Dokumentuaren akzioak
Euskal doinuak dantzatzen
Aihotz plazan euskal kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak daude egunero. Festetan, Larrain dantza eta Txulalai ohiko ikuskizunak dira dagoeneko.
Gasteizko Udal Folklore Akademia horren adibidea da. Hiriburuko festetan, Aihotz plazan euskal kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak izaten dira egunero. Besteak beste, Larrain dantza eta Txulalai musika emanaldiak; guztiak ere Folklore eskolak antolatuta.
Historiak agerian utzi duenez, dantzaren alderdi ludikoa galdu egin da, eta, hori ikusirik, talde horrek plazako dantza bultzatu du. Plazak hustu egin dira eta, aldi berean, dantzatzeari utzi egin zaio. Horregatik, joera horri buelta ematea nahi dute. Lehen saiakerak 70eko eta 80ko hamarkadetan egin ziren: herri dantza eta Baztango mutil-dantzak, esaterako. Gasteizko Aihotz plazan egiten dena ere aitzindarietako bat da.
Plazako dantzak berpizteko, Gasteizko Folklore Akademiak maiatzean hasi eta ekaina bitarte irauten duen ekimena jarri zuen abian. Ekimen horrekDantza Plazan izena du. «Jendea dantzara animatzeko ekimena da. Musika tresnak Aihotz plazara eramaten ditugu, eta jendearen parte-hartzea bilatzen dugu», diote Folklore eskolatik. Euskal Herriko instrumentuak izaten dira: alboka, trikitixa, dultzaina eta panderoa, besteak beste. Batzuetan txalaparta ere izaten dute. Horiez baliatuta egiten dituzte Larrain dantza eta Txulalai ikuskizunak.
Larrain dantza jada Aihotz plazako ohiko ikuskizun bilakatua da Andra Mari Zuriaren jaietan. Nafarroan du jatorria, Lizarran hain justu. Dagoeneko Euskal Herri osora hedatu den dantza da, eta bikoteka eta borobilean dantza egiten da. Atzoko saioan horrela egin zen. Nahiz eta bikoteek neska eta mutila izan beharko luketen, neskaz osatutako bikoteak izan ziren gehienak. Lizarrako dantzarekin batera arin-arina, fandangoa eta jauziak ikusi ziren. Folklore akademiakoen arabera, Larrain dantzak vals, jota eta kalejira dantza motak tartekatzen ditu. Hala ere, dantza guztia jarraian egiten da.
Txulalai dantza egiteko musika jotzaileek hemengo gaita erabili zuten. Larrain dantzaren ostean egindako emanaldia da. Jende asko bildu zen, eta hori ere borobilean dantzatu zen. Musikaren erritmora mugitzeak eskaintzen duen sentsazioaz gozatzeko aukera izan zuten plazara hurbildu zirenek. Normalean, ikuskizun bakoitza ordubetekoa izaten da.
DANTZAREN NORABIDEAK AZALTZEN. Aihotz plazan dantzaren norabideak, erreferentziak eta pausuak markatzen dituzten maisuak daude. Izan ere, Folklore eskolako irakasleek eta ikasleek antolatutako emanaldiak izaten dira. Horiek dira hain justu maisurik onenak. Plazara hurbildu zirenei dantzaren nondik norakoak azaltzeaz arduratu ziren atzo. Batzuetan mikrofonoaz baliatu ziren, horretarako.
Atzoko saioa 20:30ean hasi zen, puntualtasun osoz. Aurretik Aiko taldearen emanaldia ikusteko aukera egon zen, eta horren ondoren Aihotz plaza nahiko beteta zegoen. Hala ere, aurreko ikuskizuna amaitu eta Larrain dantzaren doinuak entzuterako jendeak borobil bat egiteari ekin zion. Plazaren erdialdean parte-hartzea izugarria izan zen, eta adin guztietako pertsonak aritu ziren dantzan. Atzoko giro freskoari aurre egiteko, zer egokiagorik Larrain dantzaren doinuekin mugitzea baino!
Dokumentuaren akzioak