Dokumentuaren akzioak
Euskal dantzak, Gasteizko jaietako baztertuak
Zuzendariari
Baina lotsagarriena Dantza Plazan eta eguneroko larrain-dantzaren dantzaldiekin gertatu da. Segur aski Gasteizko festetan gutxi izango dira hain bitarteko gutxi eskatzen duten ekitaldiak; ez du zezen-plaza bezalako eraikuntza erraldoirik behar, ez orkestra handirik, ezta aurrekontu garestirik ere. Bakarrik behar ditu musikariak, esatariak, toki zabala eta zoru laua, orkatilak ez bihurritzeko. Hainbeste da hori? Ba, Aihotz plazako lurzoru harritsu eta arriskutsuari, non dantzari bat baino gehiago lesionatuta suertatu den, urtez urte oztopo berriak gaineratzen zaizkio. Parte-hartzaileek, eslalomeko kale estuetatik ibiliko bailiran, hiru metro eskasetako pasilloak karparen zutabeak eta soinu-mahaiaren artean, kableen gainetik, idi-probetako harri handien inguruan eta ondoko jatetxearen Coca-Cola kioskoaren albotik pasatu behar zuten. Plaza txikia izan arren, Andra Mari Zuriaren egunean erantsitako agertokiak are txikiago bihurtu zuen dantzatzeko tokia. Eta hori gutxi balitz bezala, nagikeriaz edo ezjakinak tokia utzi nahi izan ez zuen jendea ere aipatu behar da. Esatariek behin eta berriz hauek alboetara joan zitezen ahalegin handiak egin arren, askok jarraitu zuten bidea utzi gabe. Gauzak horrela, dantzatzea une eta toki batzuetan benetan arriskutsu bihurtzen da. Ekitaldi honek Gasteizko jendea dantzatzen animatzeko helburua baldin badu, gu, animatu beharrean, desanimatu egiten gaitu. Aurtengoa, mesedez, ez dadila errepikatu.
Jaime Ortiz de Urbina, Ainhoa Arbaiza, Idoia Zapirain, Marta Kintana, Nagore Sagardui, Josu Linaza eta Xanti Campo. Gasteiz
Dokumentuaren akzioak