Dokumentuaren akzioak
Euskal dantza rap erritmoan
Garaztarrak dantza taldeak ikusgarri berri eta apurtzailea aurkeztuko du bihar Izpuran
Lan berri bat, ohiturazko euskal dantza eta sorkuntza nahasten dituena, 50 urteak behar den bezala ospatzeko aitzakiarekin. Orotara 30 bat dantzari gazte dira ekimenaren oinarrian. Ikusgarria bera Patrick eta Christian Larralde anaien laguntzarekin muntatu dute. Loturarik gabe elkar segitzen duten dantzen zerrenda bat baino, ikusgarri oso bat dute landu azken hilabete hauetan. Emaitza? Istorio bat. Lehengo Euskal Herritik gaur egungoa arte doana, euskal dantzek bizi aldaketetan sustraiturik. Dantza pare bat ez dira berriak, baina gainerako guztia moldatu egin du taldeak. Adierazgarrienak ikusgarriaren bukaerakoak izan daitezke, hip hop dantza erritmoak nahasten baitituzte. Rap doinuarekin hasi eta ondotik Fandangoa josten dute dantzariek, eta rock and roll aireak Arin-arina-rekin elkartzen dituzte. Pretentsiorik gabe, jakinez «amateur talde bat baizik» ez direla, euskal dantzaren munduari mezu bat helaraztekotan hauxe izan daiteke Patrick Larralden iritziz: «Erritmo modernoekin ere euskal dantza egiten ahal dela. Asmatzen ahal dira gauza berriak. Asmatu behar dira». Funtsean, azken aldi honetan azkartzen ari den haize berri baten seinalea besterik ez dela ikusgarri hau uste du Larraldek. Beste herri frankotan hasiak baitira ideia berriak ekartzen. Luhuson egiten den dantza sorkuntza txapelketaren arrakasta lekuko. «Eta azken finean, guzti horretarik biziki emaitza polita jalgitzen ari da», ohartarazten du Larraldek.
Folkloretik haratago
Ikusgarria bera taldeak 50 urtez bizitakoari behako bat egiteko aukera izan da dantzarientzat, eta bereziki, Garaztarrak dantza taldearen iragan folkloristari. «Jatorrian euskal dantzak herriko biziarekin lotura zuzena baldin bazuten denbora aitzinatzearekin gauzak aldatu dira. Dantza folklore bilakatu da. Ikusgarriak turistentzat egiten ziren. Herriko biziarekin batere loturarik izan gabe Garaztarrak dantza taldeak bizi izan duena, hain zuzen», Larraldek zioenez. Ironia anitzekin erakutsiko dute garai hori ikusgarrian preseski.
Aste buru honetako hitzorduaz gain, udan zenbait emanaldi egitekoak dituzte Donibane Garazin bertan. Eta irailean Basaurin aritzekoak dira.
Dokumentuaren akzioak