Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantzen mapa

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzen mapa

Oier Araolaza dantzari, kazetari eta antropologoak euskal dantzaren historia oparoa laburbildu du Etxeparek argitaratzen duen dibulgazio liburuan.
Egilea
Lohizune Amatria
Komunikabidea
Ortzadar
Mota
Albistea
Data
2013/03/29

Euskal dantzari buruzko “mapa” dela dio Oier Araolaza dantzari, antropologo eta kazetariak (Elgoibar, 1972). Etxepare Euskal Institutuak eskatuta, Euskal Dantza dibulgazio liburua idatzi du. Euskal Kultura Sailaren barne eta Euskal Kultur Erakundearekin adostutako partaidetzari esker, euskaraz, gazteleraz,  frantsesez eta ingelesez kaleratu du institutuak aipatu obra. Euskal dantzaren joerak, azken urteetako bilakaera nahiz dantzen egutegi bat bildu ditu elgoibartarrak. “Ideia da ikuspegi panoramiko bat eskaintzea euskal dantzaren inguruan, azken batean argazki bat izaten saiatzen da”, azaldu du autoreak.  Liburua Etxepareren webgunean deskargatu daiteke dohainik, PDF formatuan.

Neguko festa eta erritual ohiturekin abiatzen da liburua. “Gaur egun ematen du Vivaldiren lau urtaroak direla nahitaezkoak urtea banatzeko, baina egia esan duela oso gutxira arte euskaldunentzat eta Europako biztanle gehienentzat uda eta negua baino ez zeuden”, zehaztu du Araolazak. “Festei dagokienez, nahiko
ongi bereizten dira bi aro horiek. Badaude erritual batzuk negukotzat jo ditzakegunak, eta bestetik, udarakoak ditugu”.
2013-03-29 Ortzadar 1
Animen gaua eta Domu Santu egunarekin hasten dira neguko festak, eta Hausterre asteazkena bitartean irauten dute, Euskal Herrian eta baita Europako mendebalde osoan ere. Animen gauaren ospakizuna denbora gutxian utzi eta ahaztu egin da Euskal Herrian, baina festa horren bertsioetako bat berreskuratu da: Halloween. “Halloween hitzak ez du besterik esan nahi: anima guztien gaua. Egia esan kalabazak hustu eta kalabazekin jendea beldurtzen ibiltzea bezalakoak oraintxe arte egin dira Euskal Herrian”, dio egileak. Herri gehienetan 90. hamarkadara arte iraun zuen egun estatubatuartzat jotzen den erritua: “Gazteek egiten zuten festa bat zen, normaltasun osoz bere aurreko belaunaldiak eta aurrekoak urteetan egin izan zuten bezala”.

Neguko festen hasiera markatzen du Animen gauak, eta neguko festetan behin eta berriz errepikatzen diren hainbat erritual hasten dira egun horretan,  mozorrotzea eta erronda esaterako. Gazte koadrilak elkartu, eta baserriz baserri, etxez etxe kantuan eta dantzan abiatzea da erronda. Eta Olentzero egunean edota inauterietan oso ohiko da. Dantza ez da falta neguko ospakizunetan, eta are gutxiago inauterietan. Zuberoako maskaradak, Abaltzisketako txantxoak, Lesakako Goitarrak eta beste hainbat dantzari aurki daitezke epe honetan. Udan, berriz, ezpata-dantzari, trokeo-dantzari eta soka-dantzariak dira nagusi.

2013-03-29 Ortzadar 2Pirinoetako dantzariak Euskal Herria “Pirinioetako gailurretan kantatzen eta dantzatzen duen herria” dela esan omen zuen Voltairek behin. Baina Araolazaren iritziz, “gastatu arte” erabili da esaldia, eta horren inguruan bada kontraesanik. “Zenbait ekitaldi garrantzitsuetan badirudi behar beharrezkoa direla dantzak, baina gero gure egunerokoan eskaintzen diogun arreta, babesa eta laguntza ez datoz bat beste ekitaldiei aitortzen diogun garrantziarekin”, dio. Desoreka oso nabarmena da idazlearen ustez; izan ere, ekitaldi garrantzitsuetan dantzan dabiltzan dantzariak ez daukate modurik profesionalki dantzan aritzeko. “Pirinioen bi aldeetan ez, Pirinioetatik oso gora joan beharra daukate gure dantzariek dantzan jardun eta dantzatik bizi ahal izateko”.

Euskararen inguruan bezala, euskal dantzen jatorriaren inguruko mitoak ere badira. “Ematen du euskal dantza ere, euskal hizkuntza bezala, oso desberdina dela, bere inguruko auzoetako dantzetatik erabat pareka ezina dela”. Baina ez da hala. “Euskal folkloreak Europako mendebalde osoan dauden beste dantza tradizionalekin izugarrizko antzekotasunak ditu. Ez gara gai esateko noiz eta nola sortu ziren, baina nabarmena da euskal dantzak oso ondo txertatzen direla Europako testuinguru koreografiko tradizionalean”, dio Araolazak. Esaterako, ezpata-dantza Euskal Herriko dantza sinbolikotzat hartu izan da, baina Europa osoan badira antzekoak.


2013-03-29 Ortzadar 3

Egileak “lehengusu-lehengusina” gisa aipatzen ditu bi tradizioak, hala ere, nork bere ezaugarri propioak dituela azpimarratzen du. Euskal Dantza liburuan dioenez, “euskaldunek beren kulturarekiko erakutsi duten atxikimenduari esker, tradiziozko dantza errepertorio aberats eta ikusgarriak iraun du Euskal Herrian, eta gizarte aldaketei egokitu ahal izateko bere burua berritzen asmatu du”.

EUSKAL SORKUNTZAN BARRENA

Euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri eta sendoa eskaini nahi du Etxepare Euskal Institutuak, eta horretarako Euskal Kultura Saila eratu du erakundeak. “Gure hizkuntza eta kultura munduan barrena zabaltzeko ahalegin horretan, liburu-sorta bat sortzea izan da gure lehenengo lanetako bat”, argitu du Aizpea Goenaga Institutuko zuzendariak. Hamabi dibulgazio liburu biltzen ditu bildumak, eta horietako bat da Oier Araolazaren ‘Euskal Dantza’.

2013-03-29 Ortzadar 4

Dokumentuaren akzioak