Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantzak etorkizunera begira ‘Pas de Basque’-n

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzak etorkizunera begira ‘Pas de Basque’-n

Dantza BILBO. Gaur, 20:30ean, Kafe Antzokian.

Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/12/17

Bizkaiko, Zuberoako eta Nafarroako dantzetan oinarritutako Pas de Basque obra ikusteko aukera izango da gaur arratsaldean, Bilboko Kafe Antzokian. Euskal Herriko tradizioan oinarritutako dantzak egungo moldeetara ekarri ditu Juan Antonio Urbeltz zuzendariak. Argia taldeko dantzariez gain, Añorgako Arkaitz, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeetako kideak ere igoko dira oholtza gainera. Bilboko Kafe Antzokiaren 10. urteurrena dela-eta, egitarau berezia prestatu dute, eta horren barnean izango da gaurko emanaldia ere.



Hiru zatitan banatuta dado Pas de Basque ikuskizuna: lehia eta desafioari dagozkion dantzak taularatuko dituzte lehenengo zatian.



Apustu eta jokoaren ingurukoak dira, eta dantzariek beraien trebetasuna erakutsi beharko dute edalontzien gainean, edo mahai gainera igota, besteak beste. Bizkaiko almute dantza ere erakutsiko dute.



Patuaren inguruko dantzak etorriko dira ondoren. Nafarroako ingurutxoak eta zinta dantza ikusteko aukera izango da; ezkontzetan oso dantzatuak. Zinta dantzaren kasuan, erdian bizitza irudikatzen duen zuhaitza dago; dantzariak bizitzari lotuta daude zinten bidez. Dantzariak patuarekin jolasean ariko dira, bizitzaren eta heriotzaren inguruan.



Zuberoako inauterietan oinarritzen da ikuskizunaren azken zatia. Jai horietako hainbat euskal pertsonaia agertuko dira oholtza gainean. Nekazaritza arloko arbasoen ohitura eta sinesmenetan oinarrituta, sinboloz eta kolorez betetako dantzak dira.



Pas de Basque obraren bidez, bakarkako dantzari eman nahi izan diote garrantzia; dantzari bakoitzaren nortasuna agerian utziz. Bestalde, musika ere bereziki zaindu dute Pas de Basquen. Biolin, akordeoi, pandero eta perkusio doinuak entzuteko aukera izango da.



Juan Antonio Urbeltzen ‘euskal pausoa’



Juan Antonio Urbeltzek urte asko daramatza euskal dantzak, eta horien atzetik dauden historia eta tradizioa aztertzen. Lan horretatik abiatuta, dantzaren alorrean obra garrantzitsuak sortu ditu. Zortziko (1988), Alakiketan (1991) eta Kondharian (1997) dira horietako batzuk.

Bilbon ikusgai den lana, berriz, 2002an estreinatu zuen. Pas de Basque izena jarri zion, munduko herrialde gehienetan, dantza klasikoan ezaguna den urratsa aipatuz: euskal urratsa. «Urrats hori gurea dela eta horren atzean herri bat dagoela gogorarazi nahi dut».



Euskal Herriko folklore eta tradizioetan oinarritu arren, haize berria ematen saiatu dira betiko dantzei. Iraganetik abiatuta, etorkizunera begira dagoen ikuskizuna eginez.

Dokumentuaren akzioak