Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantzan sorkuntza bultzatzeko lehiaketa bat bultzatu du EDBk

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzan sorkuntza bultzatzeko lehiaketa bat bultzatu du EDBk

2003ko abuztuan eginen da eta hasieran Ipar Euskal Herriko taldeei irekia izanen da

Egilea
Ainize Butron
Komunikabidea
Gara
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2002/01/08

Atzo Euskal Dantzarien Biltzarrak (EDB) hemendik aitzina bideratuko dituen ekimenak aurkeztu zituen, eta hauen artean 2003ko abuztuaren 15ean agertuko den Euskal Dantza Txapelketa azaldu zuten.



Ekintza hauek erakunde honen baitan abiatutako hausnarketa zabal baten inguruan bideratuko dituztenez, lehiaketa berri hau gogoeta horretan kokatua dela adierazi zuten. Gaur egun euskal dantzan ezagunak diren ikusgarriek ez dutela publikoan emoziorik pizten eta dantza mota honi berrikuntza bat ekartzeko sorkuntza bultzatu nahi duen horrelako ekimen bat antolatzea beharrezkoa dela adierazi zuen Serge Istequek, EDBko lehendakariak.



«Euskal dantzaren errepertorioa sobera ezaguna da, dantza gehienak joan den mendean sortuak baitira. Motibazio eskasiagatik, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzariak dantza taldeetatik alde egiten dute», erran zuen lehendakariak, eta hauen artean bereziki mutikoak zirela gogorarazi zuen.



Dantza errepertorioa indartu



Hau dela eta, euskal dantza berpizteko asmoz, lehiaketa honetan sorkuntzak aurkezteko aukera eman nahi die dantzariei EDBk, ikusgarri berrien agerpena laguntzeko asmoarekin. Bi urtero egitekoa den lehiaketa honek, beraz, sei ardatz nagusi izanen ditu. Sorkuntza bultzatzearekin batera, dantzariak formatzea eta hobetzen laguntzea, euskal dantzaren maila indartzea, tradizioa eta sormena hein berean lantzea eta azkenik gaur egun dantza mailan dagoen errepertorioa aberastea izanen dira ardatz horiek.



Dantza lehiaketa bat izatea baino gehiago, euskal dantzan oinarrituz, koreografia berriak agertzea nahi dute. «Lehiaketa honen funtsa ez da lehiatzea bakarrik, baizik eta luzaz iraunen duten ikusgarri berriak plantan jartzea. Honela, koreografia egin eta dantza talde guztiek koreografia berria agertzen ahalko dute beren errepertorio tradizionalarekin batera», gehitu zuen Serghe Isteque lehendakariak.



Dantzaren errepertorioa aberastu nahi delarik, dantza hau Euskal Herriari dagokion gai nagusi batean oinarritu beharko dela azaldu zuen lehendakariak. Joan den mendean sortua izan zen Larain dantza adibidetzat hartuz, «dantza koreografia batek indarra hartzeko gai garrantzitsu batean oinarritu» behar duela erran zuen.



«Helburua, hemendik aitzina bideratuko ditugun ekimen guztiak bezala, pedagogikoa da. Dagoeneko Iparraldeko dantza talde guztiek eskuratu dute bete behar duten fitxa teknikoa eta egin beharreko dokumentua. Ondotik, 2003ko abuztuaren 15ean aurkeztuko dute beren sorkuntza. Hauek epaitzeko, dantzari adituen epaimahai bat osatua izanen da. Urteak pasatu eta ikusiko dugu ekimena ongi doan ala ez», gehitu zuen Istequek. Horretaz gain, lehiaketa oraingoz Ipar Euskal Herriko dantzariei bakarrik irekia da. Gerora Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa daukatela eman zuen ezagutzera.



«Ditugun finantziamenduek ez digute Euskal Herri osora zabaltzeko aukera ematen. Hala ere, gure asmoa, Eusko Jaurlaritzarekin partaidetza bat bideratu ondoren, zazpi herrialdeetan hedatzea da», aitortu zuen azkenik lehendakariak, nornahik koreografia bat sortzen ahalko duela azalduz.



-------



Euskal dantza indartzeko proiektu pedagogiko zehatzak jarri dituzte martxan 2002rako



A.B. | BAIONA



Azken garai hauetan euskal dantzaren inguruan bideratu dituen hausnarketei begira, 2003ko lehiaketarekin batera, EDBk orain arte eta geroari begira plantan jarriko dituzten proiektu eta ekitaldiak aipatu zituen atzo.



Euskal Dantzarien Biltzarraren barnean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hirurogei bat talde bilduak zirela gogoraraziz, beren erakundea garatzeko eta dantza formazioa eta hastapena hedatzeko helburuarekin bi lanpostu berri sortu zituztela aipatu zuen Serge Isteque lehendakariak.



«Bi lanpostu hauekin, gure asmoa eskola guztiei zuzendutako proiektu pedagogiko bat martxan jartzea da», erran zuen. Hau dela eta, bi enplegu hauen inguruan, EDBren baitan dauden proiektuak azaldu zituen lehendakariak.



Urtero antolatzen diren Dantzari Txiki, Dantzarien Eguna, Mutxikoen Eguna, herri dantza eta beste hainbat ekimen aipatu zituen. Mutxikoen Egunari dagokionez, Serge Istequek ekitaldi hau prestatzen ari direla nabarmendu zuen. Orain arte Arrangoitzen antolatzen zuten jaialdia Zuberoa eta Nafarroa Beherera zabaldu dutela agertu zuen.



2001 eta 2002ko proiektuen artean, Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakariak musika tresna baten inguruan eskoletan plantan jarri duten tailer berezia aipatu zuen. «Pedagogia proiektu hau eskola guztietako haurrekin jarri dugu martxan. Euskal musika tresna bat ezagutzeko parada izateaz gain, ekimen honekin, haurrek musika tresna eraikitzen ahalko dute», eman zuen ezagutzera.



«Lan anitz dago egiteko Euskal Herri osoan dantza eta musikaren artxiboei dagokienez. Gure asmoa Luhuson daukagun egoitzatik gai honen inguruan proiektu bat bideratzea da», gehitu zuen Istequek.



Diploma berria



Bestalde, euskal dantzaren indartzeari begira bideratu hausnarketa berezi honetan, EDBko arduradunek dantza irakaskuntza lantzen duten dantzarientzako diploma bat sortzeko daukaten proiektua agertu zuten.



Ekimen hau frantziar Kultur ministroarekin eta eskualdeko kultur ordezkaritzarekin lantzen dutelarik, beren asmoa Euskal Dantza izeneko estatu diploma bat sortzea zela erran zuten EDBko kideek.



«Euskal dantzaren oinarrien eta perfekzionamenduaren irakaskuntza antolatzeko metodo pedagogikoaren beharra dago euskal dantzari indarra emateko gisa. Honela, dagoeneko frantziar Estatu mailan dantza herrikoiaren diploma bada ere, gure asmoa euskal dantzari egokitua den diploma bat sortzea da», nabarmendu zuen EDBEko lehendakariak. Horrez gain, proiektu hau beste ekimen batean kokatua dela adierazi zuten.

Dokumentuaren akzioak