Dokumentuaren akzioak
Euskal dantza oraiko neskei egokitzen
Baigorriko gazteek igandean estreinatuko duten Ama Alabak sorkuntzan bertso eta antzerkiak sartzeaz gain, Basandereak dantza berria ere aurkeztuko dute, lehen aldiz.
Nesken dantzen zerrenda aberasteko asmo batetik abiatu dira duela bospasei hilabete: «Nesken dantzen estiloan eskas bat sentitzen genuen. Denak motelak dira. Beti inpresio berarekin gaude: neskak lore poteak garela. Ikusgarriaren betetzeko bakarrik gaudela hor. Mamia mutikoena da, haien dantzak dira erakargarrienak», deritzo Argia Oltzomendi proiektuan parte hartzen duen neska gazteak. Ordu zen lore potetik aktore bihurtzea, haien iritziz. Argi zuten baita, mantala, barneko motx eta zaia pisu eta luzeak «ez zituztela gehiago ikusi nahi!».
Horretatik guztitik partitu eta Basandereak-ekin euskal dantzari proposamen bat egin nahi diote: «Beste dantzak baino fisikoago da, biziagoa. Gaur egungo neskentzat egokia den dantza bat asmatu nahi genuen. Plazerrez emateko».
JOTAK, BANAKO, ROCK'N' ROLL ETA JAUZIAK. Ez dituzte jatorriak ukatu nahi izan, ordea. Urratsak Baxenabarreko jauzi, Nafarroako jota, Bizkaiko banako, fandango eta arin-arinetan oinarritu dira baltsa eta rock'n' rollaz gain. Dantzaldietan neskek dantzatzen dituzten dantzak erabili dituzte.
Alde femeninoa mantentzea garrantzitsua zitzaien baita, jantzietan agertzen den bezala. Euskal mitologiako oihaneko basandereaz inspiratuta, Pantxika Prat jostunak asmatu arropak motzak dira: «Nahitara. Gorputzaren erakusteko orain arte izan ahalkea hausteko. Jantzi hauekin izterrak ageri dira eta batzuetan kulota ere bai!», dio erdi irriz Oltzomendik. Gaita hutsean emana den musikari dagokionez, Patxi Bidart izan da sortzailea. Hor ere emaitzaz pozik daude neskak: «Asmatu du arrunt neska dantza baten airea lortzen».
Baina Ama Alabak ikuskizuna ez da hori bakarrik. Dantzen sailean, Basandereak dantzaz gain, Euskaldunak Sorginak emanen dituzte neskak integratuz, soinean jean galtzak dituztela. Hari beretik Nafarroako Teilarin neskek emanen dute.
Aparte, antzerkiak ere ukanen du bere lekua. Emazteaz mintzatzeko baliatuko dute horren hitza, preseski: «Interesatzen zitzaiguna emaztea bere buruaz trufatzea zen, autoderizioan aritzea. Ez da batere gizonaren aurka zuzendua», zehaztu du Oltzomendik. Eta antzerkiaren komentatzeko, nolaz ez, bertsolariak gomitatu dituzte, eta ez gutxi gainera: Bixente Luku, Bixente Hirigarai, Mixel Xalbador, Bittor Elizagoien, Elorri Ameztoi eta Maialen Arzallus.
Ikusgarriaren azken ahotsa kantuarena izanen da. Amets Arzallusek kantu bat idatzia diela , Maitena Monaco, Maitena eta Terexa Goikoetxea eta Asteazkenekoak ariko dira kantuz.
Emanaldi hau behin bakarrik ematen dute. Baina baliteke Basandereak dantza Arrolak bere ikusgarriko dantzen zerrendan sartzea. Hala bada, igandeaz aparte izanen da berriz ikusteko beste aukerarik.
Dokumentuaren akzioak