Dokumentuaren akzioak
Euskal dantzarekin urrezko ezteiak ospatzen ditu Kemen dantza taldeak
50. urtez euskal dantza ikastaroen izen-ematea martxan jarri du Kemen dantza taldeak ikasturte berriaren abiatzearekin. 6 urtetik gorakoentzat eskaintza zabala du, eta interesa duen orok adaxka@kemendt.com edo telefonoz 688920160 interesatu daiteke. Mikel Button, Kemen taldeko lehendakariak haur, gazte eta gurasoei egiten die deia. Izan ere, normalean haurrei bideratutako ikastaroak antolatzen dituzte, baina euskal dantzaren mundua ezagutu nahi duen guztiak du aukera haiekin aritzeko. Haurren kasuan ere, gurasoei deia egiten die: “gure ondare kulturala ezagutzera animatu nahi ditugu, konturatu daitezen agian konbentzionalagoak diren jardueretaz aparte badagola beste mundu oso bat ezagutzeko”, dio Buttonek.
Baina ikasturtea antolatzen duten bitartean, mende erdiz euskal dantza eta kultura eusten darama. Eta 1973an sortutako dantza taldearen urtemuga behar bezala ospatu nahi dute. Zentzu honetan, udako bilan baikorra egiten dute. Izan ere, ekimen garrantzitsuak izaten dituzte, eta denetan izan dute presente 50 urteko ezteiak. Ekaina bukaeran Irungo jaiekin, soka dantza eta ezpata dantzan aritu ziren. Eta aurtengoa berezi izan delarik, 50 urteen ospakizuna zutelako aintzinako dantzariei deia egin zieten San Juan plazan dantzan elkartzeko. Era berean, Irungo Euskal Jira eta Hondarribian ere, txistularien kontzertu nagusian eta herriko jaietan ezpata dantzarekin itxi dute uda.
Ospakizun nagusiak udazkenean
Halere, Kemen dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko besta berezia antolatzen ari dira urriaren 14ean. Egun horretarako egitarau oparoa prestatzen ari dira, Urantzuko euren egoitzatik kalejiran hasi eta Santiagoko Euskal Jai frontoian festa egiteko. Herri bazkaria eta kontzertuak izango dira, 50 urteotan Kemen dantza taldearen bidelagun izan diren dantzari eta eragileen presentziarekin.
Era berean, abenduaren erditsuan dantza ikusgarri berezia eskainiko dute. Mikel Buttonek oroitarazi duenez, bost hamardaotan Kemen eta Adaxkatik zenbat jende pasa den nekez zenbatu daiteke. Pandemiak dantzari kopuruak apaldu baditu ere, urte askotan soilik Adaxkan 200-300 dantzari txiki bildu izan baitituzte urtero. Atera kontuak.
Dokumentuaren akzioak