Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Euskal dantza tradizionaletik abiatuta, bide berriak ireki ditu Aukeran konpainiak"

Dokumentuaren akzioak

"Euskal dantza tradizionaletik abiatuta, bide berriak ireki ditu Aukeran konpainiak"

Edu Muruamendiaraz

Egilea
Gorka Etxabe Otadui (Arteman Komunikazioa)
Komunikabidea
Habe
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/05/05

Aukeran dantza-konpainiak hamaika urte bete ditu. Zein izan da zuen taldearen bilakaera?

Hiru ikuskizun egin ditugu hamaika urtetan, eta iaz egin genuen hamargarren urteurreneko ikuskizun berezia Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Sekulako arrakasta izan genuen eta oraindik ere zenbait herritan plazaratzen dugu lan hori. Orain ikuskizun berri bat prestatzen dihardugu, ekainean aurkeztuko duguna. Euskal dantza tradizionalean oinarritutako lan berri bat izango da, dantza garaikidea eta modernoa uztartuko dituena.

Zer aldatu da urte horietan guztietan dantza arloan Euskal Herrian?

Nik esango nuke asko aldatu dela. Dantza tradizionala beste era batera ikusten da. Talde asko ari da ikuskizunak prestatzen, antzokietan aurkezten. Eta gero eta dantzari gehiago dago.

Euskal dantza tradizionalari beste dimentsio bat eman diogu guztion artean. Antzokietan sartu gara eta errekonozimendu handiagoa dugu orain. Ikuspegi berritzailea eskertzen du ikusleak eta dantza-konpainiek eta taldeek gero eta gehiago arriskatzen dugu.

Euskal Herriko ikusleak ba al du ohiturarik horrelako dantza ulertzeko?

Edu Muruamendiraz HABEnOrain hamabi urte hasi nintzen gauza berriak egiten, koreografia moderno eta garaikideak sortzen, eta hasieran sekulako kritikak jaso nituen. Nire sormen-prozesuan euskal dantza tradizionala da iturri nagusi, baina arriskatzea gustatzen zait eta ikusleek gero eta gehiago eskertzen dute hori. Bide horrek jarraitzaile ugari ditu gaur egun.

Euskal dantza tradizionala aipatzen duzu behin eta berriro. Dantza-arloan bidea egiteko aukera eskaintzen al du?

Dantza tradizionalean hazitako dantzari askok dihardute gaur egun dantza-arloan munduan zehar. Iker Murillo eta Jon Agirretxe dira horietako bi. Profesional izatera iritsi dira, eta munduan zehar ari dira lanean dantza tradizionaletik abiatuta, dantza klasikoa eta garaikidea eginez. Aukera ugari eskaintzen ditu gure dantza tradizionalak.

Gaur egun Aukeran dantza-konpainia zertan ari da?

Aukeran dantza-konpainiako dantzari guztiak dantza tradizionaletik gatoz, eta orain arteko ikuskizunetan nabarmena izan da eragin hori. Nahastu egiten ditugu dantza tradizionala, klasikoa eta garaikidea. Musikak ere garrantzi handia izaten du gure ikuskizunetan eta jantzi bereziak erabiltzen ditugu. Horiek dira gure muntaien oinarrizko ezaugarriak, baina orain lantzen ari garen lana desberdina izango da. Orain arte mitologiatik abiatu baldi bagara ere, ekainean aurkeztuko dugun ikuskizunak beste abiapuntu bat izango du.

Aurreratuko al diguzu zerbait?

“Gernika” izango da ikuskizunaren izenburua. Gernikaren bonbardaketa islatzen saiatuko gara, Aukeran dantza-konpainiaren estiloan beti ere.

Nola sortu zen ideia?

ABE –Asociación Ballet Bilbao– elkartetik galdetu ziguten ea parte hartu nahi genuen. Igor Yebra dantzariak ekin zion egitasmo honi. Orain bere aita da antolatzaile. Gernikaren gaineko ideia bat zuela esan zigun eta guk garatzea nahi zuela. Gidoi berezia, musika indartsua eta Aukeran konpainiaren estiloan landutako koreografia izango ditu lan berriak. Horretan ari gara buru-belarri une honetan, koreografia hori prestatzen. Berezia izango da, besteak beste, hildakoek kontatuko dutelako Gernikako bonbardaketaren historia.

Noiz aurkeztuko duzue?

Ekainaren 10ean aurkeztuko dugu Euskalduna Jauregian, Bilbon, baina ez dugu koreografia osoa erakutsiko, tarte bat baizik. Ondoren, Donostiako Antzerki Ferian plazaratuko dugu berriro ere, eta urriaren 31n egingo dugu aurkezpen ofiziala, Gernikan.

Gertuko beste proiekturik ba al duzue?

Bai. Azaroaren 9tik 14ra Iparraldean antolatzen ari diren ikuskizun berezi batean parte hartuko dugu. Beraz, proiektuak izan baditugu, baina orduak falta zaizkigu entseguak egiteko. Ez gara profesionalak eta igarri egiten da. Orduz kanpo egiten ditugu entsegu horiek, gune ez oso aproposean, Zurriola ikastolak uzten digun areto txiki batean, eta eskerrak horri, baina leku hobe bat behar dugu. Profesionaltasunerako jauzia egitea ezinbestekoa da.

Zenbat lagunek osatzen duzue Aukeran konpainia?

Gaur egun hamabost lagunek osatzen dugu konpainia. Batek jantziak egiten ditu, beste bi laguntzaile ditugu eta hamabi dantzari gaude, horietatik sei neska eta beste horrenbeste mutil. Normalean, dantza-arloan neska gehiago aritzen dira mutilak baino, baina gure kasuan parekatuta gaude.

Zein dira taldearen ezaugarriak?

Guztiok dantza tradizionala egin dugu Aukeran konpainiara iritsi aurretik. Gipuzkoarrak gara guztiok: Pasaia, Orio, Amasa, Billabona, Lezo… Nik aukeratzen ditut dantzariak. Asko gure ikasle izandakoak dira eta gehienak ezagutzen ditugu. Era berean, irakasleak kontratatzen ditugu eta ikastaroak egiten ditugu dantza klasikoa eta dantza garaikidea lantzeko.

Ba al dago aukerarik Euskal Herrian dantzatik bizitzeko?

Ez da erraza. Ni neu profesionala naiz, baina Aukeran dantza-konpainia ez da profesionala. Eskolak ematen ditut eta hortik bizi naiz. Baina, Euskal Herrian oso jende gutxi dago dantzatik bizi dena.

Profesionaltasuna eta errekonozimendua falta zaizue, hortaz?

Esango nuke baietz. Euskal Herrian ez dago azpiegiturarik eta dantzari askok alde egin behar izan dute. Gaur egun, tuneletik irteten ari gara eta gauzak aldatzen ari dira. Arte eszenikoen anaia txikia da dantza, baina gauzak aldatzen ari dira.

Bukatzeko, beste kontu bat. Azken urteotan dantza demokratizatu egin dela esan dezakegu, ezta? Dantzariak askotan agertzen zarete orain telebistan.

Telebistan badira saio batzuk dantzarien gainekoak, estilo ezberdinak lantzen dituztenak eta dantza ezagutzera eman dutenak. Show edo reality horiek gustuko ez baditut ere, esan dezaket dantza-arloari ez diotela kalterik egin, dantza ezagutzera emateko lagungarriak izan direla.

 

 Argazkiak: Josetxo Arantzabal

 

 

Dokumentuaren akzioak