Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantzak, soinu zaharrak eta alprojak

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzak, soinu zaharrak eta alprojak

Aste oso batez kulturaren inguruan antolatutako egitarau oparoa gaur amaituko da, Euskal Jaien egun handian

Egilea
Fausto Berazadi
Komunikabidea
Berria
Tokia
Zarautz
Mota
Albistea
Data
2008/09/09

Euskal Jaiak hasi zirenetik, 1924. urtetik, Zarautzen (Gipuzkoa) beti osatu dute egitarauren bat. Euskal kulturaren jaia izanik, ordutik makina bat trikitilarik alaitu izan dituzte Zarauzko kaleak irailaren 9an. Haiekin batera, dultzainero, txistulari, bertsolari eta dantzariek hartu izan dute parte, baita joaldunek ere.

Iñurritzako zelaiek hitz egingo balute, hamaika madarikazio botako lituzkete zarauztarren kontra; izan ere, gaurko eguneko arratsaldeak euskal dantzen doinu eta oinpean igaro behar izaten baitituzte, harik eta belar izpi bakoitza burumakur geratu arte, akiturik, xahuturik eta xeheturik. Azken finean, gure kultura, euskara eta herria aske bizitzeko egunak izaten dira Zarauzko Euskal Jaiak.

Gaur egun ere egitaraua zabala izaten da. Aurtengorako, gainera, zenbait berrikuntzarekin etorri da. Hasteko, azpimarratu beharrekoa da Euskal Jaia ez dela egun soil bat, euskal kulturaren iturriek Zarautzen itsasoratzen dituzten hainbat uren aste oso bateko jarioa da, non irailaren 9an amaitzen den, enbataren olatu jendetsuarekin.

Dantzariak trebatzen

Aste horrek denetarako ematen du. Euskal dantzako txapelketak izaten dira -Aurresku Txapelketa irailaren 6an, eta Bikote Gazteen Txapelketa irailaren 5ean-, baita aspaldiko partez antolatu diren dantza saio herrikoiak ere -atzo arratsaldean Musika plazan, eta gaur arratsaldean Iñurritzan-, jaian bertan berez eratzen direnez gain, esan nahi baita.

Aurten, larrain-dantza eta mutxikoen dantza ikastaroak antolatu ditu Zarauzko Kultura Sailak, eta erantzun ona izan dute, jende anitz animatu baita. Ikastaroan izena emandakoek ekainean, uztailean eta abuztuan jardun dute euskal dantza horiek ikasten, gero, esan bezala, Euskal Jaietan dantzatzeko.

Kulturaren iturria, zabalik

Iturria zabalik dago aste osoan, ase gabe aske: irailaren 1ean Oreka TX taldearen lan berriaren aurkezpena; irailaren 2an Trikitilari Gazteen 28. Txapelketa; euskal dantza garaikidearen tartea, Kukai-Tanttaka taldearen eskutik irailaren 3an --Hnuy Illa antzezlana erakutsi zuen, Joseba Sarrionandiaren liburuan oinarrituta-; Bertsolari Gazteen 32. Txapelketa-Lizardi Saria, eta Basarri 24. Bertsopaper Txapelketa. Bertso saioaren amaieran, aurretik aurkeztutako bertsopaperen sari banaketa egin zen.

Halaber, ezin ahantzi urtero Zarauzko kultura arloko talde askoren artean antolatzen den ikuskizuna: Urak dakarrena urak daroa lana eskaini zieten herritarrei irailaren 4an.

Aurresku Txapelketarekin batera, irailaren 6an, lehen aldiz, Soinu Zaharren Txapelketa antolatu zuten, Euskal Herriko musika tresna zaharren bilkura izateko asmoz. Ekitaldi berezia izan zen, hainbat instrumentu bitxi batu baitziren.

Igandean, irailaren 7an, Haurren Euskal Jai Egunean, Euskal Herri osotik etorri zen dantzari txiki andana ere ezin ahaztu, herria kolore, soinu, erritmo, dantza eta alaitasunez bete baitzuten. Eta etorkizunez ere bai; izan ere, eurak izango baitira etorkizuneko euskal kultura. Egitarau oparoa, beraz, euskarari eta euskal kulturari hauspoa emateko.

Zirkuaren mundua

Uda guztian gaur eguerdian antzeztuko duten ikuskizunerako prestaketak egiten jardun ondoren, badatoz Alprojako galtxagorriak. Zirkua dute ardatz aurten, eta, orobat, beren ikuskizunak badu zirkuaren mundu liluragarri horretan gertatzen den istorio gordin, gizatiar eta sakona.

Horretarako, Munoako plazan egokituko dute agertokia, urtero bezala jendetza biltzeko asmoz. Ikuskizunaz ezertxo ere aurreratu ezin denez, bakean utziko ditugu galtxagorriak, bestela haserretuko bailirateke, eta orduan... batek daki! Hori bai, Mamarro malabarista taldearen laguntza izango dute, lanaren izenburuari jarraiki bi taldeek elkarlanean bat eginez.

Dokumentuaren akzioak