Dokumentuaren akzioak
EUSKAL DANTZA TRADIZIONALAK: MUGA ALA ZUBI?
Herri baten izaera kulturalaren adierazgarri eta bereizgarri omen da herri horretako dantza tradizionala. Bada gure dantzaren ezaugarriak beste inon errepikatzen ez direla, dantza propioa kutsatu gabe mantentzen dela pentsatzen duenik. Ikuskizun soila izan daiteke beste batzurentzat. Bada nekazal inguruko ohitura fosilizatu eta folkloriko bezala gutxietsi eta oraindik gutxiesten duenik ere. Ez dirudi, ordea, Mikel Aranburu, Emilio Xabier Dueñas, Jose Antonio Quijera, Jesus Ramos eta Kepa Fernandez de Larrinoa ikuspuntu hauekin bat datozenik. Azken honen zuzendaritzapean, bostek saiakera bana egin dute, bakoitzak Euskal Herriko mugetako dantza mota bat aztertuz, eta emaitza Pamiela argitaletxeak argitaratu du berriki, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez eta laguntzaz, eta «Fronteras y puentes culturales. Danza tradicional e identidad social» («Mugak eta kultur zubiak. Dantza tradizionala eta nortasun soziala») izenburupean.
Zonalde eta dantza desberdina, ikuspuntu desberdin batetik, aztertu du ikerlari horietako bakoitzak eta liburu berean jasoak izan arren, independenteak dira bost saiakerak. Hain zuzen, ikuspuntu aniztasun
horretan datza lanaren aberastasuna. Baina metodologian eta kontzeptuetan bat egin dute bostek eta lan guztiek ahalbidetu dute, azkenean, ondorio bateratuetara iristea.
FOLKLOREA ETA KULTURA.
Liburuaren egileek arreta berezia eskaini diete kontzeptuei. Dantza folklorearen barruan sartu ohi da usu eta iraganean ikerlariek ez diote euren lanean folklorearen azterketari tarte handia eskaini. Kepa Fernandez de
Larrinoak liburuaren sarreran salatzen duenez, gainera, folkloreari arreta eskaini zaionean, berau gutxiesteko izan da sarri. Hirian kultura egiten omen zen eta nekazal guneetan, berriz, folklorea. Hirian sormen landua, baserrian landu gabeko errepikapen hutsala.
Zorionez, badirudi azken urteotan dantza tradizionalaren eta oro har folklorearen azterketak ikerlarien errekonozimendu eta interesa bereganatu duela. Onespen honek badu seguruenik zerikusirik azken urteotan ematen ari den nekazal guneetara itzultzeko joerarekin.
Izan ere, 40ko eta 50eko hamarkadatan, euskal nekazal guneetako biztanleria hiriburuetara joan zenean, dantza tradizionalak behera egin zuen nabarmen -baita haren prestigioak ere-. Baina, garai hartako iritzien aurka eta Jesus Ramosen esanetan, «dantza tradizionala ez da bere baitan sormenik ez duen fosil bat. Hirietara hurbiltzen den nekazal guneetako biztanleek euren kultura bertara eramaten dute, modu honetan, hiria ikuspuntu desberdinak batu eta nahasten diren gune bilakatuz». Azken urteotako nekazal giroetara itzultzeko joerak, kultura tradizionalaren eta, beraz, dantzaren berreskurapena bultzatu du.
DANTZA ZENTZU ZABALEAN.
Dantza tradizionalaren azterketak bere bilakaera izan du azken mendean. Munduko dantza desberdinak aztertzeko orduan bide desberdinak jarriatu izan dituzte ikerlariek. 70eko hamarkada bitarte, batzuk dantza genero folklorikoen artean sailkatzen jardun zuten, beste batzuk genero bakan bezala hautatu zuten bere bilakaeraren azterketarako, baziren dantzen ustezko esanahietan murgildu zirenak ere. Baina Malinowski eta Boasen lanek dantza prozesu sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalekin batera aztertzeko aukera zabaldu zuten 70eko hamarkada horretan. Dena den, bi egile aitzindari hauen bidea, gerora gutxik jarraitu du.
Euskal Herriko dantzen inguruko lanetan ere, dantza bere horretan aztertzeko korrontea nagusitu da oraino. Bilketa, deskribapen edota sailkapen lanak izan dira gehienak, edota aintzinako pentsamoldekiko eta
esanahi ezkutuekiko harremanak aurkitzeko lanak. «Fronteras y puentes culturales»en bost egileek, ordea, beste helburu batek bultzaturik jardun dute: modu enpirikoan, geografia, historia eta kulturaren arteko harremanak zeintzuk diren erakustea, hortik abiatuta, dantza tradizionala identitate sozialaren sortzaile bezala aztertzeko.
Beste modu batera esanda, dantza tradizional jakin batek zein harreman du herri, probintzia, autonomia edo nazio baten nortasun kulturalarekin?
EUSKAL HERRIKO MUGAK.
Galdera horri erantzuteko bost ikerlariak Euskal Herriko bost erpinetara zabaldu ziren. Mikel Aranburu hegoaldera hurbildu zen, Ablitasko makil-dantzari so egiteko. Emilio Xabier Dueñasek mendebaldera jo zuen, Bizkaia eta Santanderren arteko mugako dantzen bila. Kepa Fernandez de Larrinoak, iparrekialdeko mugan, Zuberoako Maskarada aztertu du. Jose Antonio Quijerak, Arabatik hegoaldera, Ebro Garaian kokatu du bere lana. Azkenik, Jesus Ramos guztien erdian geratu da, Iruñean, barne mugan. Toki bakoitzeko dantza alderdi antropologiko eta etnografikotik aztertu dute ondoren, inguruko herrialdeetako dantza ohiturekin dituzten harremanak, ezaugarri komunak eta ezberdintasunak agerian utziz.
Zergatik hautatu dituzte mugako dantzak azterketarako? Zonalde bateko dantza jakin batek bertako izaera sozio-kulturalarekin harreman zuzena balu, mugak dantza jakin horren etena izan beharko luke. Eta, dirudienez, liburuan aztergai izan diren bost puntutan bederen, ez da horrelako etenik. Aztertutako dantza motek banaketa politiko guztiak gainditzen dituzte. Dantza hauen hedapena ez dator bat ez Espainia frankistaren mugekin, ez egungo banaketa politiko autonomikoarekin, ez hizkuntz maparekin ezta
abertzaleen mugekin ere. Horregatik, identitate sozio-kulturalaren eta dantzaren arteko erlazioa finkatzea zaila dela onartzen dute.
Bost egileek esaten dutena, finean zera da: oker dago makil-dantza bere herrian soilik egiten dela pentsatzen duen Ablitasko biztanlea, euskal dantzek beste inongo dantzekin zerikusirik eta harremanik ez dutela uste duen euskalduna oker dagoen bezalaxe.
Alde batetik, lehenago aipaturiko nekazal gune eta hiriguneen arteko harremanen ondoriotzat har daiteke dantzen homogeneizazioa. Oro har, hedapen eta homogeneizazio kulturularen garaiak bizi ditugula ezin ahaztu.
Dena den, ikerlari hauen ustez, homogeneizazio hori ez da soilik egungo fenomenoa eta dantza tradizionalaren azterketa erabili dute hori erakusteko. Bost saiakerek erakusten dute herrixka, bailara edota herrialdeak ez direla iraganean itxita, isolatuta egon; alderantziz, nolabaiteko korridore kulturalak
sortuz joan dira bateko eta besteko dantzen ezaugarriak, eta orokorrean ezaugarri kulturalak, han eta hemen hedatuz eta nahastuz.
Are gehiago, egileen esanetan, homogeneizazioak eurek aztertutako esparrua gainditzen du eta Euskal Herriko eta Andaluziako dantzetan antzeko ezaugarriak topa daitezkela diote. Hots, homogeneizazioak
Penintsula osoa hartu du, Portugal barne.
BEREIZTEN GAITUENA.
Dantzak ez al gaitu, orduan, herri bezala bereizten? Dantza ezin al dugu izaera kultural bereziaren ezaugarritzat hartu? Kepa Fernandez de Larrinoaren aburuz «Euskal Herriko kulturaz hitz egiten denean, isolatzen gaituenaz hitz egiteko ohitura dago. Kasu honetan, Euskal Herriko dantza bera bakarrik ikusi beharrean, beste herrietara begira ikertu dugu, auzokideekin dituen harremanak aztertu ditugu, besteengandik bereizten gaituena ulertzeko metodo gisa». Lan honen helburua ez da, hortaz, Euskal
Herrian egiten diren dantza tradizionalak gure kultur nortasunaren ezaugarri direla ukatzea. Homogeneizazioa aipatzean, eragin esparrua esan nahi da, eta ez berdintasun erabatekoa. Baina, maiz gure kultur ohiturak eta, hauen barruan, gure dantzak munduan bakarrak, inolako eraginik gabekoak eta
inongo dantzekin konparaezinak direla sinesteko joera agerian geratzen da, gaiaren inguruko ikerketen emaitzak lausotuz.
«Dantza herri guztietan existitzen den kultur adierazpen bat da, eta herri bakoitzak jakin izan du dantza hori bereganatzen» dio Fernandez de Larrinoak. Eta Euskal Herriak dantza ohitura batzuk bereganatu ditu, beste
herri batzuek beste ohitura batzuk jaso dituzten bezalaxe. Bereganatze prozesu hori bizirik dago gainera, eta etengabe alboan dituen herrialdeen dantza ohituren eragina datorkio, euskal ohiturek kanpoan eragiten duten bezalaxe. Modu honetan, Bizkaia eta Santanderrek bat egiten dute dantzan, San Ferminetan Erribera eta Mendialdea nahasten dira, Errioxako ohiturek Araba bustitzen dute hegoaldean, Ablitasko makil-dantzak ez ditu ezaugarriak soilik iraganetik hartzen...
Bost dantza, bost ikerlari eta saiakera bana
Koreografo Berrien hirugarren erakustaldiaren aurkezpenarekin batera egin zen «Fronteras y puentes culturales. Danza tradicional e identidad social» liburuaren aurkezpena. Izan ere, bi egitasmook Eusko Jaurlaritzak dantza bultzatzeko abian jarritako «Dantzara» programaren barruan daude. Programa honek euskal dantzen inguruko ikerketa ezberdinak bultzatu nahi ditu eta horretarako argitalpen trilogia bat burutzen ari da; «Invitacion al estudio de la Danza Tradicional en el Pais Vasco» lehen liburuaren
ondoren, hau da bigarrena. Bost ikerlarik parte hartu dute bertan, bakoitzak Euskal Herriko muga inguruko dantza baten inguruan saiakera osatu duelarik. Bost lanak independenteak dira, baina metodologia beretsua
erabiliz ondorio orokorretara iristea ahalbidetu dute. Egileen artean Kepa Fernandez de Larrinoa dago, lanaren bultzatzailea eta sarrera burutu duena.
Ablitasko makil-dantza
Mikel Aranburu Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakaria hegoaldeko mugara hurbildu da, Ablitasko makil-dantza aztertzera.
Errosarioko Ama Birjinari eskaini ohi zaion dantza berriki berreskuratu dute bertakoek. Makil-dantza honen ezaugarriak azaltzeaz gain, Aranburuk, adibide honen bidez, tradizioa berreskuratzean tradizio horrek jasan
ditzakeen berrikuntza mekanismoak ditu aztergai, baita izaera kolektiboaren indartzean tradizio hauek duten eragina ere.
Lanestosako festa eta dantzak
Bizkaiko mendebaldeko mugara joan zaigu «Dantzariak» aldizkariko erredakzioko kide den Emilio Xabier Dueñas bere azterketa burutzeko. Lanestosa herriko zein Bizkaiko mugaz bestaldeko, hots, Santander
ekialdeko dantzak ikertu ditu, bi zonaldeetan konpartitzen diren dantza tradizionalen antolaketa, hedapena eta ezaugarriak eskaintzeko.
Dantzaren esparrura mugatu gabe, musika eta oro har festen inguruko informazio ugari bildu du Dueñasek liburuaren bigarren atal honetan
Zuberoako Maskaradak
Iparrekialdeko muga, Zuberoa beraz, hautatu du Kepa Fernandez de Larrinoa EHUko Antropologia irakasleak bere ikerketarako.
Maskaradaren ezaugarri, egitura, hedapen eta interpretazio desberdinen azterketa bitarteko, egileak dantza, festa eta gizartearen arteko harremanak zeintzuk diren zehazten ditu. Bere saiakeraren lehen zatian Ferandez de Larrinoak gehienbat dantzaren barne egiturari erreparatzen dion bitartean, bigarren zatian alderdi geografikoak aztertzen ditu batez ere
Dantza eta kultur izaera Errioxan
Ebro Garaiko muga gainditu eta Errioxako dantzen inguruan dihardu Jose Antonio Quijera Eusko Ikaskuntzako folklore saileko lehendakariak liburuaren laugarren saiakeran. Bertako dantzaren musika, hitz, koreografia, mito eta ereduen ezaugarriak xehe azaltzeaz gain, aldaketa sozialek dantzan duten eragina ere aztertu du Quijerak bere lanean.
Horren guztiaren bitartez, Errioxan egiten diren dantzek bertako izaera kulturalaren erakusgarri ote direnentz hausnartzen du ikerlariak
Iraganeko San Ferminak
Gainontzeko egileek egungo lekuko etnografikoei begira jardun duten bitartean, Jesus Ramos ikerlariak XVII eta XVIII. mendetako dokumentaziora jo du. Eta besteak Euskal Herriko kanpoko mugetara hurbildu diren bitartean, azken honek barne muga batean kokatu du bere ikerlana, Erribera eta Mendialdearen arteko mugan, Iruñean.
San Ferminetako dantzetan bederen, barne muga hori, muga baino bi errealitateen arteko zubi izan zela azaldu du Ramosek bere atalean
Dokumentuaren akzioak