Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantza gurean

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza gurean

Itsasi eta Sahatsa dantza taldeek beren sorreraren 25. urteurrena bete dute.

Egilea
Nerea Aranburu
Komunikabidea
Uztarria
Mota
Erreportajea
Data
2002/01/06

Sahatsa eta Itsasi dantza taldeak ospakizunetan murgildurik aurkitzen dira, aurten bete baitira 25 urte sortu zirela. Denbora asko igaro da hasiera haietatik, eta zenbait gauza aldatuz joan dira; esate baterako, dantzak. Itsasi taldearen arduradun nagusienetako Xabier Bidezabalen hitzetan, “hasiera-hasieratik taldea euskal kulturaren alor garrantzitsu bat izan da, eta gu, urteak aurrera doazen heinean, bere osoan mantentzen saiatu gara”. Hala ere, hori lortzea oso zaila izan dela dio hark, “ia ezinezkoa baita gaur egun dantzak lehen ziren bezala gordetzea. Irakasle bakoitzak gauzak aldatu egiten ditu, eta, horrela, orain dantzatzen diren zenbait dantza oso desberdinak dira lehenengo urte haiekin alderatzen baditugu”.



Sahatsa taldeko arduraduna ere, Juan Luis Lizabe, ados dago aldaketak egon direla esaterakoan: “Nire ustez, egon diren aldaketak handiak izan dira, eta adibide bat jartzerakoan motibazioarena esango nuke”. Haren esanetan, garai hartako motibazioa abertzaletasunean eta politikan oinarriturik zegoen. Hori horrela izanik, jendeak euskal dantzak ikasteko orain baino askoz ere “motibazio handiagoa” zeukan.



EGITURAN ALDAKETAK.

Talde barneko egiturak ere zenbait aldaketa sufritu dituela diote bi taldeetako arduradunek. Itsasiko Bidezabalen esanetan, “lehen taldea pertsona baten eskutan zegoen, bera arduratzen zen gauza guztiez”. Baina, urteek aurrera egin ahala, beste formula bat jarri dute martxan: “Gaur egun taldeko partaide ezberdinez osatutako mahai bat dago. Mahai horretan hartzen dira erabaki guztiak”. Orain arte modu horrekin oso ondo funtzionatu du taldeak, eta aurrera begira ez omen dute aldaketak egiteko asmorik. Sahatsa Dantza Taldean ere antzeko zerbait gertatzen da, hala dio Lizabek: “Taldearen buru bezala zuzendari bat dago. Horren ondoren zuzendaritza batzordea eta batzar bat daude. Batzar horretan, hain zuzen, hartzen ditugu taldeko erabaki guztiak”.



Baina, Itsasiko Xabier Bidezabalek dio “garai honetako aldaketa edo aurrerapen garrantzitsuena teknologiarena” dela. Interneta eta komunikazio bideak asko zabaldu dira azken urte hauetan; horri esker, taldearen izena ere munduan zehar hedatuz joan da.



TALDEAK INDARTUZ.

Itsasi eta Sahatsa Dantza Taldeak urteekin osatzen eta indartzen joan dira; momentu hauetan bi dantza talde sendo bihurtu dira. Itsasi Euskal Kultur Taldea dantzari, ttuntturro eta musikariek osatzen dute. Alde batetik, helduen taldean 24 neska eta 16 mutil daude; txikien dantza eskolan, berriz, 140 umek dihardute euskal dantzak ikasten. Dantzariez gain, musikariak daude: 14-15en bat guztira.



Sahatsa Dantza Taldea azpeitiarrek (%60) eta azkoitiarrek (%40) osatzen dute. “Normalean erdi eta erdi ibili izan dira. Urte batzuetan azpeitiar gehiago egon dira, eta beste batzuetan alderantziz”. Gaur egun, Azpeititik jende gehiago joaten dela dio bertako arduradunak, Lizabek. Sahatsa, dantzari eta musikoak kontuan hartuta, 70 lagunek osatzen dute.



Bi dantza taldeek, Itsasik eta Sahatsak, atzerrian ere ezagunak izatea lortu dute, urteetan egindako lanagatik. Itsasi taldea lehen aldiz 1985. urtean irten zen atzerrira: Valladolidera (Espainia). “Harrezkero, ia urtero izan dugu kanpora joateko aukera, nahiz eta pare bat urtetan ezin izan dugun joan”. Pasa berri den udan Siziliako (Italia) jaialdian parte hartzeko aukera izan zuten. Urte horietan denetan hainbat herrialdetan izan dituzte emanaldiak; besteak beste, Ingalaterran, Holandan, Frantzian, Belgikan, Bielorrusian eta abar. Sahatsa taldeak ere han eta hemengo jaialdietan parte hartu izan du. 1987an atera ziren lehenengo aldiz, Zaragozara (Espainia), han egiten zen jaialdi batean dantza egiteko. Handik aurrera, urtero joan dira norabaitera: Madril, Castello, Suitza, Grezia...



Hogeita bost urte hauen balantzea egiteko orduan, bi taldeetako arduradunak bat datoz: balantzea oso ona dela diote biek. Nahiz eta hasierak beti gogorrak izan, merezi izan duela diote. Itsasi eta Sahatsa momentu onean daude eta oso pozik aurkitzen dira Bidezabal eta Lizabe. “Hemendik aurrera ere horrela izatea espero dugu”, diote biek.





Itsasik ospatuko duena



Otsailean: Argazki erakusketa egingo du.



Martxoa-apirila: Arropa erakusketa herriko dendatan.



Maiatza: Liburuaren eta bideoaren aurkezpena.



Uztaila: 27an, Luarna Lubre taldearen kontzertua.



Iraila: Dantzari Eguna.



Azaroa: Itsasin ibilitako guztiekin dantza jaialdia.



Abendua: Itsasi Eguna.





Itsasi atzerrian



Wismar. 1995. urtean Itsasi Dantza Taldeak Alemaniako lurralde honetan egiten den jaialdian parte hartzeko aukera izan zuen. Argazkian ikus daiteke bertako jaialdian egin zuten dantza horietako bat; Amarauna dantza, hain zuzen ere.



Concarneau. Orain dela hiru urte -1999an- joan zen Itsasi Dantza Taldea Frantziako herrialde hartara. Bertan antolatu zen jaialdira joan ziren dantza taldeko kideak.



Sizilia. Itsasi taldeak atzerrira egin duen azkeneko bidaia Italiako irla hartara egin du, 2001eko udan. Hango jaialdian dantzatzeko gonbidapena jaso zuten, eta ez aukera alferrikaldu.



Juan Luis Lizabe (Sahatsa-ko arduraduna)

«Hasierako garai haietan honelako gauzetarako gaur egun baino kontzientzia handiagoa zegoen»



Sahatsa dantza taldea 1976. urtean sortu zen, Urrestillan. Sorreraren eta geroko kontuen inguruan hitz egin dugu taldearen arduradunarekin: Juan Luis Lizaberekin.



Nolatan dantza talde bat sortzeko ideia?



Urrestillako jendearen ideia izan zen. Bertako gazteek kultur talde bat sortzeko gogo handia zuten. Eta dantza arloan hutsune zabala ikusten zutenez, dantzak ikasten hasi ziren. Hori 1976aren erdialdean izan zen.



Garai zailak zirenez, oztoporik izan al zenuten taldea sortzeko orduan?



Ez. Jakina denez, diktadura amaierako urteak ziren haiek, eta jendeak oso sentimendu abertzalea bizi zuen. Sentimendu hori azaltzeko modua euskal kulturaren barnean zeuden hainbat gauzez baliatzea zen; adibidez, euskal dantzak ikasiz.



Jendearen aldetik nolako erantzuna izan zenuten?



Oso ona. Jendea berehala hasi zen interesa erakusten, eta segituan osatu zen taldetxoa.



Zenbat pertsonak osatzen zen sasoi hartan Sahatsa taldea?



Hasiera batean jende gutxiri erakusten zieten dantzan. Taldea hamar mutilek eta dozenaren bat neskek osatzen zuten; baina, denbora gutxian, Azpeititik eta Azkoititik jendeak interes handia erakutsi zuen. Beraz, lehen urte haietako talde txiki hura handi bihurtzea posible zela ikusi zuten, eta hortik taldea sortzeko ideia.



Non entseatzen zenuten?



Hasieran Urrestillako plazan. Eguraldi txarra egiten bazuen, orduan eliza azpira joaten ginen. Eliza gaineko lokal txiki bat ere erabiltzen genuen, baina materiala eta arropak gordetzeko.



Sorreran zein zen helburu nagusiena?



Ez dakit garbi, baina entzun dudanaren arabera, garai hartan euskal dantzen barruan zegoen hutsunea betetzea zen helburua. Behin taldea osatzeko aukera ikusi zenean, hurrengo helburua taldea euskal dantzen erakusle bihurtzea izan zen. Orduan gaur egun baino kontzientzia handiagoa zegoen honelako gauzetarako.



Ondorengoei euskal dantzak erakusteko sortu zen Itsasi

Oargiri lekukoa hartuz une zailetan



Itsasi taldearen lehendabiziko jendaurreko emanaldi bat.



Azpeitiko Itsasi dantza taldea 1976. urteko udazkenean sortu zen, urri aldera hain zuzen. Urte batzuk lehenago bazen herrian beste dantza talde bat, Oargi izenekoa. Oargiko partaideen arteko harremanak okertzen hasi ziren eta berehala jabetu ziren zerbait egin beharra zegoela. Beraz, irtenbidea bilatzeari ekin zioten.



Pena eta samindura harekin, partaide batzuk (Mikel Larrañaga eta Begoña Aizpuru) beren seme-alabei eta hauen inguruko lagunei dantzak erakusten hasi ziren. Orduan sortu zen Itsasi. Hala ere, ez ziren urte onak izan Itsasirentzat lehendabiziko haiek. Frankismoaren ondorengo urteak bizi izan zituen taldeak. Baina une aproposa zela pentsatu zuten gustatzen zitzaien hura aurrera eramateko. Hasierako helburu nagusia, zekiten guztia beraien ondorengoei erakustea zen, hainbat urtean ikasitako euskal dantzak ez galtzeko, eta ahal zen moduan gizartean bizirik mantentzeko. Lehendabiziko urteetan jendeak oso ondo erantzun zuen. Horren argibide da honoko datua: hasieran talde finko bat zegoen, hamar lagunek osatua. Baina hirugarren urtean 30-40 lagun zeuden jadanik taldean. Gazte askok dantzak ikasteko gogoa zuten, eta dantza eskola jarri zen martxan. Lehenengo urteetan, arduradunek beraiek Oargin ikasitakoak erakusten zizkieten. Baina, denbora igaro ahala, zerbait berria ikasteko gogoa sortu zitzaien. Horrela, zenbait jenderen laguntzaz beste herrietako dantzak eta ohiturak ezagutzeko aukera izan zuten.



KARASUSAREN LOKALEAN

Lokal aldetik ere arazo ugari izan zituen taldeak. Lehendabiziko urteetan, Karasusak utzitako tailer zahar bat erabiltzen zuten entseatzeko; argia eta dena berak ordaintzen zituen. Gero Udalak hartu zuen bere esku argiaren eta uraren ordainketa. Hala ere, lokal hura ez zela aproposena-eta, beste bat eskatu zioten Udalari. Hamabi urteren ondoren, Udalak beste lokal bat utzi zion taldeari. Utzitako lekua zaharkitua zegoen, eta egokitzeari ekin zioten. Diru askorik ez zutenez, bakoitzak ahal zuen bezala materiala lortu (gurasoek lana egiten zuten tailerretatik egurra eta oholak hartuz...), eta era horretan lokala txukun samar jarri zuten.



Itsasi dantza taldearen jendaurreko lehenengo emanaldia sortu eta urtebetera izan zen, 1977an, herrian, Loiola auzoan. Harrezkero, ezin konta ahala emanaldi egin ditu.



Dantza

Sahatsak ospatu duena



Uztailak 7: Taldekide eta taldekide ohien bilkura egin zen. Eta batzarraren ondoren afaria.



Irailak 16: Nazioarteko Folklore Jaialdia Azpeitian.



Irailak 22-30: Betharram ikastetxean jantzien erakusketa.



Urriak 6: Miarritze balleta.



Azaroak 17: Lehena eta oraina bateginik jaialdia.



Abenduak 2: Urrestillan jaialdia eta bukaera emateko bazkaria.



Cantonigros. 1990ean Sahatsak Kataluniako Cantonigrosera egin zuen atzerrirako bere hirugarren irteera. Bertan ospatu zen VII. Nazioarteko Dantzen Lehiaketan saria lortu zuten Azkoitiko eta Azpeitiko dantzariek.



Madril. 1993. urtean beste bidaia bat egin zuten, oraingo honetan Alcobendasen (Madril, Espainia) urtero egiten den jaialdira. Urte hartan ospatu zen Alcobendas-eko VI. Nazioarteko Folklore Topaketa. Euskal Herriko ordezkari bezala joan zen Sahatsa. ( )



Grezia. Sahatsak bi urtean eduki du Greziara joateko aukera, eta ez du hutsik egin. 1996an Lefkada-ko XXXIV. Nazioarteko Dantzen Jaialdian izan zen; 2000. urtean, berriz, Agrinioko III. Nazioarteko Dantzen Jaialdian hartu zuen parte taldeak.

Dokumentuaren akzioak