Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantzak ikasteko aukera egongo da Musika eta Dantza Eskolan estreinakoz

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzak ikasteko aukera egongo da Musika eta Dantza Eskolan estreinakoz

Musika eta Dantza Eskolak euskal dantzak ikasteko aukera eskainiko du aurreneko aldiz, dantza espezialitate berri bat, dantza garaikidea eta dantza klasikoaz gain. Guztira hiru talde sortuko dira, haur zein helduei eskainitakoak, astean bi egunetan, astelehen eta asteazkenetan, urritik ekainera bitartean. Hilabete honen bukaera arte dago zabalik izena emateko epea. Izena emateko www.donostiaeskola.org web atarian sartu eta bertan dagoen esteka batean sartu behar da apuntatzeko, “eskolan ikasi nahi duzu?”. Telefonoz ere egin daiteke izen ematea: 943 29 78 30 telefonora deituta.
Komunikabidea
Donostia.org
Mota
Albistea
Data
2014/09/19
Lotura
Donostia.org

Naiara Sampedro zinegotziak euskal dantzetara gerturatzera animatu ditu donostiarrak: “Musika eta Dantza Eskolak bere eskaintza zabaldu du aurten, ikasgaien artean euskal dantzak ere txertatu direlarik. Musika eta Dantza Eskolaren 2013-2016 Estrategi Planak jasotako proposamenetako bat da, plana egiteko prozesuan euskal dantzak ere eskaintzeko beharra ikusi baitzen. Helburua da euskal dantzak curriculum proiektura sartzea, eta irakasgai horretan herriko dantzei, erroak herri ohituretan dituzten dantzei, lekua ematea, gure kulturaren eta nortasunaren osagai direnez gero. Gure ustez, gure kultura sustatu eta bultzatu behar dugu, dantzatik eginda ere, horixe baita munduari emateko daukaguna”.

Dantza Eskolan, hortaz, dantza klasikoa eta dantza garaikidez gain, lehen aldiz, euskal dantzak ikasi ahal izango dira. Alde horretatik, espezialitate berri hau emateko irakasle postu bat sortu da. Monika Bañales izango da euskal dantzak emango dituen irakaslea.

Musika eta Dantza Eskolak egun 2.000 ikasle baino gehiago ditu, eta haietako 1.600ek musika ikasten dute eta 400ek dantza. Eskolak eskaintzen dituen bestelako ikasgaietan bada oraindik lekua: musika-instrumentuak (akordeoia, baxu elektrikoa, biolontxeloa, fagota, klarinetea, kontrabaxua, saxofoia, tronboia, tronpa eta tronpeta); musika tailerrak (Intxaurrondo eta Altzan); eta taldeak (orkestra, banda, abesbatza, dantza….).

Prezioak askotarikoak dira, jorratu beharreko ikasgaien arabera: hileko 18 eurotik aurrera (taldeak) 67,62 euro arte (instrumentuak). Gogoan izan behar da deskontuak daudela familia ugariarentzat, guraso bakarrekoentzat, familia bereko 2. kidearentzat eta gizarte premietarako laguntzak nahiz oinarrizko errentak jasotzen dituztenentzat.

Eskaintzaren zenbait ezaugarri

  • Musika eta Dantza heziketa arautu gabea da, batez ere praktikoa. Bere helburu nagusia da ikasleengan piztea ahots, tresna eta dantza taldeetan parte hartzeko interesa.
  • Ikasle guztiei eskaintzen zaie, haien adina edozein izanda ere, haurtzarotik zahartzaroraino.
  • Musika eta Dantzaren jardueraren inguruan den gama guztia eskaintzen du: musika eta dantza klasikoa, zaharra, modernoa, jatorri tradizionalekoa, herrikoa, gaur egungoa, rock eta jazz estiloak, musika elektronikoa eta abar.
  • Irakaskuntzaren programazioa ikaslearen interesetara, dedikaziora eta ikasketa-erritmora egokitzen du, betiere kontuan hartuta ikasleek gutxieneko dohain batzuk izan beharko dituztela, jasotzen dituzten irakaskuntzak behar bezala aprobetxatzeko. Horrenbestez, askatasuna eta autonomia bilatzen du eskaintzaren plangintzan, ikaslearen interes eta dohainetara hobeto egokitzeko.
  • Estilo guztietako kontzertu eta dantza-ikuskizunetara joateko zaletasuna bultzatzen du, eta espiritu kritikoa garatzen saiatzen da, bai ikasleen artean, bai herritarren artean.
  • Beren gaitasun eta interesengatik ikasketa arautuetara iristeko dohainak eta borondatea dauzkaten ikasleak bideratzen ditu eta prestakuntza sakonagoa ematen die; izan ere, zentroa ikasle-harrobia da araututako musika- eta dantza-irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeentzat.
  • Ikasleek jendearentzako barne zein kanpo entzunaldi eta emanaldietan banaka zein taldeka aktiboki parte hartzea bultzatzen du eta, horri lotuta, Eskolaren eta Eskola txertatzen den gizarte esparruaren arteko elkarreragina sustatzen du. Ikaskuntzak, haren abiapuntua eta amaiera norbera badira, gizartean eraginik izan gabe, izateko duen arrazoia galtzen du neurri handi batean.

Dokumentuaren akzioak