Dokumentuaren akzioak
«Euskal dantzetan ez zegoen generoen araberako bereizketarik»
Oraingo honetan, 'dantza ikertzailea' deitura ondo datorkio Oier Araolazari, bere doktore-tesia baita hizpide. EHUren Mikel Laboa katedraren bekarekin eta Ikusentzunezko Komunikazioa eta Publizitatea sailaren Gizarte Komunikazioa doktorego programaren baitan osatu duen 'Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan' tesia, alegia, iaz UEUk liburu gisa argitaratu zuena. Bestela, dantzarekin lotutako ia edozein deitura datorkio ondo: dantzari, dantza-irakasle, dantzaren dibulgatzaile eta komunikatzaile...
Osoko emendakin moduko bat aurkeztu diozu gehienok euskal dantzei buruz genekienari. Uste genuen, alegia, bazeudela gizonezkoen dantzak eta emakumezkoenak. Ziria sartu digute?
Noiz, eta zertarako, jaio zen egiatzat hartu dugun gezur hori?
Momentu kritikoa Lehen Mundu Gerraren ingurukoa da. Egia esateko, ni nenbilen nora enfokatu jakin gabe, eta izugarrizko laguntza eskaini zidaten tesiaren zuzendariek [Leire Ituarte Perez eta Nerea Aresti Esteban]. Berehala ulertu nituen garai hartan genero ikuspegiaren inguruan izan ziren aldaketa handiak, gure kulturan eta gure politikan zuzen-zuzenean aplikatzen hasi zirenak. Izan ere, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko osagarritasunaren ideia maltzur hori zabaltzen hasten da eta, gure kasuan, euskal dantzak oso egokiak dira horrelako ideiak gorpuzteko eta zabaltzeko. Dantzaren bidez plazaren erdian irudikatzen dira, 'performance' emozional baten barruan, eta transmititzen da gizon eta emakumeak sortzez desberdinak garela, eta desberdinak garen neurrian desberdin jokatu eta, dantzari dagokionez, dantzatu behar dugula. Dantzarekin gertatutakoa, hain zuzen, aldaketa horien sintoma eta ondorioetako bat da, hautu bat baino gehiago.
«Dantzen hautaketa egiteko, eraikitzen ari diren genero ikuspegi hori indartuko duten ezaugarriak bilatuko dituzte»
«Dantzarako, emakumeek eta gizonek janzkera bereziak erabiltzen zituzten, baina ez zuten genero marka handirik»
Orduz geroztik daude beraz euskal dantzak generoaren arabera bereizita.
Aurretik euskal dantzetan ez zegoen generoaren araberako bereizketarik. Generizazio nabarmena garai horretan gertatzen da. Hortik aurrera, emakumeek eta gizonezkoek ez dute partekatuko errepertorioa, zatikatu egingo da, sailkatu.
Sailkapena eta banaketa ez zen ausazkoa izango, jakina.
Dantzen sailkapena kontzientzia handiarekin egin zen. Hautaketa egiteko, eraikitzen ari diren genero ikuspegi hori indartuko duten ezaugarriak bilatuko dituzte. Horietan oinarrituta, armekin eta tresnekin egiten diren dantzak –ezpata-dantzak, makil-dantzak...– gizonezkoen dantza bezala kategorizatuko dira. Gorputz lengoaia bortitza adierazten dutenak ere bai: hanka altxatzea, saltoak... Bertikaltasuna gizonezkoena izango da, eta horizontalki adierazten diren dantzak, harmonian eta samurtasunean mugitzen direnak (arku-dantzak, zinta-dantzak, sagar-dantzak…), emakumezkoen dantza bezala geldituko dira. Sailkapen artifizial horrek finkatuko ditu indarrean jarraitzen duten estiloak eta estereotipoak. Eta ez hori bakarrik... Euskal dantzaren ideala orduan sortuko da, gizonezkoenak balira bezala kategorizatu diren dantzetan oinarrituta, eta horiek besteen gainetik jarrita
Nork edo zerk eragin zuen horrenbesteko aldaketa?
Aipatutako genero ikuspegi berriarekin ez ezik, garai hartako euskal abertzaletasunaren ikuspegi kristau katolikoarekin bete-betean dago lotuta dago mugimendu hori. Aldaketa, hortaz, EAJren lehen hamarkada haietako lidertzaren eskutik gauzatuko da. Horrekin konturatzeak tesia eraldatzera eraman ninduen. Genero identitatearen eraikuntza aztertzetik abiatu nintzen, baina ohartu nintzen euskal dantza berreraiki egiten dela, tradizio berri bat sortzen dela, eta tradizio berri horretan dantza eraikitzen dutela, hain zuzen, genero ikuspegiek.
Eta aurreko tradizioa eraisten dute, erresistentziarik gabe?
Aurrekoa ez da bat-batean desagertzen, jarraipena dauka, baina dantza etengabe aldatzen doan hizkuntza bat da. Badago 1921eko filmaketa oso adierazgarri bat, Santurtzin egina. Herriko traineruak Oriokoari irabazi zion, eta arraunlariei harrera egiteko aurreskua emakumeek dantzatu zuten. Arraunlariak ere sartzen dira sokan, aurreskua beti taldean dantzatzen baitzen. Garai hartan aurresku bera dantzatzen zuten gizonezkoek eta emakumeek, ez zegoen bereizketarik. Badago beste testigantza bat, oso interesgarria: 1894ko aurresku txapelketa bat, Bilbon. Zazpi dantzari daude, lau gizonezko eta hiru emakumezko, eta aurreskua bera da denentzat. Gizonezko batek irabazi zuen, eta emakume bat izan zen bigarren.
Deigarria da zein azkar aldendu zituzten emakumeak euskal dantzaren gailurtzat jotzen diren horietatik.
Ordura arte debekuaren bidez lortu ez zena lortu zuen abertzaletasunak eta erlijioak eraiki zuen euskal emakumearen idealizazioak. Lehendik zetorren emakumea dantzatik aldentzeko asmoa, baina euskalduna fededuna eta purua izan behar horrek zama handia jarri zuen emakumeen gain.
Janzkerari ere eragin zion.
Bereizi behar da zein zen eguneroko janzkera, eta zein janzkera errituala, pilotarako edo dantzarako erabiltzen zena, adibidez. Dantzarako, emakumeek eta gizonek janzkera bereziak erabiltzen zituzten, eta ez zuten genero marka handirik. Adibide garbiena txapela da. Ez zen gizonezkoen jantzi bat. Gerrako uniforme bezala erabili izanak normalizatuko du gizonen artean XIX. mendearen amaierarako, baina emakumeek ere erabiltzen zuten, tokatzen zenean. Dantzarako normala zen, ez zelako gizonezkoen jantzia, baizik eta dantzarakoa. Pilotan antzeko zerbait gertatu zen. Lehenengo emakume pilotariek gizonezkoen modalitate eta janzkera berberak zituzten. Eskuz edo zestaz jokatzen zuten. Dantza aldatu zen garai bertsuan erraketista 'femeninoagoak' sortu zirenean ukatu zitzaien 'gizonezkoen' modalitateak, indarra eta abiadura zutenak, jokatzea.
Ikuspegi honeetatik, euskal dantza 'deseraiki' daiteke 'berreraiki' zen bezala?
Gauza bat da ikerketa, eta beste bat nola pertzibitzen diren gizartetik estereotipo tradizional horiek. Gaur egun ikuskizunaren munduan gaude, eta espektakularitatearen alorrean jokatzen duten ikuskizunetan oraindik zurrunagoak dira kontuak. Estetikoki izan daitezke modernoagoak, baina genero ikuspegitik askok atzerakoiak izaten jarraitzen dute. Aldaketa janzkerara mugatzea, nire ustez, gaizki ulertutako modernitatea baino ez da.
Maila herrikoiagoan ari dira aldatzen gauzak?
Bai. Andoainen, esate baterako, 2000. urtean Azeri Dantza elkarrekin egin zuten gizonezkoek eta emakumeek. Lesakako ezpata-dantzan, Lizartzako inauterian eta hainbat tradizio errotutan emakumeak hasi dira parte hartzen genero bereizketarik egin gabe, ez dantzakeran ezta janzkeran ere, modu nahiko naturalean. Esango nuke Bidasoaldeko alardeek txerto moduan funtziontzu dutela, eta euskal dantzaren munduan zenbait ari direla etxeko lanak egiten. Horrek ekarri du gauzak bideratzen eta zuzentzen hastea.
Dokumentuaren akzioak