Dokumentuaren akzioak
Euskal dantzaren urratsen atzetik
Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoko atera gerturatzen joan ahala, Manuel Txapartegi Amuña dantzari zarauztarraren irudi handi bat nabarmentzen da. 1921eko argazki bat da, Eibarren egina, eta bertan aurreskua dantzatzen ageri da. Baina ez da soilik erretratu solte bat, instalazio moderno batean dago txertatuta. Lehen ikuspegitik argi geratzen da Soka erakusketak euskal dantza duela ardatz, baina ez bakarrik atzera begira, baita gaur egungo begiekin ikusita ere.
Euskal Kultur Erakundeak ekoitzitako erakusketa da, hainbat partaiderekin lankidetzan; horien artean, Donostia 2016 eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Erakundeak euskal kulturaren inguruko ikerketa lanak egin eta zabaltzen ditu. 2014an, esaterako, itsas munduari buruzko Itsasturia erakusketa ekarri zuten Sanz Eneara. Oraingo honetan, antzerako egiturarekin, euskal dantzaren inguruan murgildu dira. Euskal Herriko hainbat hiritan ipini ondoren, martxoaren 26a bitartean, Zarautzen ikusi ahal izango da.
“Soka dantza oso famatua da Euskal Herriko herrialde guztietan, eta hitz hori aukeratu dugu erakusteko dantza betidanik izan dela jendearen arteko lotura bat, festa egiteko parada bat eta jendearekin elkar gurutzatzeko aukera bat ematen duena. Beraz, alderdi sozial hori ere azaldu nahi izan dugu”, jakitera eman du Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etchegoinek. Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek adierazi duenez, erakusketak “euskal dantzaren nortasuna eta aberastasuna ikusteko aukera eskaintzen ditu”.
Lekukotasunak
Erakusketa multimedia nahiz interaktiboa da, eta lau hizkuntzetan dago: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Guztira, “400 bat ilustraziok” osatzen dute, bideo eta argazki bildumez gain, hainbat testigantzen ikus-entzunezkoekin.
Euskal Kultur Erakundeak euskal dantzari buruzko 70 testigantza jaso zituen duela bi urte, eta Etchegoinen esanetan, “hor badira koreografoak, dantzariak eta herritarrak, dantzaren mundua ongi ezagutzen dutenak eta bereiziki dantza bizi izan dutenak”. Lekukotasunek gaian gehiago sakontzeko aukera ematen dutela zehaztu du, gainera.
Lau modulutan bereizita dago Soka erakusketa. Lehenengoan jendeak zergatik egiten duen dantzan azaltzen da, baita herrialde ezberdinetako euskal dantzak zeintzuk diren eta nola dantzatzen diren ere. Bigarren zatiak euskal dantzaren historia arakatzen du mendez mende.
Hirugarrenean euskal dantzak gizartean izan duen eragina eta lotura jasotzen da, dantzaren alde sozialean murgilduz. Laugarrenean, azkenik, sorkuntzaren bideak jorratu dituzte: Oskar Alegria zinemagileak eginiko Enbor beretik, Galtzerdi berdeak, Arintasunaz eta Margo dantza filmak edo Aldudarrak Bideoren Jalgi ikus-entzunezkoak daude ikusgai, esaterako.
Euskadiko Filmategian, Gipuzkoako Artxibo Orokorrean edo han-hemen eskuratu dituzten argazki eta ikus-entzunezkoez gain, Johan Morin eta Gabrielle Duplantier argazkilariek ateratako irudiek janzten dute proposamena. Era berean, Robert Capa argazkilari ezagunak 1951n Saran eginiko bost argazki ere ikus daitezke erakusketan.
Martxoaren 26ra arte egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara.
Dantza ikuskizuna
Zabaldu berri duten Soka erakusketaren harira, dantza ekitaldi bat antolatu dute datorren iganderako. Lapurdiko Zarena Zarelako konpainiak Herrikoa ikuskizuna eskainiko du, 11:30ean hasita, Musika Plazan. Ondoren, 12:00etan, Mutxikoak izango da, Alaken taldearen eskutik.
Dokumentuaren akzioak