Dokumentuaren akzioak
Euskal dantza tradizionala, ikuskizun bihurtuta
Sutargi ikuskizunarekin lortutako arrakastaren ildotik eta ia zazpi urteko ibilbidearen ostean, Aukeran konpainiak lan berria aurkeztu zuen iaz: Izena duen guztia omen da
Izena duen guztia omen da mitoetan oinarrituta dagoen ikuskizuna da. Bertan euskal tradizioan oso sustraituta dauden pertsonaiak agertzen dira: euskal mitologiaren emakumezko jeinu gorena den Mari; gizaki eta artaldeak jaten zituen suge itxurako jeinu gaiztoa; Basajaun, basoetako jauna edota euskal mitologian emakume itxura baina ahate oinak dituzten Lamia famatuak, besteak beste. Lan berri honekin konpainia egonkor moduan finkatzea du helburu Aukeran-ek. 10 dantzarik hartzen dute parte (horietatik lau gizonezkoak dira eta beste sei, berriz, emakumezkoak). Era berean, musika zuzenean aurkezten da Muruamendiarazek berak landutako koreografiarekin bat eginez. Bilboko Arriaga Antzokian datorren apirilaren 24 izango dira.
Zortzi minutuko iraupena zuen Aukeran koreografia izan zen izen bera daraman dantza konpainia gipuzkoarraren abiapuntua. Edu Muruamendiarazek sortu eta zuzentzen duen dantza taldeak 1997. urteko Euskal Koreografoen lehen erakusketan hartu zuen parte estrainekoz. Lortutako arrakastaren ildotik, handik urte batera beste koreografia bat prestatu zuten. Akilimarro deitzen zen bigarren lan txikiarekin ere Euskal Koreografoen erakusketan izan ziren. «Ikusi genuen jendeari gustatu egiten zitzaizkiola guk egiten genituen gauza horiek eta, beraz, konpainia sortu genuen ez bakarrik koreografiak egiteko, baizik eta espektakuloak egiteko. Horrela, taldea 1997. urtean sortu bazen ere, ikuskizunen mundura 1998. urtean egin genuen jauzia», dio konpainiako zuzendari Muruamendiarazek.
Dantza txapelketa ugaritan ibilitakoa da Edu Muruamendiaraz. «Horietan nituen asmo eta gogo guztiak asetu nituenean, ordea, konturatu nintzen bazegoela dantzaren mundura lotuta jarraitzeko beste bide bat, ez bakarrik txapelketarena. Horregatik heldu nion dantza konpainia sortzearen proiektuari», azaltzen du Muruamendiarazek.
Dantzarako grinak eta, zergatik ez, maitasunak bultzatutako ekimen horrek bidea astiro-astiro hasi zen egiten, jendearen txalo eta onespenak bultzatuta. Gero eta koreografia eta ikuskizun gehiago hasi ziren lantzen eta 1999. urtean musikariak sartu ziren taldea osatzera. Bi txalapartari izan ziren hasiera, eta handik gutxira, musika gehiagoren beharra ikusita, trikitixa, txirula eta ahotsak heldu ziren Aukeran dantza konpainiara.
Sutargi
2001. urtean konpainiak bere estraineko ikuskizun potentea taularatu zuen. Sutargi lanak kritikaren laudorioak jaso zituen, baita ikus-entzuleen txalo zaparradak ere Muruamendiarazek berak dioenez horiek dira lortzen zailenak. Ordura arte egindako koreografia guztiek bat egiten zuten Sutargi ikuskizun koloretsu eta zirraragarrian: «Koreografia guztiei aurpegi garbiketa bat egin genien eta ordu bat baino gehiagoko ikuskizuna sortu genuen», dio Eduk. Espektakuluaren arrakasta erabatekoa izan zen eta horren eredu dira konpainiak egin zituen 60 emanalditik gora. Atzerrian, Frantzia eta Espainia aldean, ere zazpi emanaldi inguru eman zituzten, horretan ere, kritikaren laudorioak jasoaz. Urteetako lanaren ostean, arrakastaren zaporea dastatzen hasi zen Muruamendiarazek gidatutako proiektua.
Hain zuzen ere, lortutako arrakasta hori pizgarri izan zen proiektuarekin aurrera jarraitzeko. Jendearen onespenak eta jasotako laudoriek emandako indar berriekin, iaz estreinatu zuen konpainiak bere bigarren espektakulu handia: Izena duen guztia omen da, gaur egun ikusgai dena.
Aitzindariak
Identitate propioa duen dantza konpainia da Aukeran. Gaur egun hamar dantzarik, bost musikarik eta teknikoek osatzen dute taldea. Horrelako formato txiki batean aitzindari den konpainia izan da, gainera. «Orain arte denak izan gara dantza talde tradizionalean aritutakoak. 60-70 laguneko taldeak ziren horiek. Aukeran taldean, ordea, formato txikiago bati heldu diogu. Dantzari eta musikari gutxik osatzen dugu taldea eta asmoa kalitateko ikuskaria lor-tzea da. Formato hori landu dugun estraineko taldea izan gara eta horrek bere abantailak eta eragozpenak ditu. Lau urte pasa ostean, ibilbide bat daukagu. Antzokietan sartzea lortu dugu eta hori euskal dantzetan oinarritutako espektakulu batentzat nahiko zaila zen orain arte», azaltzen du Muruamendiarazek.
Mentalidadearen aldaketa aldarrikatzen du bergararrak. Askotan dantzan, eta beste hainbat kultur ekimenetan ere, kanpora, atzerrira, so gelditzen da jendea. Etxekoa ez denaren kalitatea mirestea eta hura goratzea kirol zabaldua da gurean ere: «Gure asmoa jendeak hemen egiten dugunaren berri izatea da. Zaila dela?, hori jakin badakigu, baina hori da gure helburua».
Tradizioa oinarri
Dantza tradizionala dute oinarri Aukeran dantza konpainiak landutako ikuskizunek. Ez dute tradizioa ahazten, baina hortikan aurrera euren ereduak lantzen dituzte dituzte. Ez dute, ordea, ezer aldatzen: «Tradizioa mantendu behar da. Ni ez naiz inor hori aldatzeko. Gertatzen dena da nik beste bide bat jarraitzen dudala. Jendea, dantzariak, lehengo gauzetaz aspertuta daudela iruditzen zait edo behintzat eboluzio hori nabaritu dut nik. Gauza berriak egin nahi dituzte».
Dantza da Aukeran konpainiak prestatu eta garatzen dituen ikuskizunen oinarria. Hala ere, dantza horrek hainbat apaingarri dituen soinekoa janzten du. Dantzaz gain, musikak, argiztapenak edo jantziek ere paper garrantzitsua jokatzen dute eszenatokian bertan. Horiek guztiek eskaintzen dituzten baliabide indibidualak uztartuz, dizdira berezia duen ikuskizuna lortzen da bat gehi bat ez dira bi esaera famatuak zentzua hartzen du Aukeran-en dantza ikuskizunetan.
«Dantzak izan ditzazkeen gabeziak, musikaren edo argiaren ezaugarri onuragarriekin osatzen da. Dena da inportantea ikuskizun bat prestatzerakoan. Dantza da oinarria bai, baina beste guztia ezin da alde batera utzi», argitzen du Edu Muruamendiarazek berak. Zentzu horretan Aukeran dantza konpainiako zuzendariak argi dauka ikuskizunak asko galduko lukeela dantzara bakarrik mugatuko balitz: «Zenbat kalitatezko gauza gehiago sartu, are gehiago eskertuko du ikuskizunak».
Dokumentuaren akzioak