Dantza, transmisioa, generoa, euskal hezkuntza, titulazioa, gazteak, formakuntza eta beste hainbat gai izan zituzten hizpide Eibarren Dantzan Topaketak 2024 jardunaldietan, UEUren Eibarko Markeskoa jauregian, Dantzan elkarteak antolatuta.
Oier Araolazak (Euskal dantza, euskadunon gorputz hizkuntza) eta Mikel Sarriegi (Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak… eta orain zer?) dantza ikerlariek hitzaldi banarekin eman zien hasiera Jardunaldiei.
Eta hortik aurrera, egun osoko saioan, euskal dantzen inguruko beste hainbat ertz jorratu zituzten: hala nola, euskal dantza genero ikuspegitik, gazteen gantza topaketa, gazteen parte-hartzea euskal dantzetan, euskal dantza hezkuntza arautuan, nola formatu euskal dantzan...
Euskal dantzak parekidetasunaren bidean
Saioa Zabala (Kemen, Hondarribia-Irun), Josune Zubeldia (Otsolar, Lizartza), Elurre Iriarte (Plazara dantzara, Baztan) eta Izaskun Beraza (Andoaingo Axeri Dantza) “Euskal dantza genero ikuspegitik: nondik gatoz eta non gaude?” galderari erantzun zioten, nork bere herriko bizipenetik abiatuta, eta Dantzan elkarte antolatzaileko kide den Amaiur Aristik gidatuta.
Berazak Axeri Dantzaren jatorri sinbolikoa aipatuz ekin zion hitzartzeari. “Erritu iniziatikoekin eta inauteriekin zerikusi handia duen dantza da, eta iraganean herriko mutil gazteek gizon bihurtzeko erabiliko zuten ohitura dantzatua izango zen”.
Aspalditxotik ahazturan egon zen dantza Lizar Makil dantza taldeko kideek 1975ean berreskuratu zutela, eta geroztik Andoainen San Juan egunean eta Adunan Ama Birjin egunean dantzatu izan dela, gogorarazi zuen Berazak.
Gehitu zuenez, handik 25 urtetara, 2000an, mutilen dantza izatetik parekidea izateko jauzia eman zela eta hori ez zela beste zenbait herrietan bezain traumatiko edo istilutsua izan ziurtatu zuen Berazak. “Bi urte lehenago jada, zenbait emakume entseguetara agertu ziren dantzatu nahi zutela esanez. Egoera ondo aztertu behar zela eta, atzeratu egin zuten erabakia. Antzekoa gertatu zen hurrengo urtean, baina 2000eko San Juan aurreko hilabeteetan, halako eztabaida piztu zen, nahiko modu diskretuan, publiko egin gabe”.
Berazak zehaztu zuenez, gizonezko dantzarien eta dantzatu nahi zuten emakumeen artekoa izan zen eztabaida hori. Liskar eta zalaparta handiegirik gabe. Ondorio gisa, ordu arteko zenbait dantzariek bi erabaki hartu zituzten: batetik, dantzari gisa ez segitzea ez zeudenez ados aurrerantzean parekide izatearekin; eta bestetik, inongo oztoporik ez jartzea hala izan zedin. Beste zenbait dantzarik, ostera, aurrera egitea erabaki zuten.
Garai hartan, Axeri Dantzan, Juantxo Arregi zen buruzagia edo kapitaina, hots, dantzaren eszenifikazioan aparteko sinbologia eta eginkizuna daukan pertsonaia. Bada, Berazak, Arregiren jarrera nahiko erabakiorra izan zela aitortu zuen Eibarren: “dantza egin nahi zuten emakumeei konpromisoa eskatu zien; galdetu zien emakumeen berdintasunerako eskubide legitimoa aldarrikatzeaz gain, ea benetan prest ote zeuden etorkizunean Axeri Dantzan parte hartzeko. Eskatzaileak, Urki dantza taldean ibilitakoak nahiz dantza zaleak eta tradizio zaleak ziren denak, eta noski, baiezko erantzuna jaso zuen. Horrexegatik, buruzagitzari eustea erabaki zuen”.
25 urte egitera doan Axeri Dantza mistoak buruzagi bat baino gehiago izan dituela (istripuz hil zen Katto Amilibia eta Xato Irazu), eta azken urtetan bera dela eginkizun hori betetzen duena. “Modurik naturalenean gertatu zen gizon batetik emakume batengana igarotzea ardura hori”.
Egun, Axeri Dantzak herriko gazteengan egundoko arrakasta lortzen duela adierazi zuen Berazak. “Jende gaztea, neskak zein mutilak, erakartzen du dantzak; dantza plazan sekula egin ez duten asko ere bai tartean. Batzuk etorri ohi dira Axeri Dantzak berarekin egun osoko festa galanta dakarrelako; horiei, Axeri Dantza herriko kultur ondarea dela transmititzen diegu, eta Axeri Dantza, eta hainbat dantza urrats, soka dantza, sueltoa... erakusten diegu”. Bukatzeko, adierazi zuen egungo Axeri Dantzak 2025ean 50 urte beteko dituela berreskuratu zutenetik eta 25 mistoa denetik, eta harro egoteko modukoa dela egin duen ibilbidea eta bizitu duen eboluzioa mende erdian.
Esan beharra dago Adunan abuztuaren 15eko jaian egiten den Axeri Dantza ere parekidea izan dela azken urtetan.
Mutil-dantza mistoa, Baztanen
Baztango herri gehien-gehienetan egiten den dantza dela Mutil dantza esanez ekin zion bere hitzartzeari Elurre Iriarte Plazara Dantzara elkarteko kideak. Herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina normalki, egun handietan dantzatzen da. “Hain zuzen, lehengo astean hasi ziren Iruritan, eta 40 bat herrietan dantzatuko da, udan pasa arte. Solemnitate handiarekin, herriko lekurik garrantzitsuenean, plazan, egiten da”.
Genero bazterketarik gabeko dantzen aldeko ahalegina 2009 aldera hasi zela adierazi zuen “salbuespenak salbuespen, horrelako tradizioetan gizonezkoak hartu dute protagonismo publikoa beti, eta berdin gertatu da Baztanen ere. Baina 2009 aldera, tokian tokiko emakumeak beren herrietako Mutil dantzetan sartzen hasi ziren”. Zenbaitetan, emakumeen parte hartzea normaltasunez hartu zen hasiera-hasieratik, “baina ez, ordea, beste zenbaitetan”, gaineratu zuen Iriartek. “Baziren plazak, emakuma, edota txistulariek musika eten egiten zutela”.
Iriartek 2011 urtea mugarritzat jo zuen parekidetasunaren aldeko prozesuan. “Baztango udalbatzan bost zinegotzi berrietatik lau dantzariak ziren, eta horietatik bi, emakume; alkatea bata. Horrek esan nahi du herrietatik korporazioa gonbidatzen zutenean, emakumeak sartu beharra zutela Mutil-dantzan”. Hortik aurrera Mutil-dantza ofizial guztiak parekideak bilakatu ziren eta emakumeen presentzia bermatu.
Nolanahi ere, bazterketari eutsi nahi izan zioten zenbait gizonezkoek; Mutil-dantza pribatizatzen saiatu ziren, eta Elbeten bi urtetan antolatu zuten dantza. Elizondoko festetan ere, eremu pribatuetan (parkean, eliza atarian…) saiakerak egin zituzten. Horietan, Plazara Dantzara elkarteko kideak ere agertu ziren dantzan parte hartzeko asmoz, “hori ezin zela onartu uste genuen, izan ere, tradizioak hortik sortzen baitira; 5-10 urtez errepikatzen bada, tradizio bihur daiteke. Sokan sartzea erabaki genuen, eta gatazka koskorrak piztu ziren, egiaz!”.
Iaz, Plazara Dantzara elkarteak Udala gatazkan inplikatzea lortu zuen. “Lehenbiziko lerroan aritu gara urte hauetan, baina argi geneukan ez zela gure ardura bakarrik. Horrela, Udalak aurreko lanak egin zituen, eta jada ez zen dantza baztertzailerik ospatu. Hortaz, 2023an ez zen bazterketarik eman Baztan osoan. Baina arduratsu segi behar dugu hala segi dezan!”.
Lizartzako inauteri dantzak
Eibarko mahai-inguruan, Otsolar Dantza Taldeko Josune Zubeldiak azaldu zuen Lizartzako dantza ondareak 10 dantza herrikoi dituela. 1936ko gerrak eragindako etenaren ostea berreskuratu zirela eta ohitura izan zela etxez etxe, familia giroan transmititzea. “Gure aita maisu-dantza izan zen hamarkadetan, eta betidanik aditu izan genizkion dantzen inguruko gorabeherak. Etxe guztietan semeei irakasten zitzaien, eta plazara dantzara joaten ziren. Gure etxean lau ahizpa izanik, aitari beti galdetzen genion gu ea noiz hasi gintezkeen dantzan, “mugitu beharra dago kontua, bai, baina ni hasten banaiz horretan, interes propioa daukadala esango dute” erantzuten zigun”.
Gauzak horrela, 1993a iritsi zen, eta “beroaldi batean, Lizartzako inauteri-dantzak berreskuratzeko asmoari ekin zitzaion. Eta halaxe, hurrengo urtean plazaratu ziren, baina hori bai, denak mutikoskorrekin eta gizonezko helduekin”.
Hamar urte beranduago, Otsalarren planteatu eta erabaki zen mistoa izatea dantzak; “horretan lagungarri izan zen herrian jaisten ari zela dantza egiteko gogoa. Hortik aurrera, mistoa izan dira dantzak Lizartzan”.
Nolanahi ere, 2014an gatazka berri bat piztu zen dantzarien artean, Donostiako jaietan dantza egitera gonbidatu zituztenean. “Hor argi geratu zen, batzuentzat, neska taldea “zuloak betetzeko-edo” geundela. Aldarrikatzen zutenez, Mutil-dantzak zirelako gizonezkoek behar zutela hartu protagonismoa Donostiako erakustaldian. Gure presentzia ondo borrokatu, ostean, lortu genuen bi emakume behintzat sartzea dantzan, nahiz eta bigarren mailako tokian hartu”.
Geroztik, gauzak hobetzen joan direla aitortu zuen Zubeldiak. “Atzeko lanak egin dira azken urtetan, eta azkeneko inauterietan, esate batera, lau talde misto atera dira plazara; dantzari gehiago izan dira emakumeak proportzioan”.
Lizartzako dantzekin iritsi diren berdintasunezko egoera horri perspektiba historikoa jartzearren, adineko emakume batek esan ziona behin kontatu zuen Zubeldiak: “bera baino emakume gazteagoak dantzan ikusita, 80 urteko emakume batek zera esan zidan: “guri bizitza joan zaigu espaloitik begira! Eta ba al dakizu nork eduki duen errurik handiena horretan? Elizak!”. Pentsatu emakumeak edukiko zuen poza gu plazan ikusita, eta edukiko zuen atsekabea berari gozamen hori ukatu egin ziotelako”.
Kemen dantza taldea
Hondarribia eta Irungo dantzariek osatzen dute Kemen Dantza Taldea. Saioa Zabala dantzariaren esanetan, Generoaren gaian Irungo eta Hondarribiko Alardeetan azken 50 urtetan eman diren jarrerak Kemeneko taldean ere islatu izan dira. “Alardeen gainean pentsatzen dena, dantzekin ere antzera gertatu izan da”.
Saioak zehaztu zuen taldeak bere jardunean hiru lerro dauzkala markatuta: Gipuzkoako dantzak, Soka-dantza Irungo San Juan bezperan, eta, tokian tokiko dantzak. Beste herrietako dantzei dagokionez, “aspaldi hartua zuen erabakia taldeak: bertan egiten duten moduan (hainbat ezaugarri kontuan hartuta; hala nola, generoa, pausoak, jantziak, musika…) egitea guk ere”. Azken erabaki horri dagokionez, baina, Kemenek azken urtetan ez zuen bete zenbait kasutan, genero bazterkeriari eutsiz. “Horrek eragin zuen 2016az geroztik hausnarketa prozesua irekitzea, Soka dantzaren inguruan batez ere, taldearen baitan. Dena den, prozesu horretatik ez zen gauza garbirik atera, posizioak oso markatuta baitzeuden, Alardean bezalatsu”.
Horrela, 2021eko batzar orokorra iritsi zen, eta bertan hiru gai eztabaidatu, bozkatu eta erabaki zituzten Zabalak aditzera eman zuenez Eibarko mahai-inguruan, “lehenbizikoa, beste herrietako dantzekin lotutako iraganeko erabakiari eustea; bigarrena, gure dantzak modu mistoan egitea; eta hirugarrena, Irungo San Juan bezperako soka-dantza modu mistoan egitea”.
Hiru erabaki horiei, laugarren bat erantsi zioten, “Irun eta Hondarribiko Ezpata dantzak berreskuratzea ere onartu zen. Bada, aurreko beste hiru erabakiak zeintzuk izan ziren jakinda, automatikoki, Ezpata-dantza ere mistoa izan behar zuela ikusi zen, bozketarik egin gabe”.
"Klik" eta "Klak"
Tokian tokiko lau mintzaldien ostean sortu zen eztabaidan mahaikideek zein hitza hartu zuten entzuleek euskal dantzek azken hamarkadetan bizi izan duten bilakaera kolektiboaz sakontzen segi zuten, eta besteak beste, bilakaera horretan faktore pertsonalak eduki duen garrantzia azpimarratu zuten. Hain zuzen, dantzari eta dantzazaleen jokabidea izan zuten hizpide; alegia, batzuek “klik” eginez parekidetasunaren aldeko jarreretara etorri diren bezala, beste zenbaitzuk nola egin duten “klak” eta nola eutsi dioten lehengoari, tradizioa modu itxian ulertuz.