiko du gaur Aranzadik

Dokumentuaren akzioak

Euskal Etnografiaren astea hasiko du gaur Aranzadik

Egilea
Gara
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/11/05

Gaur, 19.30ean, hamabigarren edizioa aurkezteaz gain, Fermin Leizaola Calvok, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia saileko zuzendaria denak, hitzaldia eskainiko du "Bortxatutako ondarea, erasotako ondarea" gaiaren inguruan. Bertan, besteak beste, kalteak jasan dituzten eraikinen berri emango du Calvok eta diapositibak proiektatuko dira.



Bihar, 19.30ean, Xabier Kerejeta Erro historialaria agotez eta Bidasoako alardeen pertzepzio historikoaz mintzatuko da, "Euskal Baserria museo bihurtua" izeneko ekitaldian.



Etzi, asteazkena, "Mapak karikatura eta erronka politikoen bitartekari. Kartografia serio-komikoaren irakurketa antropologikoa" izeneko hitzaldia eskainiko du Aitzpea Leizaola Egaña donostiar antropologoak. Hitzaldi honi buruz antolakuntzakoek jakinarazi zutenez, «mapak ingurune geografikoari buruzko informazioa emateaz gain, bestelako irudikapenak isla ditzake, egoera geopolitikoa, joera ekonomikoaren bilakaera eta historian zehar garatutako harremanen nondik norakoak geografikoki lur azala moldatu ohi baitute. Erronka politikoen berri ere ematen dute, balio estrategiko handia izaki. Mintzagai izango ditugun mapa serio-komikoen kasuan, estereotipo eta identitate nazionalen irudikapenak txertatzen dira, eta, hortaz, maparen irakurketa dinamikoa beharrezkoa suertatzen da».



Folklorismoa mendi aldeetan



Ostegunean egingo den ekitaldian, berriz, Begoña Pecharroman psikologo donostiarrak hartuko du hitza, eta, "Euskal emakumeak EEBBetan: Ekialdean aitzindari izatetik euren kulturaren zabaltzaile izatera" hizpide dutela, EEBBetara joaniko euskaldunen historiaz mintzatu eta emakume inmigranteek izaniko funtzioa aztertuko du.



Azkenik, ostiralean, Joxemiel Bidador euskal filologoak dantza folklorikoak Nafarroan duen egoeraz hitz egingo du, Erriberako egoera adibide hartuz. Bidadorrek iazko udazkenean gai honen inguruko azterketa egin zuen Nafarroan, eta, besteak beste, folklorismoa batik bat mendialdeko herrixketan mantendu dela ondorioztatu zuen.

Dokumentuaren akzioak