Dokumentuaren akzioak
"Euskal dantzak gure erroen adierazle eta sustraia dira"
Jose Antonio Urbeltz | Dantzaren Nazioarteko Kontseiluko kidea
Galdera. Dantzaren Nazioarteko Kontseiluko kide izendatu berri zaituzte. Zer erronka izango dituzu lan berri honetan?
Erantzuna. Niretzako pertsonalki izendapen garrantzitsua izanik, Euskal Herriaren alde ere lan egin nahi nuke eta dantza eta ohitura zaharrak mantentzeko bidea izan daitekeela uste dut. Helburu hau betetzeko oso bide garrantzitsua da, erronka zaila izanik, gogo eta indar handiarekin hasiko naiz zeregin honetan. Dantza gure kulturaren zati garrantzitsu bat da eta ez diogu duen garrantzia ematen.
G. Zer balio izan beharko luke dantzak euskal kulturaren barruan?
E. Mundu guztian zehar egiten diren dantzen artean %95 dantza herrikoiak eta antzinakoak dira. Dantzaren munduan modaren eragina argia da eta honen aurrean gure erroak mantentzea nahitaezkoa dela uste dut, gure erroak zeintzuk diren eta nolakoak diren jakitea oso garrantzitsua da gure kulturaren barnean. Erritmo eta mugimendu hauek berritze prozesu etengabea jasaten dute eta hor ere bada erroa galtzeko arriskua. Horren aurrean, euskaldunok gure iraganeko sustraiak ezagutu behar ditugu.
G. Euskal dantzek zein puntutaraino islatzen dituzte aipaturiko erro hauek?
E. Europa batasun kultural bat dela kontsideratzen dut eta batasun horretan herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Hala, euskaldunok gure nortasuna dugu eta horren erakusgarrietako bat da gure dantza; beste dantza batzuen artean, adibidez, guk dantzatzen dugun ezpata-dantza oso berezia da. Oso eredu zaharra da eta nekazal munduko bizimodua islatzen du. Dantza guztiak ospakizunen adierazle dira eta beraz, ezpata-dantza ezin da guda egoera bateko adierazle izan. Hala ezpatie-mandeulia da bizkaieraz eta horregatik ezpata daraman dantzari bat ikusten duzunean berez, mandeuli dantzari bat ikusten ari zara eta ez gudari bat, askok hala uste duten arren. Hala, Europako laborariek ez dute guda folklorerik, gudak ez baitu festarik eragin inoiz, eta ondorioz, ezpata beste zerbaiten adierazle da. Kultura eta herri jakituria guzti hau Europara eraman nahi dut eta Europako beste herrialdeek dutena Euskal Herrira gerturatu.
G. Dantza eta ohitura zahar guztien atzean ezkutatzen diren metafora eta jakituria horiek guztiak nola helarazi behar zaizkio gizarteari?
E. Penagarria izanik ere, gure aitona-amonen belaunaldira arte altxor guzti hau mantendu zen eta orain galtzen ari da, izan ere, gure aitona-amonek herri ezagutza fedea bezala mantentzen zuten. Haien arbasoek ohitura zaharrei garrantzia emanik, haiek ere garrantzitsu kontsideratzen zituzten. Haatik, bi fede ziren, alde batetik elizaren fedea eta bestetik, tradizioarena ere barneratua zuten gure aitona-amonek. Egun, ordea, gure bizimodua guztiz aldatu da eta hirietan bizi den jendeak batez ere, ez du herri kontzeptu eta sentimendutik eta ondorioz ezta gure ohituren ezagutzarik ere ez. Hala, egiten duguna ezagutzea eta ulertzea oso garrantzitsua da bestela galtzeko arriskua dugu.
G. Egun, ordea, dantzak mantentzen dira.
E. Euskaldunok dantzan jarraitzen dugu baina ez ditugu dantzen esanahiak ezagutzen eta horrek beldurtzen nau, esanahirik ez duen zerbait behin eta berriz egitea oso aspergarria izan baitaiteke eta galtzeko arriskua sortzen da. Egiten dugunaren zentzua jakitea garrantzitsua da eta hala, ohiturek gaur arte zergatik bizirauten duten jakingo dugu. Aurreko adibidea berriz ere hartuz, ezpata-dantzak bizirik badirau, oso garrantzitsua zelako izango da. Horrenbeste adibide garbi bat hizkuntza da, euskara ez zen gure arbasoentzat haien hizkuntza izan, askoz ere gehiago zen, zerbait sakratua.
G. Nazioarteko Kontseiluan zer egingo du euskaldun batek?
E. Kontseilu honetan mundu osoko dantza garaikidearentzat bai eta herrikoiarentzat tokia dago eta dantza hauek guztiak mantentzea da eginbehar nagusia. Katalunia, Alemania, Bulgaria nahiz Euskal Herriko dantza guztientzat da tokia kontseilu honetan. Herri bakoitzak bestalde, ez du indar berdina ez baitu ere tradizio berdina; nik gurea ezagutarazi nahi dut.
Dokumentuaren akzioak