Dokumentuaren akzioak
'Euskal dantzak' obra berria emango du Bilboko Bandak
Igandean estreinatuko du Gregory Fritze estatubatuarraren lana
Berklee College of Musiceko musika irakaslea da Fritze, estilo eta garai askotako disko andana entzuten du, haietan oinarritzen da obrak idazteko; ondorioz, zaila egiten zaio Euskal dantzak estilo jakin batean sailkatzea. Orain urte bi izan zen lehendabiziko aldiz Bilbon, orduan izan zuen euskal musika tresnen berri, eta mira eginda geratu zen hainbeste urteetako tresnek egun duten gaurkotasunaz jabetzean. Euskal folk diskoak entzuteari ekin zion ondoren, eta «denetarik» edan eta gero idatzi zuen Euskal dantzak musika lana. Bilbon estreinatuko den obrak atal bi ditu: Botxo eta Bizkaiko mendiak. Bilbori begira idatzi zuen Fritzek lehena, eta Bizkaiko paisaia naturalak gogoan zituela, etorri zitzaion bigarren zatia egiteko inspirazioa, egileak berak azaldu duenez.
Euskal dantzak
Fritzeren obra interpretatu aurretik, beste egile batzuen lanak emango dituzte Bilboko Udal Bandak eta Txistularien Bandak. Aranbarriren Hego haizearekin hasiko dute emanaldia, eta Fritzeren duela zenbait urteko Tronpeta eta banda sinfonikorako kontzertua-rekin egingo dute aurrera. Juan Vicente Codina tronpetistak interpretatuko du azken pieza hori. Kontzertuaren bigarren atalean, Mussorgskyren Gau bat mendi soilduan eskainiko dute, «akelarre baten irudi orkestrala», Rafael Sanz-Espert Bilboko Udal Bandako zuzendariaren hitzetan. Horren guztiaren ondoren estreinatuko dute Euskal dantzak obra. Euskal Telebistak kontzertu osoa grabatuko du. Enrique Garcia Asensioren zuzendaritzapean, iragan urriaren 3an hasi zuen Bilboko Udal Bandak aurtengo denboraldia. Datorren igandekoa izango da eskainiko duen bigarrena. Azaroaren 7an, Bilbao Musika elkarteak antolatutako zuzendaritza mintegian aritutako zenbait ikaslek zuzenduko dute banda; azaroaren 28ko saioan, berriz, Eugenio Djalalov errusiarra ariko da zuzendari. Eta abenduaren 5eko kontzertuan, Bernabe Sanchis.
Dokumentuaren akzioak