Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantzen doinuak bildu ditu disko batean Kemen taldeak

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzen doinuak bildu ditu disko batean Kemen taldeak

"Zazpi oin, zazpi hots" lanean hogeita hamalau kantu daude, herrialde orotako erritmo esanguratsuenak

Egilea
Erredakzioa
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/01/24

Irungo Kemen dantza taldeko musikariek sortu berri duten Zazpi oin, zazpi hots diskoan Euskal Herriko dantza garrantzitsuenen doinuak bildu dituzte. Horien artean, aipagarriak dira Resurreccion Maria Azkuek bere kantutegian jasotako bi abesti Hondarribiko Luis gaiztoak zortzikoa eta Urdiaingo emakumeek San Joan gauean suaren inguruan kantatu ohi zuten abestia¢, Eltziego (Araba), Lapurdi eta Zuberoako Godaleta dantzen doinuak, eta hainbat aurresku, fandango eta arin-arin. Guztira 34 doinu bildu dituzte.

Garrantziaren araberako doinuak aukeratzeaz gain, horiek jotzeeko erabilitako instrumentuei ere garrantzi handia eman diete Kemen taldeko musikariek. Euskal tresna anitz erabili dituzte interpretaziorako, leku bakoitzean ohikoak diren tresnak erabiliz. Txistua, danbolina, silbotea, ttunttuna, dultzaina, trikitia, panderoa, alboka, adarra, muxikitarra eta txalaparta dira erabilitako tresnetako batzuk. Kemen taldeko musikariez gain, herri musikan aditu diren musikarien laguntza berezia ere izan dute: besteak beste, Juan Mari Beltran, Ainara Olamusu eta Nagore Arbelaitz. Arantxa Lasalde Kemen taldeko kidea arduratu da proiektuaz.

Kantu eta doinuen gaineko informazioa

Diskoan bilduriko musikaz gain, diskoarekin batera datorren liburuxkan entzungai diren dantza, doinu eta musi- ka tresnei buruzko informa-zioa bildu du Kemen dantza taldeak.

34 kantuak eta horien interpretazio egokiena hautatzeko bi urte behar izan dituzte; izan ere, hasieratik xedea ez zen lortzen erraza. Diskoko kantuak entzun ondoren, euskal dantzen doinuei buruzko ikuspegi orokor bat lortzea da helburua, Arantxa Lasaldek azaldu duenez.

Diskoa sortzeko asmoa dantza taldeak eskainitako ikuskizunen ostean ikusleek hainbatetan doinuei buruz egindako galderen ondotik sortu zen. Horrez gainera, dantza taldeetako ikuskizunetan bigarren mailan geratzen dira musikariak, eta, horien garrantziaz ohartarazteko, beharrezkoa iruditu zitzaien grabazioa egitea. Zuzeneko emanaldietan jotzen dituzten doinua gehiago ezagutarazteko asmoa ere izan dute, diskoa egiteko garaian.

Dokumentuaren akzioak