Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantzak, mundura begira

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzak, mundura begira

Euskal dantzez gozatzeko aukera dago iluntzeetan Donostiako Konstituzio plazan

'Argizaiola' ikuskizuna taularatu du Donostiako Gero Axular dantza taldeak; ikazkin baten semearen istorioa azaltzen du
Egilea
Ilargi Agirre
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Erreportajea
Data
2013/08/14
Lotura
Berria

Arin-arinaren pausoak dira, baina klakea dirudi zenbaitetan. Dantzariak euskal jantziekin egonagatik, zapatekin daude, eta lurraren aurka astintzen dituzte oinak, klakean egiten den gisara. Hogei bat lagun ikusten dira oholtza gainean aurrera eta atzera koreografia bizia osatuz. Euskal dantzak ukitu moderno batekin eta bestelako dantzekin uztartu zituen Gero Axular dantza taldeak, astelehen iluntzean Donostiako Aste Nagusian eman zuen emanaldian. Konstituzio plaza leporaino bete zen, eta han bildutako ikusleak eta dantzariak gustura geratu ziren.

Zortzietan da hastekoa ikuskizuna, eta hogei minutu lehenago nabari da giroa Konstituzio plazan. Oholtzaren aurrean jarritako eserleku ilaratan apenas dagoen lekurik, eta jendea inguruan zutik jartzen hasia da. Leku ona hartu dutenetako batzuk dira Rosa Otxe eta Patxi Hernando. Adinean aurrera joanda daude, baina piraten zapi beltza eta kamisetak daramatzate soinean. «Abordatzen egon gara lehen, gu ere piratak garelako, eta orain, hona gozatzera», dio Otxek gogotsu. Ohitura dute euskal dantzen iluntzeko ekitaldira hutsik ez egiteko, haiek ere hasi baitziren euskal dantzak ikasten duela hiru urte. Abestu ere egiten omen dute, Donostia Kantuz-en. «Dena. Dena egiten dugu», jarraitu dute.

Ikazkin baten istorioa

Zortziak puntuan direnean hasi da emanaldia. Txorimaloz jantzitako haurrak atera dira oholtzara musikaz lagunduta, atzean baserri baten irudia dutela. Argizaiola ikuskizuna eskaini behar dute gaur. Ikazkin baten semearen istorioa kontatzen da, eta haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak erakusten dira. Nola haurra zela aitak egindako txondor batean ezkutatzen zen, eta nola ezkutaleku horretan egoten zen bere altxorrekin: txorimalo batekin, eta amonak emandako argizaiolarekin. Urteak pasatu, eta herrira jaisten da lanera ikazkina. «Gernikako bonbardaketak harrapatzen du, eta herria nola berpizten den ikusten da gero, aurrera goazela», azaldu du Juan Luis Unzurrunzaga taldeko buruak. Aurrera joate horrek mugaz kanpo zabaltzearekin ere badu zerikusia. «Gure dantzak ere ireki daitezke mundura». 

Horixe da Gero Axular dantza taldearen ezaugarri nagusietako bat. Dantzaren bidez istorio bat kontatzen dutela. Euskal dantzak gaurkotzen saiatzen dira, gainera. «Haurrak erakartzeko, berritu egiten ditugu euskal dantzak ikuskizunetan. Betiko euskal pausoak izan arren, beste koreografia batzuk erabiltzen ditugu», esan du arduradunak. Berritu bakarrik ez, galdutako batzuk berreskuratu ere egin dituzte. Dantzarekin batera, argiari, musikari, eszenografiari ere garrantzi handia ematen diote. Gero Axular dantza taldea Axular ikastolako haurrek osatzen dute. Haurrak eta gurasoek. Eurak baitira taldea sortu eta taldearen martxa eramaten dutenak, boluntario gisara. Guztira, 200 haur eta gaztetxo inguru dituzte, 6 urtetik hasi eta 25 urte bitartera arte. Argizaiola ikuskizunean, 60k parte hartzen dute. 

Ikusleak adi-adi ari dira begira. Haurrak lurrean eserita daude, eta gurasoak oholtza gaineko seme-alabei argazkiak eta bideoak ateratzen dizkiete lehen lerroetan. Tarteka, batzuek musikari jarraituz, kantuan hasten dira. «Andre Madalen, Andre Madalen...». Ikuskizun bizia eta alaia osatzen dute dantzariek. Buruhandiak ere atera dira taula gainera, eta, tarteka, iratxoz mozorrotutako neskatxa bat jartzen da oholtzaren ertzean eta kantuan egiten du.

Euri tanta batzuk hasi dira, halako batean. Aterki batzuk ireki dira, eta esku orriak jarri dituzte zenbaitek buru gainean. Gutxi izan dira eserlekuetatik altxatu eta alde egin dutenak. Ikuskizunak erakartzeko gaitasuna duela nabari da. Ongi prestatuta etorri da Amparo Zubia, Oñatitik. Aterkiarekin. Astea pasatzen ari da senarrarekin. «Oso ederra da ikuskizuna. Modernizatuta daude euskal dantzak». Baiezkoa egiten dio Jesus Bikuña senarrak albotik. Dantzaria izandakoa da. «58 urterekin eskaini nuen nire azken emanaldia. Hemen, Donostian, Oñati izeneko plaza inauguratu zutenean etorri ginen herritik. Oso oroitzapen onak dauzkat».

Oroitzapen onak gordeko dituzte era berean Gero Axular dantza taldeko gaztetxoek hemendik urte batzuetara. Berezia izaten da zalantzarik gabe Aste Nagusiko emanaldia. «Normalean antzokietara etortzen ez direnak hurbiltzen dira gu ikustera, eta eskertzen da. Jendeari asko kostatzen zaio 3-4 euro ordaintzea, nahiz eta kulturarengatik izan», nabarmendu du Unzurrunzagak. 

Atzerrian ere izan dira udan. Alemania, Kroazia, eta Danimarkan dantzatu dira. Autobus gidaria hantxe dago zutik, ikusleen artean. «Malkoei ezin eutsi nago gaur ere. Haur eta gaztetxo guztiak ezagutzen ditut azkenean, eta ederra da», dio Mikel Gurrutxagak. Inma Urzelai emaztea ere hunkituta dago. Begiak bustita ditu. Dantzaria izandakoa da, eta guztia asko aldatu dela dio, koreografiak eta besoak askoz gehiago lantzen direla orain. «Mutilak falta dira herrietako euskal dantza taldeetan. Eta Gero Axularren ere gauza bera gertatzen da. Ditxosozko futbolarengatik», kexatu da. 

Euskal dantzek ez dute etenik izango aste osoan, Konstituzio plazan. Bihar Goizaldi Dantza taldea dantzatuko da, eta ostiralean, berriz, Trebeska.

Euskal dantzak berritu egiten dituzte Gero Axular taldekoek, eta argiari, jantziari eta taularatzeari ere garrantzi handia ematen diote ikuskizunetan. / JON URBE/ ARGAZKI PRESS


Donostiako Konstituzio plaza gainezka egon zen asteleheneko dantza emanaldian. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

 

Dokumentuaren akzioak